Gaur 8

Petra Schelm, Armada Gorriaren Frakzioa talde armatuko lehen hildakoa

1971ko uztailaren 15ean, Mendebaldeko Alemaniako Poliziak 20 urteko Petra Schelm gaztea tiroz hil zuen Hanburgon kontrol batean. Petra Schelm Armada Gorriaren Frakzioa (Rote Armee Fraktion edo RAF) talde armatuko lehen belaunaldiaren kidea zen eta poliziak hil zuen lehena. 

 

Petra Schelm gaztearen hilobia.
Petra Schelm gaztearen hilobia. (WIKIPEDIA COMMONS)

RAF (Rote Armee Fraktion) Mendebaldeko Alemaniako talde armatu ezagun eta garrantzitsuenetarikoa izan zen, ezkerreko joera iraultzaile nabarmenekoa. 1970ean sortu zen, Ulrike Meinhof eta Andreas Baader buru zituela, eta 1993ra arte burutu zituen ekintzak.

Hego Amerikako hiriko gerrillen moduko talde armatua izateko asmoarekin sortu zen, Uruguaiko Tupamaroen antzera. AEBn inperialismoaren aurkako, eta kapitalismoaren eta sistemaren kontrako askapen borroka nazioartekoa behar zuen izan, haien ustetan.

Talde honen lehen belaunaldiaren kidea zen Petra Schelm. Manfred Grashof mutil-lagunarekin batera borroka armatuaren hautua egin zuen. 1970eko maiatzean, gainerako kideekin batera, Jordanian hiri gerrillaren taktiketan entrenatu zen palestinarrekin batera. 

Schelmek Alemaniako bankuei egindako hainbat erasotan eta Baader Meinhof egitura klandestinoaren eraikuntzan parte hartu zuen. 1971ko uztailaren 15ean, Petra Schelm lapurtutako auto batean zihoan Werner Hoppe kidearekin, Poliziak geldiarazi zituenean, ihes egin zuten korrikan biek.

Hoppe, helikoptero eta guzti egindako jazarpen baten ondoren, atxilotu egin zuten; Petra Schelm hil egin zuten. Bertsio ofizialaren arabera, «Schelmek amore ez ematea erabaki zuen; jakatik pistola bat atera eta poliziari tiro egin zion eta hauek erantzun baino ez zuten egin».

Komunikabideek argitaratutako irudietan, Schelmenek tiro bakarra zuen begi batean. Zauria argi eta garbi ikusten zen, tiro batez errematatu balute bezala. 20 urte baino ez zituen.

RAFek 1998an disolbatu zuen bere burua ofizialki, nahiz eta ordurako bost urte zeramatzan ekintza armaturik egin gabe. Ordura arteko borrokan, 34 lagun hil zituen eta, aldi berean, bere 20 militante galdu zituen.