
Bisarik ez duen afganiar oro «istantean» atxilotzeko agindua eman du Pakistango Barne Ministerioak. Atzo bertan indarrean sarturiko araudiak ez du esaten atxilotutako pertsonak kanporatu, zigortu edo auzipetu egingo dituzten. Gobernuak probintzietako agintariei exijitu die egunero txosten bat aurkezteko, bisarik gabeko zenbat afganiar atxilotu dituzten, haiekin zer egin duten eta zer estatus duten zehaztuta. Lehendik migratzaile eta errefuxiatu afganiarren kontra indarrean dauden neurriak gogortu egiten ditu araudi berri honek. Pakistango Gobernuak 2023an onarturiko Legez Kanpoko Atzerritarrak Aberriratzeko Planaren arabera, bi milioitik gora afganiar beraien herrialdera itzuli dira edo deportatu egin dituzte. Azken lau hamarkadetan milioika afganiarrek ihes egin dute Pakistanera gerraren ondorioz. 2021ean talibanek boterea hartuz geroztik, ehunka mila iritsi ziren. «Migrante estatusa berritzeko lan handia dute berez afganiarrek. Orain izua eta ziurgabetasuna zabaldu da haien artean. Kontuan izan behar da askok hamarkadak daramatzatela Pakistanen bizitzen», salatu du giza eskubideetan aditua den abokatu Samar Abbasek. Bi herrialdeen arteko gatazkak okerrera egin du azken asteetan; erdian gerratik, pobreziatik, errepresiotik... ihes egin dutenak daude beste behin ere.



