20 JUIN 2026 - 00:00h Zaindariak zaindu ditzagun Koldo Sagasti Giza eskubideen aldeko ekintzailea Ekainaren 12an, Erresuma Batuko epaile batek kartzela zigorra ezarri zien Palestine Action erakundeko lau ekintzaileri terrorismo delitua egotzita. Solidarioei Elbyt Sistem armagintza-konpainia israeldarrak Filtonen (Ingalaterra) duen lantegiaren kontrako erasoa egin izana leporatzen diete. Ekintzan, ustez, 1,2 milioi liberako balioa duen makineria militarra txikitu zuten, eta, bide batez, arma horiekin hil behar zituzten hamaika palestinarren biziak salbatu zituzten. Giza eskubideen defendatzaileei tresneria militarrean kalteak eragiteagatik terrorismoa egozteak ez dauka aurrekaririk; mezu diziplinarioa bidaltzen dio munduari, eta abisu argi bat etorkizunean bizitzaren alde ekintza zuzenaren bidea hartu nahiko luketenei. Baina “Filtoneko lauen” afera ez da bakarra Europan. Alemanian ere bost lagun daude behin-behineko espetxeratzean arma-enpresa beraren aurka ekiteagatik, “Ulmeko bostak”. Germaniarrak, zuzenbide estatuaren printzipio guztiak urratuta, kaioletan eta katez lotuta agerrarazi zituzten epailearen aurrean, non eta historia modernoko genozidio handiena egin izanaren zama daraman herrialdeko auzitegi batean. Filton eta Ulmeko aurrekariek ibilbide orri beldurgarri bat markatzen dute giza eskubideen aldeko adierazpen askatasuna gero eta murriztuagoa eta jazarriagoa den mundu batean. Eta beldur naiz Euskal Herrian azken asteotan ikusi ditugun elkartasun mugimenduaren aurkako hainbat eraso ez ote diren kokatuko joera kriminalizatzaile horren ildoan. Gazarako Ontzidiko ekintzaileei Loiuko aireportuan lur hartutakoan Ertzaintzak egindako “harrera beroa”; Bilbon protesta ekitaldi baketsu batean CAFen tranbiari bidea mozten ari zitzaizkionen aurkako oldarraldia; edota aste honetan, sarean zabaldutako informazioa dela-eta, Libanoko miliziaren kolaboratzaile izatea egotzitako bilbotarren auzia… Horiek guztiek ere helburu argia daukate, kriminalizazioaren itzala zabaltzea giza eskubideen alde ahotsa altxatzera ausartzen direnen gainean. Filtoneko ekintzaileak, Ulmekoak, Ontzidikoak edota pasa den larunbatean CAF konpainiaren Akziodunen Batzarrerako sarbideak mozteko gorputzak jarri zituztenak, munduari geratzen zaion gizatasun apurraren azken zaindariak dira. Zaindu ditzagun, zaintzen jarrai dezaten. •