GAUR8

Praktika gaiztoen glosa bilduma (II)

Manipulazio-estrategiak izendatzeko erabiltzen diren etiketak areagotu egin dira. (GETTY IMAGES)

Gas light terminoa 1938ko izen bereko antzezlan batetik sortu zen. Trama oso sinplea da: itxuraz jatorra den gizon batek gezurrak eta manipulazioa erabiltzen ditu emaztea isolatzeko eta zentzua galtzen ari dela konbentzitzeko, eta heredatu berri duen ondarea lapurtzen saiatzeko. Horrela, biktimak akusazioak barneratzen ditu, bere buruarekin jolasean dabiltzala konturatu gabe. Gaslighting manipulazio-estrategia bat da, pertsona batek zalantzak izan ditzan bere pertzepzioez, esperientziez edo gertaeren ulermenaz.

Geroztik, ingelesezko hitzekin izendatzen diren eta harremanetan gertatzen diren manipulazio-estrategiak izendatzeko erabiltzen diren etiketak areagotu egin dira. Gaurkoan praktika gaiztoen bigarren glosa bilduma dakarkizuet. Harira!

«Situationship»: Situationship terminoa gero eta ohikoagoa bihurtu da, bereziki Z belaunaldiko kideen artean. Linbo emozional horri dagokio, non bi pertsona elkarrekin dauden, baina ez hainbeste; elkar ikusten dute, elkar erakartzen dute eta lotura eta kimika daude, bikote ofizial izatera iristen ez diren arren. Eremu grisa da, arau argirik eta konpromiso zehatzik gabea. Situationship-ak agian aproposak dira malgutasuna bilatzen dutenentzat eta harreman irekiez gozatzen dutenentzat. Baina, beste batzuentzat, emozioen argitasunik eta egonkortasunik eza etsigarria izan daiteke.

«Banksying»: Litekeena da Banksy artista britainiarraren inguruan hitz egiten entzun izana, arte-munduan ustekabean eta probokazioz egindako esku-hartzeengatik ezaguna baita. Banksying terminoak bere estrategiarik ikonikoenetako batean du jatorria: aldez aurretik abisatu gabe agertu eta desagertzea. Pertsona batek harremana bestea konturatu baino askoz lehenago amaitzea erabaki duenean ematen da. Hori hainbat modutan adieraz daiteke, hala nola kalitate-denbora murriztea elkarrekin, komunikazioa murriztea, intimitatea saihestea eta distantzia emozionala sortzea. Saihetsezina dena luzatzeak, inoiz iritsiko ez den une perfektu baten esperoan, antsietatea sortzeaz gain, afektibitate-erantzukizunik eza ere erakusten du.

«Orbiting»: Imajinatu norbaitekin hitz egiten duzula, gauzak ondo doazela dirudiela eta, bat-batean, pertsona hori desagertu egiten dela zure bizitzatik, arrasto digital iraunkor batean izan ezik. Bere izena zure istorioen ikuspegietan agertzen ikusten duzu eta bere “atsegin dut” iruzkinak zure argitalpenetan, baina inoiz ez die zure mezuei zuzenean erantzuten. Orbitatzaileak zurekin hitz egiteari uzten badio ere, sare sozialen bidez zurekin elkarrekintzan jarraitzen du, nahasmena eta frustrazioa sortuz.

«Love bombing»: Love bombing hitzak “maitasun-bonbardaketa” esan nahi du. 70eko hamarkadan sortu zen, sektetako kideek beren jarraitzaileak afektu-gaindosien bidez engainatzen dituztela adierazteko. Baina azken urteotan maitasunaren esparrura hedatu da. Manipulazio-teknika sotila da, maitasun-adierazpenen bonbardaketa batean oinarritua, norbaitek gu “lotzea” lortzeko. Hau da, pertsona saiatzen da bestea seduzitzen eta “lotzen” mekanismo kontzienteen bidez, “bere sareetan eror dadin” edo, are gehiago, muturreko kasuetan, harekiko nolabaiteko adikzioa sor dezan. Horrela, ez da maitasunaren ondorioz modu “naturalean” ematen den zerbait, baizik eta gabezia pertsonalengatik, segurtasunik ezagatik, autoestimu txikiagatik edo bestea “harrapatzeko” beharragatik sortzen den zerbait.

Gogoratu zure beharrak eta itxaropenak ulertu behar dituzula, eta zurekin eta bestearekin zintzoa izan behar duzula, gaizki-ulertuak eta balizko zauri emozionalak saihesteko. Egunaren amaieran, garrantzitsuena, betetasuna sentiaraziko dizuten konexioak bilatzea da. •