07 NOV. 2025 - 15:40h Trump gurutziltzatua, santua edo pekataria? Mason Storm artista britainiarrak Trump «gurutziltzatu» du Basileako arte galeria batean. Ikusleei galdera bat egiten die, presidentea santua edo pekataria al da? Kristo bat bezala irudikatu du, estilo hiperrealistan, eta presoz jantzi du. Inork ezin du bere iritzia gorde. Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo. GAUR8 Basileako (Suitza) Gleis 4 arte galerian zalaparta sortzen ari den artelan bat dago ikusgai. Mason Storm artistaren eskultura bat da, Donald Trump irudikatzen duena. Hiperrealista da, benetakoa dirudi, eta Kristo balitz bezala, gurutziltzatuta ageri da, Estatu Batuetako espetxeetako uniforme laranja soinean duela. Artelanaren izena ‘Saint or sinner’ –santua edo pekataria– da. Hain justu, ikusleei Trump zein aldetan kokatzen den hausnartzera bultzatu nahi ditu artistak. «Uste dut Trump jaunak Jesus moderno baten azalean ikusten duela bere burua. Bere egiarekin dator. Bere bizitza sakrifikatu du Amerikako herritarren eta herriaren hoberako. Uste dut gauza zuzena egiten ari dela konbentzituta dagoela. Gure esku dago eztabaidatzea ea santua edo pekataria den», dio galeriaren jabea den Konrad Breznikek. Batzuei ondo iruditzen zaie artelan hau erakustea, beste batzuek, berriz, «krudela» dela uste dute presidente estatubatuarra modu horretan irudikatzea. Errealitatea da inor ez dela hotz gelditzen albotik pasatzean. «Hain errealista da beldurra ematen duela. Hori ziurtatu dezaket zeren instalatu genuenean gertutik ikusteko aukera izan nuen. Zimur bakoitza ikus dezakezu, azala oso errealista da, benetan beldurra ematen du. Eta noski, jendeak erreakzionatu egiten du horregatik», aipatu du Breznikek.