Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Begiratu ondoko mahaira

Virginia Woolfen gelatik galdera periferikoak pausatu zizkigun joan den astean Maddi Txintxurretak orriotan; etxebizitza-unitateen, ikuspegien eta bizirauteko balio izatetik harago bizitzeko egin beharreko politiken inguruan mintzatu zitzaigun. Poztuko nintzateke nik adina apunte hartu balituzte zenbait politikarik zure artikuluarekin, Maddi, eta bat nator zurekin, ‘gela bat norberarena’ bagenu, errazagoa litzaiguke korapilo horiek guztiak askatzea. Etxe forma hartzea nahiko nukeen gela horren faltan, ordea, korapilo gehiago ditut, irakurle, korapilo gehiago eta agindu bat: Virginiaren gelan edo etxean ez bazaude, altxa burua lerro hauetatik -eta hala bazaude, kalera ateratzean egin ariketa-: zenbat emakume daude kafea hartzen ari zaren tabernan? Berandutu den lagunaren zain zauden plazan? Zenbat emakume geratzen dira arratsaldeko zazpietatik aurrera zure lantokian? Zenbat, desodorante usaina iristearekin bat argiak itzali dituzten taberna horretan? Zenbat, plazako pilota txapelketan? Eta udal igerilekuan?

Uda ate joka dugu eta kalera gehiago ateratzen omen gara. Espazioa politikoa eta ideologikoa dela irakurri nion Irati Majuelori “Hiria gure oinetan, espazioaren irakurketa feministak euskal literaturan” liburuan -hau ere azpimarraz betea-. Literatura abiapuntutzat hartuta, espazioaren inguruan gogoeta egiten du; «espazioa nola okupatzen dugun eta espazioan zehar nola mugitzen garen ez dira kontu ezdeusak».

Intuizio -edo obsesio- bat izan dut azken boladan, nor dagoen tabernetan eta, aldi berean, nor ez dagoen. Hainbat herritako lagunei zuzendu diet galdera: «Zuen herriko tabernetan nor egoten da? Nor, goizeko kafean? Hamaiketakoan? Eguneko menua jaten? Eta afalosteko kafean? Parrandan?». Majuelok, aipaturiko liburuan, badu atal oso bat horri eskainia: “Taberna. Konkistarako eremua da gaua”. Bizi naizen herrian gehiago ikusten ditut 50 urteko emakumeak ostiral iluntzeetan poteoan 25ekoak baino, eta sabela korapilatzen zait nik ere iluntzea «lasai pasa nahi» eta etxerako bidea hartzen dudanean. Emakume asko sozialki zigortuak izango ziren gauaren atarian tabernan egoteagatik, baina guk ere leku hori okupatu genezan bide bat ireki zuten, eta sarritan espazio horiek «galtzen uzten» ari garen sentsazioa dut.

Egun horretan bertan etxera iritsi eta telesail bati play sakatzea plan ona izan daiteke; demagun thriller forma hartzen duen sei ataleko telesail bat jarri dugula. Lehen ordu erdian kalean bakarrik doan emakumea bortxatuko dute, desagertuko da edo akabatuko dute. Argia da mezua: «Kalea leku ezezagun eta arriskutsua da gizona ez bazara». Beldurra eta errua, gure imajinarioa gurutzatzen dituzten, eta gehiegitan ardazten dituzten, bi ezaugarri. Eta diskurtso horien ondorioa paralizatzailea da, «gera zaitez etxean» esateko modu erdi kamuflatu bat.

Hortzak garbitu bitartean, Instagram ireki, eta horra, goiz eta garbi afaltzen duen eta goizeko bostetan etxean duen makinan korri egiteko esnatzen den neska lirainaren bideoa, lifestyle jakin bat; zeu ere izan zaitezke horrelakoa, ahaleginduz gero; zuk ere izan dezakezu bizitza hori. Bizitza sano baten baitan mozorrotuta ere irits daiteke etxean geratzeko agindua.

Uda dator, eguzkiak pozten omen gaitu eta kalera ateratzen omen gara -sarriago behintzat-. Ea ondoko mahaian edo txosnako barra ertzean begiradak gurutzatzen ditugun! •