Asier Aiestaran
Kazetaria

Gipuzkoako baserritarrak mindu egin ditu kontagailuak jartzeko eskaerak

Jatorria Europar Batasunean duen lege baten ondorioz, Mendiko Urak erabiltzen dituzten Gipuzkoako baserritarrek kontagailuak jarri beharko dituzte eta zerga ordaindu. Neurriarekin kexu dira, ur hornidura fidagarri bat edukitzeko egin behar izaten duten lan eta gastu guztia ez delako kontuan hartu.

Aia inguruan hartutako irudi honetan, hainbat baserriren ikuspegi orokorra erakusten da.
Aia inguruan hartutako irudi honetan, hainbat baserriren ikuspegi orokorra erakusten da. (Gorka RUBIO ! FOKU)

Gipuzkoako baserritarrak minduta daude. Lehendik ere askok bazuten sentipena haien errealitateak erakundeetako bulegoetan behar besteko begirunerik ez ote zuen, eta sentipen hori areagotu duen beste neurri baten berri izan dute azken hilabeteotan. Mendiko uren erabiltzaile horiek gutun bidez jakin dute iturburuetan kontagailuak jarri beharko dituztela, instalazio guztiak haien poltsikotik ordaindu, ur horren gaineko zerga ere kobratuko zaiela, eta agindua bete ezean isunak jasoko dituztela.

Egoera zein den hobeto ulertzeko Naroa Irure EHNE Gipuzkoako ordezkariarekin harremanetan jarri gara, eta azaldu digunez, gaur egungo arazoaren jatorria aspalditik dator. «Jatorria Europar Batasunak 2000. urtean atera zuen zuzentarau bat da. Pentsa, duela 26 urte izan zen. Lege horrek dioena da Europak jakin behar duela Europa mailan zenbat ur dagoen, eta agente bakoitzak erabiltzen duen ur kantitatea. Zergatik? Ba hori justifikatzeko aipatzen den arrazoietako bat aldaketa klimatikoa da. Suteak gero eta maizago gertatzen direla, sute horiek itzaltzeko gero eta ur kantitate handiagoa behar dela, lehorteak gero eta maizago gertatzen direla...», abiatu du azalpena Irurek.

«Zer gertatzen da Europako direktiba hauekin? Ba Europak ezartzen duena gero herrialde bakoitzak txertatu behar duela bere legedi propioan. Estatu mailan, 2001. urtean atera zuten errege dekretu batean zehaztasun gehiago sartu zituzten. Baina dekretu horrek Gipuzkoari eta Bizkaiari ez die eragiten, itsasoa dutelako eta bertako ibai eta errekak jaio eta hil herrialde edo autonomia erkidego berean egiten direlako. Horregatik, 2006. urtean Eusko Jaurlaritzak bere lehen legea atera zuen, 1/2006 Legea, ‘Ley de aguas’ bezala ezagutzen dena. Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako legea da berez, baina Arabari Estatu mailako legeak eragiten dio, ez daukalako itsasorik. 2006ko lege horren baitan sortu zen URA agentzia. Agentziaren eskubide eta betebeharrak zehazten dira legean eta hor jada hasten da kanonaren edo zergaren gaia aipatzen», jarraitu du.

Irakurlea jada jabetuko zen moduan, arintasuna ez da izan inoiz prozesu honen ezaugarria: «2017an, Eusko Jaurlaritzak agindu bat atera zuen, eta agindu horretan zehazten dira ur-bolumenak kontrolatzeko sistemak. Hau da, lege horrek zehazten du ur kantitate horiek nola neurtu behar diren Euskal Autonomia Erkidego mailan, eta kontagailuak instalatzeko obligazioa ezartzen du. Ezartzen da titularrak ordaindu behar duela instalazio,mantentzea egin behar duela, eta irakurketa egin behar duela gutxienez urtean behin. Eta hurrengo dekretua 2021ekoa da. Horrek jada kanona ‘tributu propio’ bezala zehazten du, kantitateak, eta abar».

Legedi aldaketa horien guztien berri zuzena duela gutxi izan dute baserritar askok, ez denek, gutun bidez. «Legedi horien ondorioz, duela denbora bat gutun batzuk iristen hasi zitzaizkien baserritarrei. 2021ean batzuk iritsi ziren, oso gutxi, baina 2025etik aurrera jada gutun gehiago iristen hasi dira. Guk ez dakigu zehazki zer irizpide erabili dituzten gutunak bidaltzeko, zeren etxe batzuetara iritsi dira eta beste batzuetara ez. Gutuna jaso duten baserritarrak ura erabiltzeko baimena dutenak dira, gertatu izan da ur iturburu berdina erabiltzen duten baserritarren artean bati gutuna iristea eta besteari ez...», kontatu digu Naroak.

