28 FéV. 2026 - 00:00h Espetxea egokia al da haur baten atxikimendua garatzeko? Arduradun politikoak 2022an Martuteneko kartzelan, amen modulua aurkezten. (Idoia ZABALETA | FOKU) Naia TOLOSA eta Klara SMITH Haurraren eskubide zein ongizatean maiz pentsatzen den arren, egoera arrotz bat bizi duen talde sozial bat alde batera utzi izan da: amarekin espetxean bizi diren haurrak. Haiena ez den kondena bat betetzen ari diren umeak dira horiek. Izan ere, presondegien barruan dauden amen moduluak haurren ongizateari begira dinamika ezberdina ezartzen saiatzen badira ere, haien egiturak, tenperaturak, elikadurak eta beste hainbat aldagaik argi erakusten dute ez diotela “Haurraren Interes Gorena” deritzonari jarraitzen, haurren garapen kognitibo zein emozionalak ondorio kaltegarriak jasaten baititu. Halaber, haurren garapen orokorrerako ez ezik, espetxeko testuingurua euren atxikimenduaren garapen ziurrerako ere testuinguru arazotsua da. Kartzelako testuinguruaren barruan atxikimenduaren garapen ziurra oztopatzen duten faktore nagusienak amaren ongizate psikologikoa eta hiru urte ondoren gertatzen den banaketa dira. Lehenengoari dagokionez, kontuan izanik atxikimendu-irudiaren ongizate psikologikoa erabakigarria dela haurrari eskaintzen zaion zaintza sentiberan eta, beraz, haurrak garatzen duen atxikimendu-harremanaren kalitatean, negatiboki balioesten da haurrak espetxean bizitzea, amen moduluetako emakume ugarik abusuz zein buru-nahasmenduz osaturiko historia konplexua baitute. Gainera, gizartean dagoen kartzelari buruzko estigmak emakume horiei emakume nahiz ama gisa huts egin dutela adierazten die, negatiboki eraginez haurraren atxikimendu ziurrean. Bigarren faktoreari dagokionez, Estatu espainolean haurrak hiru urte betetzen dituenean espetxetik irten behar da beste zaintzaile batengana bideratuz. Praktika hori haurra babesteko argudiopean justifikatzen den arren, amaren eta haurraren arteko banaketak atxikimenduaren harremana kaltetzen du, baita haurraren nahiz amaren buru-osasuna ere. Bi aldagai horiek, ordea, kontraesankorrak dira: alde batetik, haurraren eta amaren artean lotura emozional bat garatu ondoren elkarrengandik banantzeak haurraren atxikimendu ziurra oztopatzen du, baina, beste aldetik, haurra espetxean amarekin batera geratzeak ere bere ongizate osoa mehatxatzen du, bai amak baliabide material, fisiko zein psikologikorik ez duelako, bai espetxea bera ez dagoelako haur batentzako diseinaturik. Hala, kontraesan horrek bi eztabaidagai dakartza: batetik, banaketaren problematikarekin erlazionaturik, haurraren egonaldiaren denbora zehazten duen legearen unibertsaltasunik eza, eta, bestetik, amaren ongizatearen problematikarekin erlazionaturik, Kanpo Unitate zein esku-hartze programen baliabide urria. Hortaz, artikulu honek azpimarratu nahi du kartzelan jaio nahiz hezi diren haurrek haien atxikimenduaren garapena ziurra izan dadin zenbait arrisku-faktore jasaten dituztela, baina, hortik haratago, aldarrikatu nahi du ere espetxeetako politikek preso diren emakumeen nahiz haien haurren behar zein eskubideak ase behar dituztela. Batetik, banaketa hiru urterekin gertatu behar dela zehazten duen legea zalantzan jartzen da historikoki nahiz geografikoki iraunkortasunik ez duelako, eta, bestetik, amari eta amatasun prozesuan laguntza eskaintzeko baliabide errealik jartzen ez dela salatu nahi da, esku-hartze programa zein Kanpo Unitate gehiago sortzearen urgentzia aldarrikatuz. Izan ere, baliabideak dituen espetxe bat gune ziur bat izan daiteke haurrarentzat, eta amari bere amatasunaren prozesuan sostengua zein bitartekoak eskaintzen bazaizkio, haurrek atxikimendu ziurra gara dezakete. •