GAUR8

Lehenik eta behin, klima

«Krisi klimatikoaren aurkako borrokak lehentasun materiala du gainerako borroken aldean», jendartea hobetzeko borrokek ez baitute balio jendarterik ez bada existitzen. Ez baitago naturarik gabeko zibilizaziorik.

Suhiltzaileak lanean azken asteotan, Nabatz inguruan izandako sutean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Lehenik eta behin, klima” kontsignak krisi klimatikoaren salbuespenari parez pare begiratu nahi dion jarrera politikoa laburbiltzen du. Eta egia deseroso bat planteatzen du: krisi klimatikoaren aurkako borrokak lehentasun materiala du gainerako borroken aldean. “Lehentasun klimatiko” bat dago, nolabait esateko.

Epe laburrean, etorkizun hobea irudikatzeko gai izatea -baita klima etsaiago batean ere- eta gehiengoarentzat oparotasun ekologikoa eraikitzeko gai izatea ezinbesteko baldintza dira demokraziaren, sozialismoaren edo feminismoaren garaipenerako. Kontrakoak -hondamendiak, basakeriak- ez ditu ezinezko egiten, eta ekosozialistok beti defendatuko dugu hondakinen erdian ahalik eta bizitzarik onena sozialista eta demokratikoa izango dela.

Baina, errealistak izanik, hondamendiaren erdian abantaila duten joera politikoak honakoak dira: faxismo fosila edo berdea, sarraskia eta dominazioa edo bunkerra eta “salba dadila ahal duena”. Hondamenditik sortutako eta hondamendian bertan garatutako sozialismo demokratiko bat pentsa dezakegu, bai; baina zentzuzkoa da onartzea irabazteko aukerak askoz txikiagoak direla.

Epe ertain eta luzean, gai hori termino gogorragoetan planteatzen da. Funtsean, ez dago ez eskubiderik, ez erakunderik, ez askatasunik, horiei eutsiko dien planeta bizigarri baterako kondiziorik ez badago. Eta hori da, eskuragarri dagoen ebidentzia zientifiko onenaren arabera, hemendik 2100. urtera milaka milioi pertsonentzat jokoan dagoena. Data hori urrun dagoela dirudi, baina gure aitona-amonengandik bereizten gaituen denbora besterik ez da.

“Lehentasun klimatiko” hori ekologismoaren funtsezko hiru egiatatik sortzen da. Lehenengoa ekomendekotasunaren nozioa da: gizakiak eta eraikitzen ditugun gizarteak kondizio natural jakin batzuen mende daude. Bai, gizarteek natura ulertzen eta eraldatzen dute, baina harreman hori ez da simetrikoa: naturaren mende egonda, gai gara hura aldatzeko eta, are, suntsitzeko. Bigarrena ekomendekotasunak muga ekologiko batzuk dituela da, eta muga horien barruan mantendu behar dute gizarteek, denboran iraun ahal izateko. Hirugarrenak, azkenik, esaten digu muga horiek gainditzeak gure existentzia ahalbidetzen duten kondizio naturalen suntsipen itzulezina ekar dezakeela; atzeraezina, behintzat, gizarteen iraunkortasun mugatuan: baliteke sistema bat mila edo hamar mila urtean birsortzea, baina epe horrek ez dio ezertarako balio biziraun nahi duen edozein gizarteri -egia esan, kondizio naturalak ez dira galera itzulezinak jasaten dituzten bakarrak. Desagertzen den hizkuntza bat berreskuratzea oso zaila da, ezinezkoa kultura akabatu bati buruz hitz egiten badugu-.

Klimaren lehentasuna funtsezko hiru egia horietan oinarritzen bada ere, egia horiek denbora tarte bati lotuak daude eta hor jarduten dute; eta denbora tarte hori erabakigarria da klimaren lehentasuna nola eta non adierazten den zehazteko. Alde batetik, naturarekiko mendekotasuna erretikularra edo sare itxurakoa da eta, beraz, ez lineala. Degradazio maila jakin batzuk xurga ditzake aldi batez, apenas bistaratu gabe, eta, gero, berehalako hondamendia eragin dezake beste perturbazio txiki batzuen aurrean.

Bestalde, naturaren mugak porotsuak dira. Muga ekologiko bat gainditzea ez da horma baten kontra jotzea bezala; aitzitik, eremu minatu batean sartzea bezala da: gizarteek muga horiek gaindi ditzakete denbora batez, eta, gero, berriro barruan kokatu ondorio erabatekorik gabe, baina arriskua handia da.

Azkenik, atzeraezintasuna metagarria da: ez da bat-batean gertatzen, mugen urraketaren maila eta iraupen jakin batetik aurrera baizik. Ezaugarri horiek krisi ekologikoaren ondorio okerrenak saihesteko aukera ematen diguten arren, inpaktu ekologikoak eta klimatikoak denbora-desfasearekin agertu ohi dira. Gaur egun, duela hogei urte gainditutako mugen ondorioak pairatzen ari gara, eta gaur bertan hemendik hogei urtera arte ikusiko ez ditugun egoera itzulezinak eragiten ari gintezke.

