Yoko Ono
Ez dakit Yoko Ono ezagutzen duzuen. Bistan da baietz, baina badaezpada, Wikipediaren lehen lerroak kopiatuko dizkizuet: «Yoko Ono Lennon Tokion jaiotako artista abangoardista da. John Lennonen bigarren emaztea eta musa izan zen». Bigarren esaldian bertan noren emaztea izan zen aipatzeak zein esanahi duen beste egun baterako utziko dugu; egia da, hala ere, lotura horregatik ezagutu dugula askok. Nik, adibidez, ez dakit zer ezagutu nuen aurretik, Yoko Ono bera edo “La culpa de todo la tiene Yoko Ono” Def Con Dos taldearen abestia. Bueno, kontua da The Beatles taldearen bereizketaren errua berea zela esaten omen zela. Mendebaldeko kultura misoginoaren beste kapitulu bat, finean. Nahikoa gogoratzen ari naiz esaldiarekin.
Askotan mintzatzen gara azkenaldian erreakzioaz. Nire gai gustukoenetako bat da, ez dut ukatuko. Gustukoenetan gustukoena, erreakzioaren askotarikotasunaren barruan, feminismoaren aurkako aldaera da -oso oparoa, bide batez-. Laburtzen saiatuko naiz lagun adituek eta arituek esaten dutena: azken hamarkadetan emakumeek espazio publikoa irabazi dute (pixka bat) eta gizonek galdu. Pribilegioen pitzatze txiki bat egon da eta gizona ez da hain unibertsal, batzuetan etxeko lanak egiten ditu eta ikasi du gorputz batzuk ez direla soilik bereak berak hala erabaki duelako. Hau guztia sakonagoa da, noski, baina luzatuko nintzateke.
Lehentasunen ordena zertxobait aldatu da azken urteetan. Askatasun eta eskubide batzuk irabazi ditugu (ez beti, ez osoki, ulertzen didazue). Hogeita hamar urteroko zikloa dela esaten dute aditu eta aritu horiek: eskubideak irabazi, norbaitek pribilegioren bat galdu, arrakala batzuk sortu, erreakzioa. Hau da: batzuk haserretu egiten dira, galdu duten partzela zatitxoa berreskuratzeko gogoz. Eta Yoko Onoren errua dela diote.
Erdi suminduta erdi arrazoi izateko gogo biziz, honakoak esaten dizkigute -esate baterako-: «Emakumeak merkatura atera ziren; geroztik, denok galdu dugu!»; «ez dugu haurrik, feminismoaren erruz»; «bakarrik bizitzea edo/eta familiarik -ulertu familia bere zentzu arautuenean- ez izatea neoliberalismoa da!». Errua badakizue zeinena den.
Esaten ez dutena da emakumeok espazio publikoa betatua -hori bai betoa!- genuela, enplegutik hasi, kontu korrontearekin jarraitu eta oheraino. Espazio pribatu osoa opari, etxeko “agintariak” izateko pribilegioa izateraino, kasik. Ederra. Esaten ez dutena da ez genuela haurrak izan edo ez erabakitzeko ez ahalmenik, ez baimenik, ezta gaitasunik ere. Eta ahal izan zutenean, milaka emakumek erabaki zutela oinordekoak izan edo ez, eta besteko askok erabaki ahal izan zutela -antisorgailuak ere debekatuta zeudelako, pentsa!-, behintzat, kopurua gutxituko zela. Zergatik aipatzen da gai hau berria balitz bezala? Esaten ez dutena da komunitatearekiko ardura gauza bat dela, eta beste bat erabaki ahalmenik gabeko bizitza edukitzea. Bide batez, gizonek inoiz “libreki” “hautatu” ez dutena.
Ez ezazue zeuen burua engainatu: emakumeok askatasun eta eskubide batzuk irabazi ditugu eta atzerakada etor daiteke. Baina espazio publikoa ezagutu -eta praktikatzen- dugu, emantzipazioa zer den badakigu eta zertarako gai garen ere bai. Gauza batzuek ez dute atzera bueltarik; Yoko Onori errua botatzen segi dezakezue, baina horrek ez zaituzte iraultzaileago eginen. •



