28 OCT. 2025 - 14:48h Asterix eta Obelix Lusitaniara ezagutzera doaz, euren bildumako 41. albumean Fabrice Caro gidoilariak eta Didier Conrad ilustratzaileak elkarrekin sortzen duten bigarren albuma da ‘Asterix Lusitanian’, heroi galiarrak lehen aldiz Portugalera eramaten dituena. Fadoaren melankolia arma bezala erabiltzen duten pertsonai berriak ezagutuko ditugu oraingoan. Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo. GAUR8 Asterix eta Obelixen komikien ale berria argitaratu zuten urriaren 23an, Portugalen berebiziko jakinmina piztuz. Izan ere, Lusitaniara lehen aldiz joango dira heroi galiarrak. FabCaroren gidoia eta Didier Conraden irudiak dituen bigarren alea da ‘Asterix Lusitanian’. Horiek lekukoa hartu zioten Albert Uderzo eta René Goscinny sortzaileei. Komikiak urte bakoitietan argitaratu ohi dituzte, eta urte batean Galian gertatzen bada abentura, hurrengoan bidaian doaz protagonistak, txandaka. Komikien 41. ale hau 19 hizkuntzetan argitaratu da, baita euskaraz ere. «Lehen pausoa lekua hautatzea izan zen. Pentsatu nuen, "goazen Lusitaniara!", eta gero konturatu nintzen Lusitaniari buruz gutxi nekiela. Beraz, ikertzen hasi nintzen, antzinako historia, eta Viriatusekin egin nuen topo, Vercingetorix lusitaniar bat bezalakoa dena. Baita ere jakin nuen Erromatar munduan garum-a ekoizten lehena izan zela, eta Erromako Zesarraren jauregira ere eraman zuela. Eta buruan zerbait piztu zitzaidan: hori izan daiteke istorioaren abiapuntua», azaldu zuen Fabrice Caro gidoilariak.Lusitaniarren ezaugarri bezala euren musikari, fadoari eta horren baitan hain garrantzitsua den saudadeari, heldu diote. «Nola egin txantxak hain melankolikoa den zerbaitetik? Erronka izan zen hori, komedia hortik egitea. Beraz, fadoa hain tristea da arma bezala erabiltzen dutela: erromatarrak lur jota uzten ditu», argitu zuen FabCaro bezala ezaguna den idazleak. Hain ezagunak eta maitatuak diren pertsonaien estetika bizirik mantentzea ez da lan erraza izan Didier Conrad ilustratzailearentzat. «Plazer bat da, baina etengabeko erronka ere bai. Suposatzen da beraien estiloa mantendu behar dudala, baina era berean nire ekarpena egin haiek bizirik mantentzeko. Etengabeko lana da. Inprimatuta ikusten dudan bakoitzean akatsak ikusten ditut eta zertan hobetu behar dudan konturatzen naiz. Horrela sentitu naiz hasieratik», adierazi zuen bere kezka. Conradek lan tradizionalari eusten dio, dena digitala den garai honetan: «Lehenengo arkatzarekin egiten dut, eta gero tintarekin errepasatzen dut. Ez dut tableta grafikorik erabiltzen. Eskaneatu eta photoshop bidez lerroak garbitzen ditut, baina ez dago lan digitalik; lehen inprentan egiten zen lana egiten dut, besterik gabe». Publiko guztiari zuzendua «Uste dut ondo funzionatzen duen bilduma dela –esan zuen FabCarok–, batzuetan iruditzen zait helduentzako gaiak lantzen ari naizela, baina hori da Goscinnyren estiloa. Bere ardura ez zen haurrentzako edo helduentzako sortzen ari zen; gidoia egiten zuen eta kitto. Kontraz, zerbait hezitzailea badela uste dut, irakurlea janzten duelako. 10 urteko haur batek agian ez du txantxa bat ulertuko, baina ulertuko du 15, 20 edo 40 urterekin. Batzuetan 50ekin ere ordura arte ikusi gabeko gauzetaz konturatzen gara. Horregatik, uste dut ‘Asterix’ hezkuntza-tresna aparta dela». Asterix eta Obelixen abenturak hain ezagunak dira mundu osoan ezen album berri bat ateratzen den bakoitzean, irakurleak segituan joaten direla erostera. Oraingoan, zoramenta Portugalen bertan eman da, bertakoek euren kultura galiarren istorioetan nola txertatu den jakiteko gogoa dutelako.Susana Sequeira komikia erostera joan zen argitaratu zen egunean bertan. «Nire 8 urteko semeak bilduma osoa du eta ale berri hau ateratzeko irrikitan zegoen, batez ere gure herrialdean gertatzen delako», aipatu zuen. Guilherme Penteadok goiza lanpetua izan zuen, jendea etengabe sartzen baitzen bere liburu-dendan. «'Ils sont fous ces portugais!', eta benetan zoroak daude Asterixengatik. Gaur dendan egon den mugimenduak frogatzen du. Ni ez nintzen Asterixekin hazi; askoz beranduago hasi nintzen komikiak irakurtzen, baina uste dut egia borobila dela jarraitzaileak ez direnentzat ere, haiekin hazi ez direnentzat ere, saihestezinak direla».