Eskutik helduta: Harrera eta Adopzioaren Integraziorako Eredu Orokorra

Ekainaren 17an, UEUk antolatuta, Eibarreko Markeskoa jauregian «Haur eta Nerabeen Osasun Globala: diziplinarteko begirada bila» ikastaroa egin zen. Bertan, pediatrak, filosofoak, gizarte hezitzaileak eta psikologook elkarrekin hausnartu genuen, eta nik kalte goiztiarraren zauriak familian eta komunitatean sendatzeko Harrera eta Adopzioaren Integraziorako Eredu Orokorra (HAIEO) aurkeztu nuen.
Adingabe bat harrera edo adopzio familia batera iristen denean helduek sarritan ibilbide zoriontsu bat imajinatzen dute; etxe egoki baten eskaintza, guraso onak eta aukera berrien ibilbide atsegina. Hala ere, errealitatea ez da hain gozoa. Izan ere, adin txikikoek bizitzaren lehen urteetan bizi izan dituzten abandonuaren, utzikeriaren edo tratu txarren ondorioak barneraturik daramatzate, eta harreman-zauri horiek sendatzeko denbora eta laguntza irmoa behar izaten dituzte.
Zauri horiek gorputzean, emozioetan eta harremanak ulertzeko moduan eragina dute. Horrenbestez, harrera eta adopzioa ez dira etxe berri batera iristearekin amaitzen diren prozesuak; aitzitik, segurtasuna, konfiantza eta lotura afektibo osasuntsuak pixkanaka eraikitzeko bide luze eta konplexuak dira.
Azken urteotan, haurtzaroko esperientzia kaltegarriek (ACE, Adverse Childhood Experiences) pertsonen garapenean duten eragina modu esanguratsuan ikertu izan dira. Badakigu lehen urteetan jasandako kalteek nerbio-sistemaren garapenean eragin zuzena dutela. Amigdalaren hiperaktibazioa eragiten dute eta mehatxua identifikatzeko garaian eragin bortitza du, alerta-egoera, behar ez denean ere, aktibatuta mantenduz. Errealitate horrek adingabeen jokabidean eragina du, eta kanpotik ikusita desobedientzia, neurrigabeko haserrealdiak edo probokazioak diruditena, icebergaren punta besterik ez dira, eta, haren azpian, biziraun ahal izateko garatutako estrategia defentsiboak ezkutatuta daude.
Zuhaitz-enborren barruko eraztunen irudiak kalte goiztiarraren eragina modu sinbolikoan ulertzen laguntzen du. Zuhaitz baten enborra ebakitzen denean, haren eraztunek bere historia kontatzen dute: bizitako urtaroak, lehorte-garaiak, izurriteek edo ekaitzek eragindako zauriak, baita hazkunde eta hedapen garaiak ere. Eraztun bakoitza agerian geratzen da, ez da bakar bat ere desagertzen, eta eraztunak bata bestearen atzetik hazten doaz garatzen jarraitzen duen egitura berean. Antzera, haur baten historia ezin da ezabatu, ezta ordezkatu ere. Beraz, familia berria ez da hutsetik hastea, baizik eta adin txikikoak bizitakoa bere bizi-narratiban integratzea, benetan errotu ahal izateko, hazteko eta osasuntsu garatzeko.
“Eskutik helduta: HAIEO” harrera eta adopzio familiekin egindako esku-hartze zuzenean oinarritzen da, eta integrazio-prozesuak azaltzeko orain arte proposatutako eredu nagusien ekarpenak bateratzen ditu. HAIEOren helburua integrazio-prozesua ikuspegi zabal eta komunitario batetik ulertzea da. Horretarako, lehenik eta behin, aurrerapausoak eta atzerapausoak dituen espiral-itxurako ibilbide gorabeheratsua dela azpimarratzen du.
Eredua bost fase edo trantsiziotan egituratzen da, eta kalte goiztiarraren integraziorako bidean haurrek, gurasoek eta komunitateek zeharkatzen duten prozesu emozionala, kognitiboa eta harremanezkoa modu sinboliko eta ulergarrian irudikatzen du:
1. Hasierako idealizazioa: Ideien mundua.
2. Errealitatea ezagutzea: Eskua eskaintzea.
3. Baldintzarik gabeko onarpena: Eskua hartzea.
4. Harremanaren berreraikuntzaren kontzientzia: Eskua eustea.
5. Berreraikuntzaren sendotzea: Eskuragarri egonez, eskua askatzea.
HAIEOk giza sostenguaren garrantzia ulertzeko aurreko ale batean azaldu genuen Katiluen Teoria (Mendiluze, 2025) ere proposatzen du. Azken finean, begirada sentikorrarekin eta harreman-konpromisoarekin, belaunaldiz belaunaldi transmititzen den sufrimendua arindu daiteke eta komunitateek zauriak sendatzeko duten gaitasuna indartu. Horretarako, nahikoa ona den tribu baten beharra dugu: gizatasunetik abiatuta, kaltea baino handiagoa den komunitatea, harreman bakoitza itxaropenerako aukera bihurtzeko gaitasuna duen gizarte heldua.


