27 AOÛT 2026 - 16:01h Kaxmireko alfonbra preziatuaren gainbehera Kaxmireko alfonbra ederrak mundu osoan estimatuak izan dira. Zetaz edo artilez eskuz egindakoak artelan hutsak dira. Gehienak esportatu egiten dituzte, baina gerrak direla eta, merkatua kaltetu egin da. Gainera, belaunaldi gazteek ere ez dute ofizio hori jarraitu nahi. Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo. GAUR8 Zetaz edo ardi-artile hutsez ehundutako maisulanek mendeetan zehar mundu osoko gorte inperialak, museoak eta luxuzko etxeak apaindu dituzte. Gerra eta asaldurak gainditu dituen arren, eskuz ehundutako Kaxmireko alfonbra industria ospetsuak gainbehera etengabea jasaten ari da orain, belaunaldi gazteak oso neketsua den lanbide hori alde batera uzten ari baitira. «Ez dut irabazi handirik lortzen lan honekin, beraz, utzi egin nuen. 2004an utzi nion egiteari. Duela gutxi berriro ekin nion, lagun batek berriro egitera animatu ninduelako», dio Bashir Ahmadek, 78 urteko alfonbra-ehuleak. Artisau honi «min» ematen dio gainbehera ikusteak. Uste du gazteek ofizioa ikasi izan balute, hortik bizi ahal izango zutela, ez baitago lana denentzat, eta hori aukera on bat izango litzetelako. 75 urteko Mushtaq Ahmad ere alfonbra-ehulea da: «Lan hau egunez egun gainbehera doa. 50 urte daramatzat alfonbra-ehule lanetan, txikitatik. Oraindik ere egiten dut. Indarra eta denbora ditudan bitartean, lan hau egiten jarraituko dut». Indiako Alfonbra Teknologia Institutuko zuzendaria da Zubair Ahmad zuzendaria. Bere hitzetan, «gure alfonbra %90ean, ia %100ean esportatutako produktu bat da. Mundu osoan gatazka asko daudelako, tentsioa dago industrian, eta horrek neurri batean gure esportazioei eragin die, baina ez da guztiz desagertu. Horrela da. Gobernua ahal duen guztia egiten ari da lanbidea berpizteko. Horretarako, doan eskaintzen ari gara alfonbra ehungailu modernoak». Aspaldi hasi ziren alfonbren geoetiketatzearekin. Orain arte, 20.000 alfonbra inguru etiketatu dituzte. Ideia da haien benetakotasuna bermatzea. Orain, teknologiari esker, erosleak alfonbraren benetakotasuna edo zehaztapenak egiaztatu ditzake erosi aurretik.