GAUR8

Euskal deportatuek Euskal Herrirako itzulera hasi zuten

1996ko ekainaren 1ean, Bruselan egin zen ekitaldi batean, euskal deportatuek iragarri zuten espainiar eta frantziar agintariek hamar urte lehenago emandako derrigorrezko erbesteratzearekin apurtu eta etxera itzuliko zirela. 30 urteren buruan, arazoa ez da erabat itxi.

2018an Tolosan ospatu zen errefuxiatu eta deportatuen eguna.
2018an Tolosan ospatu zen errefuxiatu eta deportatuen eguna. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

1996ko ekainaren 1ean, 4.000 bat lagun gerturatu ziren Bruselara ‘Freedom for the Basque Country’ ibilaldian parte hartzera. Bukaerako ekitaldi politikoan espero ez zen iragarpen bat egin zuten oholtzatik Rosa Alkortak eta Patxi Hernandezek, berrogeita hamar bat euskal deportaturen izenean: kolektiboak deportaziora eraman zituen estrategia errepresiboarekin hausteko erabaki irmoa iragarri zuten.

Hamar urtez Euskal Herritik kanporatuak eraman ondoren, espainiar eta frantses Estatuek adostutako neurriaren porrota berretsi zuten, «Euskal Herriaren eta beste herri batzuen elkartasunari esker, errepresaliatu politiko gisa batuta eta tinko mantentzea lortu dugu» adierazi zuten. 

«Deportatuaren bila» izeneko operazioa jarri zuen abian espainiar poliziak. Hego Euskal Herritik Bruselara joandako 69 autobusak gelditu zituzten Bidasoa ibaiaren gaineko zubian, Behobian. Autobusak erregistratu zituzten, bidaiari guztiak identifikatu eta batzuk mehatxatu eta jipoitu zituzten.

Deportazioak hasi zirenetik, joan den mendeko 80ko hamarkadan zehazki, 70 euskal herritarrek pairatu dute zigor hori. Hiru hamarkada igaro direnean, ETAren jardun armatua amaitu eta 15 urtera, beraien egoera guztiz normalizatua egotetik urrun dago, aurtengo apirileko editorial honek islatzen duen legez. Izenburua argigarria du: ‘Errefuxiatuak eta deportatuak, itxi gabe dagoen karpeta bat’.