GAUR8
Entrevue
ALINA DANET
ESKUIN MUTURRAREN GORAKADAN ADITUA

«Kezkagarria da talde politiko batzuek nola hartzen dituzten kutsu populistak botoak lortzeko»

Eskuin muturraren diskurtsoak areagotu eta erradikalizatzen ari direla dio Alina Danet ikertzaileak. Beste kezka bat ere aipatu du: kutsu populistak beste espazio politiko batzuetara heltzen ari dira.

(Argazkiak: Aritz LOIOLA | FOKU)

Granadako Unibertsitateko irakaslea da Alina Danet, baita Politika Zientzietako eta Soziologiako Fakultateko Ikasleen, Partaidetzako eta Gizarteekiko Harremanetako dekanordea ere. Osasunaren eta osasun administrazioen antolaketarekin lotutako askotariko gaiak ikertu ditu, eta, azken urteetan, gazteen polarizazio politikoa eta muturreko eskuinaren gorakada aztertu ditu. Zer dio ikerketa zientifikoak eskuin muturraren gorakadaren atzean dagoen diskurtsoaz? Zertaz elikatzen dira mezu horiek? Nola borrokatzen dira? Gai horien inguruan hitz egin du Danetek GAUR8rekin.

Datu kualitatiboak aztertzeko ereduei buruzko ikastaroa eskaini duzu EHUn. Zertan datza eredua eta zer informazio ematen du?

Gizarte Zientzietako Ikerketa Eredu eta Arloetako Masterrak, EHUko Estibaliz de Miguel irakasleak koordinatzen duena, prestakuntza eskaintzen du gizarte ikerketako metodologietan, eta sakontze eremuetako bat analisi kualitatiboa da, non askotariko irakasleek parte hartzen duten. Nire ekarpenak barne hartzen du hainbat azterketa-metodo laburbiltzen dituen saio praktiko bat, eta hori interesa duten pertsona guztientzat irekita dago. Bigarren saioak, berriz, diskurtsoaren analisiaren elementuetan sakontzen du. Paradigma horri esker, hizkuntzaren bidez adierazten diren menderatze, diskriminazio, botere eta kontrol harremanak azter daitezke, historiarekiko eta ideologiarekiko elkarrekintzan.

Gizarte zientzietan, azterketa kualitatiboak hainbat ikuspegi metodologiko biltzen ditu, gizartearen diskurtsoetan, iritzietan, esperientzia pertsonaletan -banakakoak edo taldekoak, agerikoak edo latenteak- sakontzea bilatzen dutenak, betiere kontuan hartuta maila soziala errealitatearen esparru kultural, ekonomiko edo politikoekin lotuta dagoela, bere adierazpenik ikusgarrienean, baina baita maila sinbolikoan ere. Alde horretatik, diskurtsoak aztertzeak esanahia sortzeko praktikak aztertzea eskatzen du, kontuan hartuta ezagutza nola eraikitzen den, nola agertzen eta irudikatzen den. Analisi tresna horiek guztiek potentzial ikaragarria dute gizarte errealitatea aztertzeko, jarrera hartze ideologikoak ikusarazteko aukera ematen baitute. Posizionamendu ideologiko horiek, batzuetan, ezkutuan edo oharkabean mantentzen dira, baina diskurtso publikoen eraketan eragiten dute.

Eskuin muturraren gorakadari buruz, zer diote datuen analisi kualitatiboek?

Eskuragarri dauden datu kualitatiboak zabalak eta askotarikoak dira, eta horiek laburbiltzeko edozein saiakera azkar erredukzionista izango litzateke. Baina, agian, erabilgarria izan daiteke bereizketa egitea eskuin erradikal populistako alderdiek boto emaileak erakartzeko erabiltzen dituzten diskurtso-estrategiak ulertzea bilatzen duten azterlanen artean. Bigarren arretagune bat hautesleek alderdi horiek babesteko duten motibazioa litzateke. Azterketaren lehen helburuak kanpaina populistak deskribatzen ditu, batez ere sare sozialetan hedatuta daudenak, targeting [mezuak kontsumitzaile talde zehatzetara bideratzeko marketin estrategia bat] estrategia oso eraginkorrekin. Probokazio eta negatibotasun diskurtsoetan oinarrituta, erakunde sozialekiko eta ustezko talde «etsaiekiko» etengabeko akusazioekin, arbuio diskurtsoekin, gorrotozkoak ez direnean egiten dute; mezuen horien itua migratzaileak, mugimendu feminista edota mugimendu ekologista izan ohi dira.

