GAUR 8

90 urte dira Maksim Gorki errusiar idazle handia hil zela

Maksim Gorki idazle eta iraultzaile errusiarra duela 90 urte hil zen Moskun. Errrealismo sozialistaren sortzaileetakoa izan zen, eta gaztetan bizi izan zuen giro latza islatu zuen bere lanetan. Haren idatziak mugarritzat jotzen dira literaturaren historian.

Maksim Gorki
Maksim Gorki (Wikipedia)

“Ama” eleberri ezagunaren egilea 1936ko ekainaren 18an hil zen, Moskun. Maksim Gorki idazle handia eta iraultza boltxebikearen aldeko aktibista, errealismo sozialistaren sortzailea izan zen, ofizialki hala izendatuta. 

Alexis Maximovitx Petxkov, benetako izenez, Nijni-Novgoroden sortu zen 1868ko martxoaren 28an. Haurtzaro latza izan zuen; hamar urterekin hasi zen lanean eta ordutik aurrera ezagutu zuen giroa, jende baztertuarena, bere liburuetan islatu zuen gerora, garai hartan garatu zuen sentiberatasuna baliatuta. 

1892an argitaratu zituen bere lehen lanak egunkari eta aldizkarietan, eta geroxeago Gorki  (mingotsa) ezizena erabiltzen hasi zen. Egunkari batean lan egiten zuela, idaztea zuen bere jardun nagusia, errusiar gehienen bizimodu latza modu gordinean deskribitzeko. Kritika onak jaso zituen, baita jendearen artean ospe handia ere. 

1899an “Foma Gordeiev” argitaratu zuen, eta bi urte geroago kartzelatu egin zuten tsarren erregimenaren aurkako artikuluak idazteagatik. Kartzelatik irten zenean, Txekhov eta Tolstoi idazleak ezagutu zituen Krimean. 

Idazle eta iraultzaile

1905eko urtarrilean, Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrataren eta iraultza proletarioaren aldekoa zela, berriro atxilotu zuten San Petersburgon soldaduek tiroka eragin zuten sarraskia salatzeko agiri bat idatzi eta zabaltzeagatik. Ondoren, Errusiatik alde egin behar izan zuen eta atzerrian boltxebikeen aldeko lana egin zuen. Estatu Batuetan zela, “Ama” eleberria idazten hasi zen. Europara itzulita, Capri uhartea izan zuen bizileku 1913an Errusiara itzuli zen arte, tsarrak amnistia eman baitzuen.

Maksim Gorki boltxebikeen alde azaldu zen beti, baina hainbat gauzatan ez zegoen ados haiekin eta kritika zorrotzak ere egiten zizkien. 1917ko iraultzaren ondoren, Leninen zenbait jokabide gaitzetsi zituen, baina iraultzaren alde jarraitzen zuen. 1921ean Italiara alde egin zuen berriro.

1929an itzuli zen. Kulturaren sustatzaile izan zen eta hainbat aldizkariren sortzaile. 1936Ko ekainaren 18an hil zen Moskun.

“Ama” euskaratu zuen Jose Morales Beldaren arabera, hiru motatako lanak idatzi zituen Gorkik: Kapitalismoaren gainbehera eta burgesiaren ustelkeria agertzen dituztenak, hala nola “Foma Gordeiev” eleberria (1899), “Burgeskumeak” antzezlana (1902), “Artamonov familia” eleberria (1925); edo “Klim Sanginen bizitza” tetralogia (1925-1936); langileak protagonista dituztenak, hala nola “Sakon ilunak” antzezlana (1902); aipatutako “Ama” eleberria (1907) edo “Okurov hiritxoa” errelatoa (1909), eta autobiografikoak:“ Haurtzaroa” (1914), “Egunkariko oharrak” (1924)eta “Nire unibertsitateak” (1925).

Gaur egun, haren idatziak mugarritzat jotzen dira literaturaren historian.