
Aisialdiaz gozatzeko aukera emateko pentsatua, eta Ave Maria parkea herriko kale bizitzaren erdigune izanik, ingurune horretan atsegin hartzeko jarduera sorta prestatu dute Hernanin. ‘Uda parkean’ jaialdia da eta hiru egunez luzatuko da, uztailaren 23tik 25era.
Egitaraua Hernaniko Udaleko Kultura, Jarduera Fisiko eta Kirola eta, Haur, Nerabe eta Gazteria sailek osatu dute elkarlanean, eta bi alderdi azpimarratu dituzte: «parkeaz gozatzeko eskaintza da» eta aniztasuna du ezaugarri nagusia, «adin aldetik eta diziplinei dagokienez baita eskaintzaren ordutegiaren aldetik ere». Helburua da «hiru egunez parkeaz modu ezberdinetan gozatu ahal izatea».
«Aurten, txikienentzako Cris Clown clown kataluniarraren ‘Home’; ‘Ez da kasualitatea’ bertso saio musikatua -Eli Pagola ereñotzuarra ariko da Amaia Agirreri erantzuten, Maialen Akizu eta Maddi Aiestaranekin batera-; zirkua Zirkozaurrerekin (Ardatza); Haatiken ‘Ioi’ dantza emanaldia edota Duck’to konpainia kataluniarraren ‘A rienda suelta’ akrobazia emanaldia izango dira», aurreratu dute.
Musika emanaldiak ere proposatzen du programazioak. Horien barruan, «euskal musika eszenan tokia egiten ari den eta eskualdeko musikariz osatutako Gailuren kontzertua» izango dela aurreratu dute. Hilaren 25ean izango da, eta «ondoren ginga jartzeko, Izaki Gardenak-ek joko du».
Musika gaua, gazteentzat
Gazteei zuzenduta dagoen egitarauko zatia ostiralean, hilaren 24an, kontzentratuko da. Musika gaua prestatu dute Zilibito Records musika urbanoa egiten duen kolektiboarekin eta herriko Sutargi erromeria taldearekin. Oritz Barrenetxea eta Hodei Elola taldeko kideek azaldutakoaren arabera, erromeria berezia ari dira prestatzen, «herriko lagun musikari, bertsolari eta sortzaileak» gonbidatu baitituzte oholtzara.
«Gorputza aktibatzeko jarduerak» prestatu dituzte 65 urtetik gorako lagunentzat. Haurrentzako ere egunero izango da eskaintza. Zehaztu dutenez, «askotariko haur jolasez gain, oztopo jolasak ere izango dira, Denontzat kirol elkartearekin elkarlanean eta Urumeako biodibertsitatea ezagutzeko tailerra ere izango da».


