GAUR8

Nor ari da Amazonia erretzen?

Suak larreak garbitzen ditu, eta nekazarientzat lurra ongarriz betetzeko modu aparta da. Baina aldaketa klimatikoaren ondorioz begetazioa oso lehorra dago, eta sua zabaltzea erraza da. Iaz Amazoniako 18 milioi hektarea erre ziren, Lula da Silvaren gobernuak eten nahi zuen deforestazioa areagotuz.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


«Jon Gorria» Brasilgo Amazoniako lur-jabeen eta abeltzainen ezagun zaharra da. Larreak merke garbitzen laguntzen du, baina lur belztua eta zuhaitz erreak ere uzten ditu atzean, planetako oihan tropikal handiena mehatxatuz. Brasilgo iparraldean sua hain dago errotuta abeltzaintzan, ezen bertakoek «Joao Vermelho» (Jon Gorria) ezizena jarri dioten. Suteak eragiteari uztea ia pentsaezina da haientzat.

«Sua larreak mantentzeko modu merkea da. Langileak garestiak dira, pestizidak garestiak dira, dronak eta hegazkinak garestiak dira. Hemen ez dugu inolako finantzaketa publikorik», azaldu zuen Antonio Carlos Batista Xao Felix do Xingu herriko nekazariak.

Alde batetik suak ongarri moduan eragiten duen bitartean, bestetik kalteak ekartzen ditu.  Gleyson Carvalho, Bom Jardim Ranch-eko arduraduna da: «Kontrolatu gabeko suteak oso krudelak dira animalientzat. Dena erretzen dute, eta gero ez dago janaririk, beraz, behiak argaldu egiten dira eta sufritu egiten dute. Iazko suteak oso mingarriak izan ziren guretzat».

Sao Felix do Xingun dagoen Kayapo herrixka indigeneraino iritsi zen sua. Maria de Fatima Barbosa bertako eskolako irakaslea da, eta bereziki urduri bizi izan zituen suteak. «Behin esan nion lankideari: 'Indigenen komunitateko agintariei alde egiteko baimena eskatu beharko diegu', arnasa hartu ezin genuelako, eta jendeak espazio itxi hartan bizi eta lo egiten zuelako. Goizean dena kez beteta zegoela altxatzen ginen. Hemen ere, denak kearen kiratsa zuen», kontatu zuen.

Bepdjatki Kayapok, Kayapo herrixkako nagusi-ordeak, uste du indigenak direla kaltetuenak. «Gure herrixka etxaldearen erdian dago kokatuta, baina gu ez gara basoa suntsitzen dutenak; nekazariak dira, nekazariek garbitu zuten oihana!».

Hala ere, nekazari eta abeltzain txikiek ere suteen ondorioak pairatzen dituzte. «Oso tristea da leku honetara iristen zarenean, euri pila bat egiten duen eta hain berdea den zonalde honetara. Eta orduan sua iristen da eta dena suntsitzen du. Oihanari begiratzen diozu, eta jada ez dago oihanik», salatu zuen Jose Juliao do Nascimento abeltzain txikiak. 

Dalmi Pereira nekazari txikia ere kexu da: «Ez dugu inolako eskubiderik. Polizien isuna da gure eskubide bakarra. Polizia etortzen den bakoitzean korrika atera behar gara, izkutatzera. Egun, ia kriminalak gara hemen. Denek uste dute Amazoniako suteen eta deforestazioaren erantzuleak gu garela». 

Bere hitzetan, nekazari txikiek ez dute errurik. «Santa Barbara bezalako etxalde handiek lehentasunezko tratua jasotzen dute. Ingurumen Idazkaritzara joan ginen eta Santa Barbarakoak iritsi orduko, denek ezagutzen zuten euren abokatua. Gu, bitartean, atean gelditu behar izan genuen», esan zuen.

Deforestazioarekin amaitzeko erronka

2024an suak Amazonia brasildarreko 18 milioi hektarea inguru erre zituen, aldaketa klimatikoari lotuta ezohiko lehorte baten ondorioz. Sute gehienak abeltzaintza lurretan sortu ziren, eta begetazio lehorrean zehar zabaldu ziren. Lehen aldiz, larrea baino oihan tropikal gehiago erre zen. 

«Indigenen eta bertako komunitatearen kulturaren parte da sua. Baina klima-aldaketak areagotutako ingurune lehorrago baten aurrean gaude, eta horrek esan nahi du ezin dutela sua modu tradizionalean erabili», adierazi zuen Greenpeace Brasilgo baso-koordinatzailea den Cristiane Mazzettik.

Lula da Silvaren gobernuak esan zuen 2030rako baso-soiltzea geldituko zuela, baina pasa den urteko suteek deforestazioa %4an handitzea eragin zuten. 

Marina Silva, Ingurugiro ministro brasildarra, horren inguruan aritu zen: «Iraganean, aurreko gobernuaren agintaldian, alerta ugari zeuden eta betearazpen gutxi. Orain, alertak ez dira hainbeste, baina gauza gehiago egiten dira baso-soiltzea detektatzeko. Gaur egungo erronka handia suteek eragindako deforestazioa da».

Sao Felix do Xinguko alkatea den Fabricio Batistak uste du baliabideak falta direla. «Hemen ez dago brigada sendorik. Beraz, sua badago, nork itzaliko du? Azpiegiturak behar ditugu. Beharrezkoak dira», eskatu zuen.