Eta salatu duenez, gutunen tonua informatiboa baino gehiago mehatxuzkoa da kasik. «Gutunekin gertatu dena da beldurra dezente zabaldu dela, mezuak nahiko mehatxuzkoak direlako, ez daude oso tonu egokian idatzita, eta laburbilduz diote agindutakoa betetzen ez bada isunak jartzen hasiko direla. Hasieran gutun bat zen, gero gehixeago... eta ondorioz gero eta afiliatu gehiago hasi ziren gurekin harremanetan jartzen. Orduan hasi ginen apur bat ikertzen eta ikusi genuen Eusko Jaurlaritzak eskatzen duena dela, eta URA agentzia erabiltzen du hori exekutatzeko, titular bakoitzak kontagailua jartzeko bere iturburuan edo iturburutik ahalik eta gertuen, eta beste aldetik kanon bat ordaintzeko, zerga propio bezala, erabiltzen den ur kantitatearen arabera».

ZER ZERBITZU JASOKO DA?

EHNE argi azaldu da kontagailuak eta kanona ordaintzearen aurka, baserritarrek urte luzez egindako lan eta inbertsioak ez direlako kontuan hartzen. Dirudienez, ezta etorkizunean egin beharko dituztenak ere.

«Ur instalazioak zabaldu zirenetik, herriguneetan bizi garen herritarrok ur zerbitzu bat daukagu. Gure zerga ordaintzen dugu eta ur edangarria etxera iristen zaigu. Eta hoditeria nagusian matxuraren bat baldin badago konponduko digute. Zer gertatzen da baserrietan eta landa eremuetan? Ba baserritar ia denek ura dutela beraiek egindako instalakuntzei esker. Hau da, baserritarrak bere poltsikotik ordaindu behar izan ditu deposituak, hodiak, matxuraren bat egon denean konponketak... Inork ez dio lagundu ekonomikoki ezertan, lan karga hori beraiek hartu dute beren gain», azaldu du Naroa Irurek.

Gipuzkoako Ur Kontsorzioko auto bat errepidean. (Gorka RUBIO ! FOKU)

«Gure erronketako bat da kaletarrek ulertzea zer egoeratan dauden baserritarrak. Tarteka entzuten dugulako: ‘Zuek ez duzue ura ordaintzen’. Bale, baina baserriek ura daukate beraiek egin dutelako hori posible egiten duen inbertsio guztia. Milaka euro instala-zioa,mantentzea, urik ez badago alternatibak aurkitzea... Nire poltsikotik, nire lanorduak horretan inbertituz, askotan aldamenekoei laguntza eskatuz...», gehitu du.

Eta kanonaren kasuan, ordaintzen den zergaren eta jasotzen den zerbitzuaren artean desoreka bat antzeman daiteke. «Planteatzen dena da baserritarrei kanon bat, zerga bat, kobratzea, trukean ezer jaso gabe, beraiek ezeren kargu egin gabe. Niri ez didate urik ekartzen, ur edangarririk ez dago leku askotan, matxuraren bat balego ere ez da zerga horien bidez konpontzen, eta nik baserritar bezala berdin-berdin jarraitu behar dut lan hori guztia egiten, ni izango naiz lana egingo duen bakarra».

Kontagailuekin ere antzekoa gertatzen omen da. «Europak behartzen du erabiltzen den ur kantitatea neurtzera eta URA agentzia da hori exekutatzeko arduraduna Eusko Jaurlaritzaren aginduaren bitartez. Baina beraiek egin beharrean, ardura baserritarrari edo landa eremuan bizi diren titular horiei pasatzen diete, esanez ‘zuek jarri’, ‘zuek ordaindu’. Noski, kontuan hartu behar da iturburu asko mendi puntan galduta daudela, sastraka artean, eta ez dela kalean etxetik okindegira ehun metro egitea bezala, ezta gutxiago ere. Asko ez daude leku irisgarrietan: desbrozatu egin behar da, mantentze hori egin behar da, edozein kontagailuk ez du balio, kontagailu asko blokeatu egiten dira, presio gutxi baldin badaukate gelditu egiten dira, euri asko egiten badu ere gelditu edo nahastu egiten dira eta abar. Ez da botoitxo bat jarri eta kito. Lasai asko 800-900 euro balio dezakeen kontagailu bat ordaindu behar da, instalatu behar da, kontagailu modelo horrek ez badu balio beste bat erosi behar da, izorratzen bada beste bat jarri behar da...»

Azken batean, lehendik ere burokraziak itota bizi diren baserritar askorentzat beste zama bat izango da. «URA agentziari dagokion lan bat egiteko eskatzen ari zaizkigu; lan hori egin beharrean pilota guri pasatzen digute, trukean ezer jaso gabe. Guretzat burokrazia gehiago da, ekonomikoki gastu handiagoa, lanorduak, kezkak, urtean behin egin behar da kontagailuen irakurketa, ez bada ongi egiten mehatxua jasotzen dugu, esanez egun batean datuak egiaztatzera pasatu daitezkeela... Zerga propioa da, eta horretan insistitzen dut, Eusko Jaurlaritzak jarritako zerga bat delako. Industriak eta beste sektore batzuek ordaintzen dute, baina nekazaritzak orain arte ez».

