Aiora Zabala
Ingurumen politikan irakaslea eta ikerlaria, Cambridge unnibertsitatean

Elikadura, merkatuak eta herriaren boterea

Bero-boladak puri-purian dauden bitartean zaila egiten zait beste zeozertan pentsatzea: nora joan burmuina freskatzera, ideiak berriz mugi daitezen. Zuhaitzen itzal dentsoren bat, non ote dago? Eta horrelakorik nire inguruan aurkitzeko zorterik ez badut, zein eraikinen barnean egonen naiz freskoen? Hori hil ala biziko erabakia da batzuentzat.

Bilaketa horretan gauden bitartean, letxugek eta babarrunek baratzean eguzkipean emango dute eguna, erretzeko tenperaturekin. Haientzat beroa jasangarria izan daiteke, ur nahikoa baldin badago sustraien inguruan. Zorionez, euri-uraren upelean nahikoa ur gelditzen da.

Baina ohi baino gehiago eta maizago datozen bero-boladek elikagai-sistemak astintzen dituzte. Azalera handietan ureztatzeko behar den ura ez da eskuratzen edo biderkatzen erraza. Munduko ur gezaren %90 inguru erabiltzen da nekazaritzan ureztatzeko (%60 inguru Iberiar penintsulan). Gainontzekoak -gure etxeetan eta industrian jasotzen duguna- lehentasuna duenez, eskasia ez da ia sumatzen. Nekazariek, ordea, bai, igartzen dute. Bestalde, aurten El Niño fenomenoa iragarrita dago, planetako toki batzuetan gehiegizko euriteak eta besteetan lehorteak ekarriko dituena, elikagaien ekoizpenean izugarrizko ondorioekin. Adituek diote horrelako urteetan, mundu mailan, janari nahikoa sortzen dela, toki batzuetan eskasia badago ere, besteetan oparotasuna baitago. Orduan arazo nabarmena elikagaien banaketa da: janaria nola helarazi pertsonengana.

Aktore boteretsuek elikagai-sistemetan duten kezka nagusia kantitate gehiago ekoiztea da. Horretara bideratzen da ikerketa eta enpresak bultzatzeko inbertsio gehiena. Horrekin batera, elikagai-sisteman beste bi kontu dira garrantzitsu: janariaren nutrizioa eta banaketa. Azken horren harira, munduko lagun guztiak elikatzeko adina ekoizten da, baina ez da ongi banatzen. Elikagaiak behar den tokietara iritsiko balira, ez litzateke gehiago ekoitzi behar. Beraz, kontraesana dago kezka handienaren (kantitatea) eta behar handienaren (banaketa) artean.

Kontraesana dago, era berean, janaria ekoizteko merkatuak diktatzen duenaren eta sistema ekosozialek behar dutenaren artean. Enpresa pribatuak bien artean daude: naturak eta jendeak behar dutena (elikagai jasangarriak) eta akziodunek eskatzen dutena (mozkinak). Legeek ekiditen ez badute, merkatuak diktatzen du natura eta laborariak ahalik eta gehien esplotatu behar direla, gainerako ondorioei kasurik egin gabe: ur eskasia, pestizida eta ongarri industrialen kutsadura, bioaniztasunaren murrizketa... Etorkizuneko ekosistemen degradazioari ez ikusi egiteak, ordea, nekazaritzako elikagaien industria bera jarriko du arriskuan.

Askotan enpresek merkatuari eta mozkinei besterik ez dietela kasu egiten badirudi ere, enpresak gidatzen pertsonak daude. Haietako askok ikusten dute jasangarritasunaren beharra eta aldaketarako enpresen boterea. Baina industrian dauden pertsonen intentzioek muga bat aurkitzen dute. Azkenaldian Danone eta Unilever erraldoien zuzendari nagusiek dimititu behar izan dute, jasangarritasuna bultzatu dutelako eta akziodunei gehiegizkoa iruditu zaielako.

Orduan, zer? Enpresek elikagaiak modu jasangarriagoan egin eta banatzeko, erregulazioa hobetu behar da: legediek hala ahalbidetu eta errekeritu dezaten. Botere politikoen lana da hori. Gobernuak eta legegileak ere bi kontuk baldintzen dituzte: industriaren lobbyek eta hautesleek. Lobbyek euren jarduera ekonomikoaren aldeko presioa egiten dute. Presio horri kontrajartzeko zer gelditzen da? Herriaren boterea: iritzi publikoak eta herritarrek eskatzen dutenak lagunduko diete legegileei eta gobernuei norabide onuragarrian joaten. Adierazpena ez da inozoa: Erresuma Batuko lehen ministroak dimititu du aste honetan, ez zeozer egiteagatik, baizik eta zuen onarpen maila amildu delako inkestetan.

Elikagai-sisteman bero-boladek ekarriko dituzten astinduek industriaren eraldaketa behartuko dute, merkatuaren gutiziak gorabehera. Indar horien aurrean, herritarren eskaria eta herri mugimenduak funtsezkoak dira elikagai-sistema erresilienteak eta jasangarriak sortzeko. •