Gaur 8

30 urte Biescas-eko Las Nieves kanpineko ezbeharretik

1996ko abuztuaren 7an, ekaitzaren ondorioz menditik behera etorritako uholde ikaragarri batek leku desegokian kokatuta zegoen Biescas-eko Las Nieves kanpina erabat suntsitu zuen. Ondorioz, 87 pertsona hil eta 180tik gora zauritu ziren. Hildakoen artean13 euskal herritar zeuden.

Ur-jauziak bidean aurkitu zuen guztia suntsitu zuen.
Ur-jauziak bidean aurkitu zuen guztia suntsitu zuen. (Joxe LACALLE | EGIN)

Las Nieves kanpina 1988an zabaldu zuten Biescasen (Huesca). Kanpin moderno, berri eta izen onekoa zen, paraje ikusgarri batean errotuta; mendia gogoko zuten familia askok zuten oporleku.

Gaur 30 urte, udako ekaitz baten ondorioz, bi orduz 120 litro ur bota zituen metro koadroko. Aras sakaneko zenbait presa lehertu egin ziren eta uholdeak Aras eta Gallego ibaien elkargunearen albotik egin zuen bidea, eta Las Nieves kanpina suntsitu zuen. 

Hurrengo goizeko argiek ezbeharraren intentsitatea erakutsi zuten, non erreskate taldeak lokatzez, enborrez, harriz eta txikitutako ibilgailuz beteriko paisaia batean gorpuak bilatzen saiatu ziren. Ia urtebete behar izan zuen azken gorpua aurkitzeko, Xavier Domenech izeneko haur katalanarena.

Biktimek justiziara jo zuten, eta Elena Melero akusazioaren abokatua saiatu zen frogatzen gertatutakoa ekiditeko modukoa izan zela eta Administrazioaren erantzukizuna izan zela kanpina okerreko lekuan egotea; Aras errekaren antzinako ibilguan, alegia.

Iñaki Antiguedad Hidrogeologian katedradunaren arabera, «geografia irakurtzen dakien edonork, ezbeharra gertatu aurretik ere, mapa batean gorriz biribilduko luke Biescasko kanpina».

Epaitegiz epaitegi, hamar urtera arte luzatu zen prozesu judiziala. Erantzukizun penalik ez, baina, 2005ean, Auzitegi Nazionalak ezbeharraren errudun jo zituen Espainiako eta Aragoiko Gobernuak.

30. urteurren honetan, zeresan handia ematen ari da du Ander Zubillagak (1990, Tolosa) argitaratu duen ‘Biescas’ abestia. Gipuzkoarrak bertatik bertara bizi izan zuen 1996ko tragedia, eta bizipen hura emozioz betetako obra musikal bihurtu du.