KONTAKTUAK ETA LAN ILDOAK

Egoera ikusita, EHNE Gipuzkoako ordezkariek beste lurralde batzuetako errealitatea zein den ezagutu nahi izan dute, eta harrigarria dirudien arren denetik aurkitu dute. «Bizkaitarrekin harremanetan jartzen hasita gaude, baina badakigu han uraren gaia beste modu batera antolatuta daukatela eta ez dakigu zehazki honek zenbateraino eragiten dien. Gipuzkoan antolatuta dagoen bezala, bakoitzak bere deposituak eginda eta abar, guri ehuneko ehunean eragiten digu. Arabako kasuan, kanonarekin zentratu ziren batez ere, baina jada etsita daude eta kanona ordaintzen hasi dira. Han jende askok kontagailua lehendik jarrita zeukan, baratzeak ureztatzeko daukaten sistemarengatik zenbat ur erabiltzen duten jakin behar izaten dutelako. Beste autonomia batzuetako egoeraz ere galdetu dugu. Nafarroan, Kantabrian, Asturiasen... kontagailuei buruz inork ez daki ezer. Kanonari buruz ere ez. Han ez dira ari Estatutik horrelako mekanismorik eskatzen, ez dute horrelako zergarik ezarri... Entzun dugunaren arabera, Katalunian zerbait egiten hasita daude, baina ez daukagu informazio askorik», zerrendatu du Naroak.

Horregatik, eta elkarlanerako prest agertu arren, EHNE jada hasia da Gipuzkoa mailan hainbat bilera informatibo egiten, baserritarrei egoera zein den jakinarazteko eta etorkizunera begira martxan jarriko dituzten lan ildoak definitzen joateko. «Azpimarratzekoa da egin ditugun bilera irekietan jendearen parte-hartzea sekulakoa izan dela. Jende pila bat etorri da, aretoak bete dira, jendea oso minduta dagoelako gai honekin. Horrek esan nahi du jendea oso kontzientziatuta dagoela, injustizia bat dela, eta honi heldu egin behar zaiola. Baserriaren eta lehen sektorearen aurkako beste kolpe bat dela. Jendearen jarrera txalotzekoa da, sindikatu bezala erronka handi bat daukagu aurrean, eta landu nahi dugu».

Ur hornidura sareko instalakuntza bat. (Gorka RUBIO ! FOKU)

«Lantalde potente bat sortzeko asmoa daukagu. Gipuzkoa mailan koordinazio mahai bat sortu nahi dugu, ahal dela herri guztietatik partaide bat edo bi izatea. Jendea parte hartzeko prest dago eta guk sindikatu bezala hori koordinatuko genuke», aurreratu du Naroak, lan ildo batzuk jada mahai gainean daudela jakinaraziz. «Alde batetik udaletxe guztiekin harremanetan jarri, eta bailaraka bilerak egiten joan. Adibidez, Urola Kostaz ari bagara, Azpeitian bilera bat egin bertako udaletxeekin, udal guztiek dituztelako herriguneak eta landa eremuak eta gai honen ondorioak denek jasango dituztelako. Gipuzkoako Diputazioarekin ere aurreneko bilerak egiten hasiak gara. Kolaborazioa eskatu diogu injustizia honen aurrean. Beraiek beste baliabide ekonomiko eta tekniko batzuk dituzte gurekin alderatuta, eta esku bat botatzeko eskatu diegu. Alderdi politikoekin egoteko asmoa ere badaukagu. Azken batean, presio soziala ezinbestekoa da. Eusko Jaurlaritza ere interpelatzen dugu. Azken batean, URA agentzia Industria sailaren parte da. Hainbat lan ildo daude, elkarrekiko osagarriak, eta denak martxan jarri nahi genituzke».

«Gure helburua da 2017ko legea aldatzea edo Gipuzkoa mailan salbuespen egoera batzuk ezartzea, dela kontagailua jartzeko obligazioa bertan behera uzteko edo beste mekanismoren bat erabiltzeko. Zeren azpimarratzekoa da 2017ko agindu horren 7. artikuluan azaltzen dela URA agentziak salbuespen egoera batzuk baimenduko dituela ongi justifikatuta baldin badaude. Helburua, beraz, Gipuzkoa mailan salbuespen hori ongi justifikatzea da eta kontagailua ez jartzea. Bilera guztietan aipatzen dut: ‘Hau maratoi bat da, triatloi bat. Ez da egun batetik bestera amaituko, ez da esprint bat’. Agindu bat aldatzea ez da erraza, baina ez da ezinezkoa ere».