06 DéC. 2025 - 00:00h Stand inguruetan Maddi Aiestaran Bertsolaria Lehen, euskal idazle, musikari eta “pertsona inportanteekin” argazkiak atera ahal izateko, denbora pasatzen genuen stand inguruetan. Lortutako argazkiekin, diskoekin, liburuekin, egutegiekin, sinadurekin, zoriontsu ateratzen ginen Landakotik, eta talogileenean ere ilara egiten genuen. Gero, joango ginen igual kontzerturen batera, kroketa bana jatera, ez- dakit-ze lagun agurtzera. Eta ohartzerako berandutzen zuenean, oinak neka-neka eginda genituela eta telazko poltsak bete-beteta, bueltarako prestatzen ginen kotxeko atzeko eserlekuetan. Gurasoei eskatzen genien telefonoa, ateratako argazkiak ikusi eta irribarre egiteko. Disko berriren bati ematen genion play, eta loak ez hartzen ahalegintzen ginen etxera bidean. Gaur, ez zaigu hain “inportantea” iruditzen argazkietako jende hura, ez behintzat haien zain egoteko lain. Baina hor jarraituko dute gaur ere ilara luzeek, beti-betikoek eta berriagoek; begirada dirdiratsuek eta gorpuzkera urdurituek, bata bestearen atzean jarrita. Eta haiei begira, askori irudituko zaigu sortzaileak idealizatzeari aspaldi utzi geniola guk eta nola egongo den ba hainbeste jende ordubetez zain ez-dakit-ze musikarirekin bi hitz egiteko. Egingo dugu hasperen. Sinetsiko dugu askoz listagoak garela haiek baino. Eta hala ere, disimulatzeko ahalegina egingo dugun arren, seguruenik ilusiotxoa egingo digu ez-dakit-ze liburu erostera gerturatu eta idazlea han egoteak. Niretzat, sona handi edo ertaineko jende “inportanteak” bihurtzen zuen aldi batean Durangoko Azoka berezi; aspaldi ikusi gabeko lagun inportanteek bihurtzen dute gaur egun bereziago. Baina ez gara inor baino askoz listagoak: neurri txikiagoan edo handiagoan, ohi baino guaiagoak izatera jolasten dugu askok stand inguruetan. •