Bestalde, eskuin erradikalari botoa ematera bultzatzen duten arrazoiak, politikarekiko egungo desengainuan sartzen dira; gainera, estremismoaren eta bazterketa diskurtsoen hazkuntza idealak dira horretarako. Zenbait biztanleria talderen artean balioekiko eta erakunde demokratikoekiko konfiantza galtzeak ere diskurtso horiek koipetu eta indartzen ditu.

Diskurtso populistak aztertu dituzu, aldatuz joan dira? Unean-unean gertatzen denari egokitzen zaizkio?

Eskuin erradikal populistaren diskurtsoak areagotu eta erradikalizatu egin dira, tonuz igo, inolako lotsarik gabe, harritu ere egiten ez gaituen punturaino. Hala ere, kezkagarria da beste alderdi eta talde politiko batzuek nola hartzen dituzten kutsu populistak, boto emaileak lortzeko. Joko arauak aldatzen ari dira komunikazio politikoan, komunikabideei ere eraginez. Osagai populistez betetzen ari dira interpretazio eta irudikapen estandarrak. Horrek eskuin erradikalaren eragina areagotu lezake esparru mediatikoan eta politikoan, eta komunikabideen potentzial kritikoa murriztu.

Azkenaldian, gure pantailetan egunero ikusten ditugu zuzenean giza eskubideen urraketak: palestinarren genozidioa begien aurrean ikusi dugu, Ameriketako Estatu Batuetan migratzaileak nonahi nola atxilotzen dituzten ikusi ahal izan dugu... Egoeron aurrean, nola egokitzen ditu diskurtsoak eskuin muturrak?

Muturreko diskurtsoak erraz integratu ohi dira; egoera soziopolitikoak aprobetxatu ohi ditu eskuin muturrak jarrera markatzeko, gertakariak hutsaltzeko eta desitxuratzeko, bere aldeko narratibak fikzionatzeko. Batzuetan zuzenean egiten du, bere posizionamendua agerian utziz, beste batzuetan ezer adierazi gabe, isiluneekin.

Mezu antifeministak, bikote heterosexualaren eredu tradizionala goraipatu eta emakumeak etxekoandre rolean kokatzen duten narratibak eta beste, eskuin muturraren posizioak indartzen dituen aldamio ideologikoaren parte dira? Emakume izateko erreferentzia bat eraikitzen ari dira borroka feministari aurre egiteko?

Alderantzikatu egingo nuke harremana: eskuin muturrak iragana aipatzen du, emakumeak etxeko eremura baztertzen dituzten rol tradizionalak berreskuratzen ditu, eta ustezko esparru protekzionista batetik egiten du, emakumeen egoera sozioekonomikoa erraztu nahi duen eta ongizatea bilatzen duen ustezko esparru batetik. Bikote tradizionalaren balioak goratzen ditu, eta dituen ustezko onura sozial, demografiko edo kulturalak proiektatu.

Zer dago batez ere gizon gazteen artean gertatzen den eskuin muturreko diskurtsoarekiko loturaren atzean? Beldurra aipatu duzu. Bada, zeren beldur dira belaunaldi berriak?

Gizon gazteen gutxiengo bat eskuinean oso erradikalizatuta dago. Baliteke mehatxatuta sentitzen diren eta, gainera, pribilegioak izatera oso ohituta egon diren gizon batzuen erantzuna izatea, beldurra, amorrua eta gorrotoa islatzen duen erantzuna. CISen datuen arabera, Espainiako gizonen %44k uste dute berdintasun politikak urrunegi joan direla eta orain gizonak eurak direla diskriminatuta daudenak. Ondoez hori %50era igotzen da 16 eta 24 urte bitarteko gazteen artean. Kasu horretan, emakumeek eta feminismoak aurrera egitearen aurrean eskubideak galtzeko beldurra dago. Horri gehitu behar zaio, halaber, diskurtso erradikalen iragazkortasun erraza; gazte populazioaren zati bat oso malgua da eta emozio handiko tonuetan eraikitako ideiak azkar eta kritikotasun urriarekin xurgatzen ditu.

