GAUR8

Urtarrilaren 8ra arte jasoko ditu lanak Mugarik Gabeko Otxarkoagako Umeentzako Ipuin Lehiaketak

Mugarik Gabeko Otxarkoagako Umeentzako Ipuin Lehiaketak lanak aurkezteko epea zabaldu du, haurrentzako literaturgintza bultzatu eta mundu osoko kontakizunak biltzeko. Urtarrilaren 8ra arte egongo da irekita lanak aurkezteko epea.

Haur bat marrazten, arxtiboko irudian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Txirula Kultur Taldeak lanak aurkezteko epea zabaldu du, Mugarik Gabeko Otxarkoagako Ipuin Lehiaketaren XXIV. edizioa abian jarriz. Mundu osoko eta adin guztietako parte hartzaileak dituen lehiaketak euskaraz eta gaztelaniaz aurkeztutako lanak onartzen ditu. Gehienez lau orrikoak izan behar dira, bi orrikoa da gutxienezko neurria.

Baldintzen arabera, parte hartzaile bakoitzak ipuin bi aurkeztu ahal izango ditu, 2025eko deialdian lana hautatu zitzaien pertsonak kenduta, ezin izango baitute deialdi honetan lana aurkeztu.

Epaimahaiak, bestalde, umeentzako zuzendutako gaiak baloratuko ditu, batez ere bakea eta tolerantziarekin lotutakoak baita giza eskubideei eta ekologiari buruzkoak.

«Mundu osoko egileek eskainitako antologia bat argitaratzen da, adin ezberdinetakoak, gaztelaniaz zein euskaraz», zehaztu dute antolatzaileek. «Emaitza partekatzen eta elkarrekin bizitzen ikasteko liburua da», adierazi dute, eta erantsi dute liburuaren aurkezpen egunean, bere garaian rapsodek eta trobadoreek praktikan jarri zuten moduan, «irakurketaren eta ahozko narrazio komunitarioaren tradizioei helduz».

Urtarrilaren 8ra arte jasoko dira lanak, Otxarkoagako Auzo Etxean edo txirulakulturtaldea@gmail.com posta elektronikora bidalita. Aurreratu dute, bestalde, 2026ko maiatzaren 9an eta 10ean egingo dituztela Umeen Jardunaldiak.