Miren Azkarate
Kazetaria

Txikitasun handia

Herri txikia da gurea, baina horrek ez du esan nahi ez dugunik gauza handirik lortzen edo egiten. Adibide argi bat: mundu globalizatu eta ero honetan herri gisara bizirautea. Sinplea dirudi, baina ez da.

Txikitasun hori onartuta, harrotasunez, gainera, eta konplexurik gabe, liburu azokei buruz bi hitz gaurkoan. Merezitako aipamena dela uste dut astebeteko aldearekin ekainean izan ziren bi liburu azoka lerrootara ekartzea. Euskara hutsezko produkzioekin egiten diren bi azoka. Durangokoari inbidia handirik ez izatekoak, ene ustean: Zarauzko Literaturia liburu azoka eta Ziburukoa. Eta ziur beste txokoren batean ere egin zirela, garai bertsuan ez bada, beste batean. Barka, ez aipatzeagatik.

Kultura dena handi eta masifikatu kontsumitzen dugun honetan, dena digitalean eta hizkuntza hegemonikoetan, azoka hauek are eta zentzu handiagoa hartu dute nire bizitzan. Gure hizkuntzan idatzitakoa esku artean izatea, idazleekin hartu-eman lasaian aritzea, kezkak eta lorpenak partekatzea, gure txikitasun (handi) hori ospatzea… Preziorik ez duen bizipena da.

Altxorra da duguna eta asko ez gara kontziente. Ez da soilik tokikoa duguna, kalitate izugarrikoa baizik. Urrutitik begiratuta txikia dirudien hori izatez erraldoia da.

Udan eta opor aroan sartuta jada -ez denak, noski-, formatu txikiko kulturaz blaitu eta gozatu! •