20 DéC. 2025 - 00:00h Zinemaren lurraldetasuna Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA Ula Iruretagoiena Busturia Arkitektoa Udazkena oparoa izaten ari da euskal zinemagintzarentzat. Agerikoa da bai karteleran, bai kritikan, bai hedapen mailan ere. Loraldia ez da aurtengo lanaren emaitza soilik, azken urteetako lanaren erakusle edo sintoma baizik. Zuzendaritzan, gidoigintzan eta aktoreen artean, gizon zein emakume, lan aipagarri ugari agertzen ari dira. Euskal zinemagintzak “euskal” adjektibotik zer duen definitzeko ez naiz gai, baina pantaila handian euskal lurraldearen erretratuak ageri direnean, nolakotasun propio bat dutela baiezta daiteke. Agian, euskal lurraldearen irudikatze modu desberdinek, multzo bezala, hemengo egiteko modu bat aurkezten dute, “hemengo” zigilu edo “label” izateko helbururik gabe. Baina bada garai baten, begirada baten, sentsibilitate baten erakusle. Hemen bizi direnek euskal lurraldea modu zehatz batean ulertu eta bizi dute, eta zinemagintzaren kontatzeko tresnekin lurraldetasunaren dimentsio hori ateratzen dute irudietara. Azken hamarkadetan Hego Euskal Herrian zerbitzuek eta turismoak izandako goraldiaren ondorioz, gure lurraldearen irudikapen bat fabrikatu da, kanpoko begiradarentzat erakargarri egiteko helburuarekin. Komunikazio lan asko egin izan dira euskal lurraldearen irudikapenak sortzeko, eta errealitate bat deskribatu nahi duten arren, fikzio-lanak direla ezin uka, helburu komertzialak distortsio bat sorrarazten baitu berezkoa den horretatik aldenduz. Hau da, ez dago hainbeste alderik zinemagintzaren fikzio sormenetik, baliabide artistikoaren desberdintasunak medio, noski. Turismoaren fikzio lanetan erromantizazio eta folklorizazio joera nabaria da; ez da euskal lurraldera mugatzen den zerbait, oro har turismoaren errelato sormenerako erabiltzen den tonua homogeneizatua da. Euskal lurraldearen berdetasuna, adibidez, askotan ustiatzen den irudia da, behiak eta ardiak larreetan irudikatuz. Baina gure lurraldean behi eta ardi gutxi ikusten dira, ez da lurraldetasunaren ezaugarri esanguratsua. Gainera, baserritarrei haserre handia sortzen die irudiak, lehen pertsonan bizi dutelako lehen sektoreak erakundeen aldetik jasaten duen abandonu larria. Lurralde-fikzioak ez luke lazgarria izan behar. Aukeran, Koldo Almandozek zuzenduriko «Zeru ahoak» telesailean agertzen diren euskal lurraldearen irudiak hartuko nituzke hemengo irudikatze bat egin beharko banu. Thriller beltzaren paisaia urbanoek euskal hirigintza jakin bat agertzen dute, konposizio konplexu baten iruditeriarekin: industria, utzitako eremuak, garai bateko aldiriak hiri berriarekin nahasian, erreserba naturalak, azpiegiturak, basogintzan ustiatzeko mendiak. Erromantikotasunik ez, baina bestelako edertasun bat antzeman daiteke gordintasunaren dimentsio bisualean, belztasunari samurtasuna atereaz kameraren bidez. Kalitatezko zinemagintza ekoizten ari garela ikusita, hautagai proposatuko nuke goi mailako enbaxadore gisa, hemengo produktu kultural-artistikoak baliabide baitira lurraldetasuna transmititzeko. Zinema entretenimenduaren kutxatik atera dezagun, lurraldearen ekimen politiko-kultural gisa ulertzeko. •