
Gaur bezalako egun batean 2006ko Arabako Bertsolari Txapelketaren finala jokatu zen Gasteizen: Zigor Enbeita (Abornikano, Urkabustaiz, 1971) irabazlea izan zen, txapeldunordea Oihane Perea eta hirugarrena Asier Otamendi. Abornikanoko bertsolariak bere bigarren txapela eskuratu zuen maiatzaren 27 hartan.
GARAn hurrengo egunean argitaratutako kronikaren arabera, Oihane Perea eta Zigor Enbeitaren arteko norgehiagokan txapeldunaren beteranotasuna eta su txikian egindako lana erabakigarriak izan ziren. Buruz burukora iristean, Perea eta Enbeita jotzen ziren faborito nagusitzat.
Giroa bero, Arabako bertsolaritzaren ibilbidearen erakusle. «Oihane Pereak pikardia, ideiak eta freskotasuna erakutsi zituen atzo Arabako finalean eta txapela janzteko zorian ibili zen, baina kartzelakoan galdu zuela esan daiteke. Zigor Enbeitak ofizioa erakutsi zuen eta berak jantzi zuen. Buruz burukora Oihane Perea eta Zigor Enbeita pasatu ziren eta seiko motzean elkarrekin egin zuten saioan Perearenak izan ziren distirak. Behingoz bere patua ezabatzeko zorian zela ematen zuen, baina alferrik izan zen, berriro bigarren postuan geratu baitzen. Kartzelakoan bera izan zen lehena eta Zigorrek bere hirurak kantatu eta eserlekura zetorrenean eskua luzatu zion agurtzeko Oihanek eta agur horretan aitorpena ere suma zitekeen, Izarrako bertsolariarenak biribilagoak izan baitziren», irakur zitekeen saio horretako kronikan.
Txapel gehiagoren bila joateko etapa bertan behera utzi zuen Zigor Enbeitak. 2024an Goienari emandako elkarrizketa batean hauxe aitortu zuen: «Denak dauka hasiera bat eta amaiera bat, eta jakin egin behar da amaierak egiten. Txapelketek eman baino gehiago kendu egiten zidatela konturatu nintzenean erretiratu egin nintzen».

«Gaur egun bezeroetako askok ez dute enpatiarik lanean dagoen jendearekiko»
«Cringe»-a eman gabe
Ohea egitearena

Portugaleteko txakolina; herri ekimen batetik munduko hiri mahastien mapara
