
Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak 2026-2027ko ikasturterako aisialdiko begirale ikastaroa antolatu du, hezkuntza ez-formalean eta aisialdi hezitzailean interesa duten gazteei zuzenduta.
Bereziki, ume eta gazteekin heziketa lanetan jardun nahi dutenentzako ekimena da, euskaran eta balio hezitzaileetan oinarritutako prestakuntza jasotzeko.
Bermeoko Udaletik jakinarazi dutenez, ikastaroa gainditzen dutenek Ume eta Gazteen Aisialdirako Begirale titulua eskuratuko dute, Lakuako Gobernuak homologatua.
Prestakuntza metodologia parte hartzaile baten bidez garatuko da, tokiko errealitatera egokituta, eta feminismoa, parte hartzea, aniztasuna eta kulturartekotasuna izango ditu ardatz. Helburua da aisialdi hezitzailearen eta euskararen sustapenean eragile aktibo izango diren begiraleak prestatzea.
Ikastaroa urriaren 17an hasi eta 2027ko apirilaren 24an amaituko da. Izena emateko epea urriaren 9ra arte dago zabalik, plazak lehenago betetzen ez badira. Interesdunek Bermeoko Gazteentzako Informazio Zerbitzura (GIZ) joan beharko dute, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean, eta bertan izen emate orria bete.
Bederatzi asteburu herrian eta hiru Zugaztietan
Prestakuntzaren saio teorikoak eta praktikoak ikasturte osoan zehar egingo dira. Horietatik bederatzi asteburu Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean egingo dira, larunbatetan, 10.00etatik 18.30era bitarte, bazkaltzeko etenarekin. Horrez gain, beste hiru asteburu La Arboledako aterpetxean egingo dira, larunbateko 10.00etatik igandeko 15.00etara.
Ikastaroak bi atal izango ditu: alde teorikoa, 150 ordukoa, eta praktikoa, 160 ordukoa. Titulua lortzeko, nahitaezkoa izango da bi atalak gainditzea.
Parte hartu ahal izateko, ikasleek 2027an 18 urte bete beharko dituzte, gutxienez, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) titulua eduki. Ikastaro osoa euskaraz eskainiko denez, ezinbestekoa izango da hizkuntza horretan behar adinako gaitasuna izatea.
Matrikularen prezioa 360 eurokoa izango da 35 urtetik beherako eta Bermeon erroldatutako gazteentzat; gainerakoentzat, berriz, 460 eurokoa. Zenbateko horretan sartuta daude Zugaztietako aterpetxean egingo diren hiru egonaldiak, mantenu osoarekin.

«Txirrindularitza, pilota, arrauna... kirol giroa oso umetatik bizi izan dut»
Zero

Euskaraz «ez du berdin sonatzen»? Idatzian euskara esanindartzeko gakoak

«Behin errotonda bati buelta eman genion hernaniar bat bonboarekin kabinan eserita»
