GAUR8

Hontza Museoak ‘Askondoko leize-hartza’ erakusketa du ikusgai

Askondoko kobazuloan aurkitutako artzaren aztarnak, Europako historiaurreko ugaztun ikusgarrienetako bat zen espezie batenak, Hontza Museoko protagonista nagusiak dira. Aurkitu zituzten haren aztarnak eta hezurdura bezalako elementuak ditu ikusgai

‘Askondoko leize-hartza’ erakusketa dago Mañariako Hontza Museoan.
‘Askondoko leize-hartza’ erakusketa dago Mañariako Hontza Museoan. (Hontza Museoa)

Mañariako Hontza Natur Zientzien Museoak aldi baterako erakusketa bat ireki du, Askondo kobazuloan aurkitutako leize-hartzaren hezur originalak eta beste aztarna batzuk ikusgai jarriz.

Erakusketa 2027ko irailera arte egongo da ikusgai, eta Pleistozenoan Europan bizi izan ziren espezie horretako hezurren aukeraketa bat erakutsiko du, zientzien erakusgela horretako ordezkariek jakinarazi dutenez.

Hartz honen jatorrizko piezak erakusteaz gain, indusketa arkeologikoen eta ikerketa paleontologikoaren barruan egindako lana plazaratzen du. «Erakusketaren bidez, leize-hartzaren ezaugarri biologikoak, glaziazio-garaiko ingurunera izan zuen egokitzapena eta garaiko fauna eta paisaiekin zuen harremana ezagutu ahal izango dira», zehaztu dute museotik. 

Ikuspegi didaktikoa

Askondon aurkitutako aztarnek duten balio zientifikoa eta ondare-balioa azpimarratzen direla azaldu dute, historiaurrearen ikerketan egindako ekarpena nabarmenduz. Horregatik, erakusketak duen ikuspegi didaktikoa azpimarratu dute.

Haitzuloetako hartza Europan bizi izan zen Erdi Pleistozenoaren amaieratik eta Pleistozeno berantiarrean duela 24.000 eta 26.000 urte artean desagertu zen arte.

Desagertzearen arrazoia oraindik eztabaidagai bada ere, klima hoztearen eta gizakiak ehizatzearen ondorioz landaredia jaitsi izanaren hipotesiak aztertzen ari dira.

Hontza Museoa natur zientziei eskainitako kultur espazio pribatu bat da, 2014ko azaroan ireki zena.