Paradoxikoa eman dezakeen arren, desbideratze horrek ez dio klimaren lehentasunari garrantzirik kentzen; kontrara, are garrantzitsuago egiten du. Ondorioak berehala nabaritzen ez direnez, hain zuzen ere, klimaren lehentasuna ezin da esperientziaren bidez ikasi, ziur aski beranduegi iritsiko litzatekeelako. Politikoki orainaldian ezarri behar da eta hori da ekologismoaren zeregina.

Irudian, Euskal Herrian izandako uholdeak. Muturreko fenomenoak gero eta ohikoagoak dira. Jagoba MANTEROLA | FOKU

BORROKAK MAILAKATZEA

Lehentasun klimatikoaz ari garenean, kide askok mamu zahar bat ikusten dute berriro agertzen: marxismoena, lehenengo eta bigarren mailako borrokak hierarkizatzen zituena, feminismoa edo auzi nazionala klaseen borrokaren mende jarriz, betiere iraultzaren ondoren.

Hausnarketa kritiko ulergarria da, eta, egiazki, klimaren lehentasunaren izaera hobeto ulertzen laguntzen digu; baina ez da baliagarria, bi harreman mota desberdin konparatzen dituelako. Klasearen eta generoaren arteko harremana, kapitalismoaren eta patriarkatuaren artekoa, edo nazio menderakuntzaren eta klasearen artekoa, elkarrekiko harreman eratzaileak dira: batak bestea osatzen, eraldatzen eta baldintzatzen du, baina bata ez da bestearen aurretiko baldintza. Ezkerreko zati batek bata bestearen aurretik jartzen badu, hori jarrera politikoa da, ez materiala. Ekofeminismoak adierazi duenez, naturarekin -baita zainketekin ere- beste zerbait gertatzen da. Naturaren eta gizartearen arteko harreman zehatza harreman soziala da, baina naturarekiko mendekotasuna, metabolismo sozial bat existitzea, ordea, ez: beste edozein harreman sozial izateko aurrebaldintza materiala da. Bestela esanda, kapitalismoaren aurretik patriarkatua egon zen, eta kapitalismo gutxi gorabehera patriarkalak daude, baina ezin da kapitalismorik egon, ez patriarkaturik, ez sozialismorik, ez feminismorik, naturarik gabe. Ez dago naturarik gabeko zibilizaziorik.

Zeintzuk dira, praktikan, lehentasun klimatiko horren ondorioak? Hemen, krisi ekologikoaren denbora atzerapena giltzarri bihurtzen da. Egoeraren arabera, lehentasun klimatikoa ez da beti karta irabazlea. Klimaren borroka beste borroken mailan planteatu behar da, eta gatazka eta politika bakoitzean ezartzen den negoziazioan sartu beharrekoa da: zer borroka den nagusi eta zein bigarren mailako beti indar korrelazio baten emaitza koiunturala da, eztabaidan eta gatazkan bertan sortua. Batzuetan, aukerarik bidezkoena ekologikoena izango da, eta alderantziz, baina batzuetan ez. Eta, orduan, batzuetan, astiroago joan beharko da klimari dagokionez, ondorio sozial bidegabeak saihesteko, hala nola enplegu alternatiba bat egon arte itxarotea fabrika kutsatzaile bat itxi aurretik. Eta beste batzuetan, berriz, nolabaiteko tirabira sozial bat onartu beharko da klima arloan azkarrago aurrera egiteko, adibidez, emisio txikiko eremu batek kanpoan uzten duenean autoz aldatzeko aukerarik ez duena. Gakoa da tentsio hori konponezina dela teorian, eta, gordiar korapilo bat bezala, hura praktikan moztuz askatzen dela soilik.

Baina, orduan, lehentasun klimatikoaz ari bagara, negoziazio taktiko hori mugagabea ez delako da: krisi klimatikoak estutzen dituen marjinen barruan jarduten du. Lehentasun klimatikoak egoera bakoitzean ezartzen duena ez da gainerako borroken gaineko beto bat, baizik eta aukera guztien gaineko murrizketa bat: ezein akordiok, ezein kontzesiok, ezein garaipen sozialek ezin ditu muga atzeraezinak arriskuan jarri, ez eta guztiak mendean dituen bizigarritasuna hipotekatu ere. Izan ere, arlo estrategikoan bihurtzen da “lehenik eta behin, klima” leloa itogarriki egiazko.

Oraingo borroka bakoitzak klima sakrifikatzea erabakitzen badu unekoaren alde, itxuraz premiazkoagoa den horren alde, bere denbora egitura pixka bat aurrerago modu katastrofikoan agertzen ez den horren alde, borroka denak daude oinen azpiko lurra galtzera kondenatuta.

Munduaren amaiera benetan posible balitz bezala jokatzen duen estrategiarik ez badago, beste borroketako batek ere ezingo du irabazi, are, ezingo da planteatu ere egin. Horregatik, lehenik eta behin, klima. Ez gainerako borrokek orainaldian garrantzi gutxiago dutelako, etorkizunean eskubideak konkistatzen jarraitu ahal izateko etorkizuna egon behar delako baizik. Lehentasun hori borrokaldi bakoitzean eta politika bakoitzean borrokatzea, begirada etorkizun hobe horren eraikuntzan jarrita -baita klima etsaiago batean ere- klimaren alderdiaren zeregin historikoa izango da.

Testua “Corriente Calida” argitalpen digitalean argitaratua izan da, gaztelaniaz jatorriz. GAUR8k euskaratua.