Lurrarekin eraikitzearena

Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA
Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA

Dagoeneko pasa dira 75 bat urte industrializazioak eraikuntza-aukera berritzaileak diseinu mahaian jarri zituenetik. Denbora nahikoa morteroaren gehigarrien, hormigoi armatuaren, zoru sintetikoen, margo plastikoen, altzairuzko egituren, isolamendu sintetikoen, prefabrikatutako hormigoi-panelen eta beste hainbat materialen zahartze-bizitzari buruzko iritzi bat eraikitzeko. Petrolioaren eratorriekin egindako material-gama oso zabala da eta bakoitzak ezaugarri zehatzak ditu, baina ondorioztatu daiteke betirako materialen kantitatea, edo oso murritza dela, edo mantentzerik gabeko materialik existitzen ez dela. Materialek bizi-espazio bati forma ematen dioten bitartean, eta, beraz, gure gorputzarekin harreman bat eraikitzen duten unetik, materialarekiko harremana zaindu egin behar da, eta ez dago harremanik mantentze-lanik gabe. Sinesmen bat dago material sintetikoen alde, zero-mantentze behar dutela eta ez dutela denboraren igarotzea sumatzen, eta ez da guztiz egia.

Lehenik eta behin, ez dakit inor ba ote dagoen azken eraikuntza-iraultzaren uztak ekarri dituen patologien azterketa egiten, eta, egitekotan, material bat isolaturik behatzeak arrisku handiak ditu, baldintza askok eragiten dutelako zahartzearen bidean (nola diseinatu den materialen sistema, nola eraiki diren eta zaindu diren...). Edozein kasutan, iraultzazkoak izan diren eraikin asko ari gara zaharberritzen une honetan, eta patologia asko identifikatu ditugu. Arrazoiak askotarikoak dira, noski, eta ez beti materialen ezaugarriei egotz dakizkienak. Baina eransgarriz eta sintetikoz jositako eraikuntzak daukan fama ona ñabartzeko adina datu baditugu. Eta balorazioari gehituko bagenio ingurumen-medikuntzak iragartzen duena, industrializazioaren zenbait materialen erabilera berregokitzeko interesa zabaltzen da. Geroz eta zabalduago eta onartuago dago barne espazioetan gorputzarekin kontaktu zuzenean diren zoruen, pareten eta sabaien akaberetako karga toxikoa arnasten dugula egunero (hala nola atonduretako ehundura eta altzariei jartzen zaien sutearen babeserako toxikotasuna). Eta gure bizitza denboraren %80 barne espazioetan igarotzen dugu.

Atzera begirakoak ekartzen digu, gutxienez, bidean alboratutako eta utzitakoa berreskuratzeko oharra. Ze, toxikorik gabeko materialekin eraikuntzako esperientzia luzea da. Material naturalak deritzotenek (karea, buztina, margo mineralak, zuntz begetalak, olioak) ez dute arnasten dugun ingurua kutsatzen, inkluso kasu batzuetan, materialek garbitzeko gaitasuna dute. Baina berreskurapenerako bidea egiteko, lehenik errotutako sinesmen batzuk erori behar dira, egotzi zaien fama txarra gainditzeko: erresistentzia gutxiago dute, garbitzeko zailagoak dira, mantentze gehiago behar dute, garestiagoak dira, aplikatzeko teknika konplexuagoak behar dituzte... Lurrarekin eraikitzen genueneko garaia ez dago hain urruti eta ez luke hain arrotza izan behar. Alboratutako eredu desberdin bat da, egoeraren arabera barneratzeko modukoa. •