07 NOV. 2026 - 00:00h Zarataren Legea Iraitz Mateo Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad Azken larunbat hauetan tentsioa eta urduritasuna usaintzera ere iritsi gara Euskal Herriko hainbat kiroldegi eta pilotalekutan, eta ez naiz kirolarien izerdi usainaz ari. Determinazioz ematen dituzte lehen pausoak atzealdeko txaloen artean; hanketako dar-darra eskailerak igotzearekin sumatzen da batzuetan; berriro txaloak eta mikrofonoetatik azalpenak. Baina bertsoa isiltasunean pentsatzen da; berdin du 30 edo 2.000 lagun elkartu, isiltasuna da zaleari exijitzen zaion gutxieneko hori. Eta mikrofonoa duenari, berriz, elkar entzutea. Hiru orduz isiltasunari eusten dioten bunkerren kanpoaldean zarata da nagusi, ordea, are gehiago Madril aldetik hauteskundeen txirrinak jo duenetik. Zarata arautzen duen lege bat badago, ordea. Espainiako Zarata Legearen 2.2 artikuluaren arabera (37/2003 Legea), badira hiru eremu eta jarduera zehatz lege horren eremutik kanpo geratzen direnak. 1. Jarduera militarrak: indar armatuen eta defentsa nazionaleko azpiegituren zein jardueren zaratak (beren araudi espezifiko bidez arautzen dira). 2. Lan inguruneko zaratak: lantokietan bertan sortzen den zarata, langileen osasun eta segurtasunari buruzko lan legeriaren menpe geratzen dena. 3. Etxeko jarduerak eta auzo bizikidetzako zaratak: etxe barruko ohiko bizimodutik edo bizilagunen arteko harremanetatik eratorritako zaratak (horiek ez dira errege dekretu orokorren bidez neurtzen, udalen bizikidetza ordenantzen bidez, baizik). Hauteskunde garaiko zaratak arautzen dituen legerik ez dut topatu, ordea; jokabide errespetutsuetan konfiantza jartzea “naturala” zatekeen, baina bizi dugun arorako anomalia itxura hartzen du horrek ere. Eta horregatik zaratak eta lokatzak bete dituzte informatiboak. EAJk Andoaingo eta Tolosako alkateen dimisioa eskatu du, herri horietako zenbait udaltzainek Intxaurrondon jasotako formakuntza dela eta. Hitz egin dute, ordea, Andoni Alvarezek eta Andu Martinez de Rituertok, eta argitu dute Udaltzainburuak hartu zuela erabaki tekniko hori, eta beraiek ez zeudela ados. EGIk Mertxe Aizpurua eta Arnaldo Otegi Guardia Zibilez jantzitako kartel bat zabaldu du, «Eredu nordikotik (berriro ere) Intxaurrondora, EH Bilduren eredu poliziala» idatzita. Errespetu gutxiko eta umorerik gabeko “fake politiko” horri Otegik Intxaurrondon jasandako torturekin erantzun zien. Astebete lehenago, Vito Quilesek Bilbora joateko imintzioa egin zuen, eta Bilbo Handiko polizia guztiak mobilizatu zituzten, Zupiriak Quiles agertuko ez zela zekien arren. Ondorenera etorri ziren ageriko aldarririk gabeko istilu eta Blocusak. Eta lehenago iritsi zen ustezko «terrorismoaren itzulera» eta ETAren komodina. Zarata horren erdian kristalezko isiltasunik ez dut eskatzen noski, ahotsa altxatzea beharrezkoa baita ia beti, eta ezinbestekoa faxismoa hain gertu egon daitekeenean. Baina uste dut herritarrok merezi dugula zarata gutxiagoko eta, batez ere, eztabaida maila politiko altuagoko kanpainarik. Era berean, merezi dugu pozoidun gabeko isiltasun pixka bat pentsatzeko eta eztabaidatzeko. Isilik pentsatzen omen da bertsoa hobekien, eta elkar entzunez osatu ofiziorik onenak. Ea ba politikagintzara zer edo zer ekarri dezakegun, minutu eta erdiko reeletatik kanpo dauden tertulietako sasieztabaidak irentsiko ditugun frikien alde, bederen. •