GAUR8

Ehundaka hildako Venezuelako lurrikaran

7,2 graduko lehen lurrikara batek eta 7,5eko erreplikak anabasa eragin dute Venezuela erdialdeko kostaldean. 32 hildako baieztatu ditu gobernuak eta ehundaka dira desagertuak, asko baitira larriki kaltetuak izan diren eraikinak.

Lehen lurrikara, 7,2ko magnitudekoa richter eskalan, Venezuelako erdialdeko kostaldean gertatu zen asteazkenean, bertako 18:04an, Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuak jakinarazi zuenez. Epizentroa San Felipe hiritik gertu izan da, Yaracuy estatuan, Caracasetik 280 km mendebaldera.

Lurrikarak ehundaka lagun harrapatu ditu adibidez, Maiquetiako aireportuan, La Guayra estatuan. Hainbat zati bertan behera etorri dira. 

Bigarren lurrikara, ia berehala eman da, eta are bortitzagoa izan da, 7,5eko magnitudearekin. 

Hildakoen lehen balantzeak 32 hildako eta 700 zauritu baino gehiagoren berri ematen du, baina uste da kopurua asko igoko dela, milaka erreskate burutzen ari baitira.

Delcy Rodriguez Venezuelako presidente arduradunak jakinarazi duenez, Caracas, La Guaira, Miranda, Aragua, Carabobo eta Falcon estatuetan izan dute eragina bi lurrikarek eta ondoren izandako 20 erreplika baino gehiagoren ondorioz larrialdi egoera ezarri dute herrialdean.

Jorge Rodriguez eta Diosdado Cabello parean zituela, presidente arduradunak esan du lehetasuna bizitzak salbatzea dela eta gero helduko dietela azpiegitura kaltetuen konponketei. «Batasuna» eskatu die venezuelarrei.

Kuba, Brasil, Mexiko, Kolonbia edota AEB daude Venezuelari babesa agertu eta laguntza eskaini dietenen artean. Datozen orduetan ziur asko erreskate taldeen bidalketa koordinatuko da.