GAUR8

Iranek eta AEBk gerrari amaiera emateko bide-orria adostu dute Suitzan

Iranek eta Amerikako Estatu Batuek 60 eguneko epean gerrari amaiera emateko bide-orria adostu dute. Qatar eta Pakistan bitartekariek elkarrekin argitaraturiko oharraren arabera, elkarrizketa teknikoekin hasteko oinarriak ezarri dituzte.

Aste osoa iraungo duten negoziazioetan, gakoa izango den elementuetako bat Irango programa nuklearra izango da. Memorandumak aurretiaz jaso zuen moduan, herrialde pertsiarrak arma nuklearrak ez erosi eta ez garatzeko konpromisoa hartu du. Behin-betiko akordioa NBEko segurtasun kontseiluaren ebazpen lotesle batekin berretsiko da.

Ormuzeko itsasarteari dagokionez, bi aldeek ontzien igarobide segurua bermatzeko komunikazio bide bat sortzea adostu dute. Itsas-minak kendu ostean, 30 eguneko denbora-tartean lehengoratuko da itsasarteko trafikoa. Hala ere, epe luzera begira, Teheranek bidesari bat jartzea aurreikusi du. Irango negoziaketa taldearen buruak esan zuen ez zirela gerra aurreko egoerara itzuliko.

Bitartekariek Libanoren aurkako erasoak eteten direla bermatzeko, gatazkak kudeatzeko zelula bat osatuko dute. Gatazka bertan behera uzteko akordioa Libanon aplikatzea eskatu du Iranek, baina Benjamin Netanyahuk ziurtatu du armada ez dela herrialdearen hegoaldetik erretiratuko. Abbas Araghchi, Irango diplomaziaburuak, ordea, Libanoko gerra amaitzeko aurrerapauso handiak eman dituztela jakinarazi du.

Irango atzerri aferetako ministroaren beste iragarpenetako bat petrolio eta produktu petrokimikoen esportazioen bueltakoa da. Ez dagoela mugarik, eta blokeoa bertan behera gelditu dela jakinarazi du.

Negoziazioen lehen jardunaldiaren anekdota argazkiaren unean heldu da. Irango ordezkaritzak uko egin dio, JD Vance, AEBko presidenteordearekin argazkia ateratzeari. CNN telebista kateak azaldu duenez, Donald Trumpen mehatxuekiko protestan egin diote uko argazkiari.