(Aritz LOIOLA / FOKU)

Gazte batzuen prestakuntza eskasaren eta heldutasun politikoaren eta adinaren efusibitatearen arteko konbinazioak, urrakortasun ideologikoaren esparru horretan kokatzen ditu. Bigarren azalpen batek belaunaldien arteko konparazioarekin du zerikusia, gizarte mugikortasunaren gakoari lotuta. Zer aukera izan zituzten nire gurasoek, aitona-amonek, eta zer aukera ditut nik? Frankismoarekiko ameskerian ikusten dugu hori, baldintzatzaile sozioekonomikoak baititu. Badakigu gure gazteen %38ri ez litzaiekeela axolako demokrazia gutxiko herrialde batean bizitzea bizi kalitate hobea bermatzen bazaie. Hau da, alderdi sozioekonomikoek kezkatzen dituzte neurri handi batean: enplegu duina eta egonkorra lortzeko zailtasunak, etxebizitza eskuratzea, kontsumorako eta aisialdirako ondasunak izatea... Aurreko belaunaldien bizi aukerekin alderatuta estatus galeraren sentsazioa dute, eta horrek elikatzen du nostalgia hori.

Gazte kolektibo beraren barruan, zergatik ez dira emakumeak ideologia horrekiko hain iragazkorrak?

Emakume gazteak inoiz baino feministagoak dira, eta euren parte hartze soziala eta politikoa etengabe handitu da azken hamarkadetan. Ez datoz bat narratiba autobiktimizatzaile horrekin.

Ideologia horiekin lotuta, erlijio katolikoaren gorakada gertatzen ari al da?

Ez dakit gaur egun hemen kausa-efektu erlazio bat ezarriko nukeen, ez behintzat modu homogeneoan. Izan ere, erlijio adierazpenean oso anitza da egun Estatu espainola. Baina kutsu katolikoko kontserbadurismoak eskuin erradikalaren mugimenduaren zati bat egituratu du hasieratik, hau da, mugimendua elikatu du, gutxienez bere alderdi batzuetan. Beste agertoki batzuetan, Ameriketako Estatu Batuetan adibidez, talde kristauak dira, gutxienez euren zati bat, eskuin estremistaren gorakadaren aliatu nagusiak.

Ekologismoa da talde horien jomugan den beste mugimendu bat. Ingurumena babesteko politikak mehatxutzat dituzte, ekonomiarentzat zein tradizioarentzat.

Hala da, eta, horretan, gainera, antiekologismoa eta Europar Batasunaren politiken aurkako jarrerak batzen dira.

Sareetako agitatzaileak, albiste faltsu edo desitxuratuen gorakada... Nola egiten zaie aurre horrelako fenomenoei?

Informazio faltari desinformazioa gehitzen zaio; audientziek era guztietako kontakizun hutsalak edo mezu doktrinatzaileak jasotzen dituztelako. Gainera, oso erraz eskuratzen dituzte sare sozialen, influencer-en eta abarren bidez. Sare sozialek etengabe bidaltzen dituzte mezuak, eta etengabe zulatzen dute gizarte-idearioa... Horregatik, oso garrantzitsua da komunikabideetako profesionalek sistema demokratikoetan duten erantzukizuna, eurak baitira errealitate soziala eraikitzen eta irudikatzen parte hartzen dutenak. Hemen uste dut garrantzitsua dela ulertzea ezin dela influencer-ekin borroka bat abiatu iritzi publikoan eragiteko kapital sinbolikoa eta soziala kontrolatzeko. Hedabideen jarrera etiko eta arduratsuak oinarri izan behar du, gertakari kontrastagarrietan eta kokatze zintzo eta gardenetan abiatuta eraikitako interpretazio esparruei eusteko.

Askotan, ezkerrari egozten zaio eskuin muturraren arrakastaren erantzukizuna, adibidez, migrazio politikekin lotuta.

Iritzen horren aurrean, nire lehen erreakzioa hau izango litzateke: nork egiten du ezkerra arduradun? Arriskutsua da diskurtso-erronkak onartzea, are gehiago nork okupatzen dituen ondo dakigun eserlekuetatik jaurtitzen direnean. Horrez gain, zein ezker ere galdetu behar diogu geure buruari, banaketak eta zatiketak etengabeak baitira. Nolanahi ere, ezkerreko sektoreek, alderdiek, talde militanteek, elkarteek, herritarrek jarrera argia eta irmoa izan behar dute: aktibismo inklusiboa eta arrazakeriaren aurkakoa migratzaileekin lotutako edozein proposamen edo ekintzatan. Isilik egoteak edo migratzaile eta errefuxiatuei buruzko ekimenak atzeratzeak balio demokratikoetatik urruntzen gaitu, eta kritikotasuna eta irmotasuna galarazten dizkigu autoritarismo adierazpenen edo adierazpen antidemokratikoen aurrean.