Eklipsea eta matxinsaltoa

Ezer baino lehen, eklipsea bost axola zaizuenoi, ematen ari garen matraka jasateagatik, zorionak. Kojon Prietoren “Pequeño saltamontes” kanta diezagukezue bueltan, eta elkarrekin dantzatuko dugu. Okerrena opa badiguzue ere, apika zorteko izango zarete gure lurretan beti baitago tartea hodeiren batek astronomiazaleak izorratzeko. Eta egon ziur, matxinsalto txiki andana trafiko anabasaren batean harrapatuta geldituko dela, ezin eklipseaz gozatu... Alta, ez bazarete oraindik eklipsearen hater egin, lerrootan topatuko duzue apika orain arte jaso ez duzuen gomendioren bat.
Garrantzitsuena, kontuz, ez begiratu eguzkiari! Betaurreko homologatuak izan arren; ez dira eklipseari begira egoteko, soilik segundo batzuz behatzeko baizik! Ilargiak bi ordu inguru beharko ditu Eguzkiaren aurretik pasatzeko, eta beraz, hoberena, fenomenoari zeharka jarraitzea izango da, lantzean behin eguzkiari zuzenean begiratuz (hots, betaurrekoak parteka daitezke). Zeharka izan liteke mugikorraren bidez, ez baitira zuzenekoak faltako, baina askoz hobe eklipsearen proiekzio bat egiten badugu, izan prismatiko edo teleskopioekin, edo kasik hobe, kartulina zati batean zulo bat eginez; estenopoa. Irudian ikus dezakezuenez, zuloaren formak ez du eraginik, bai, ordea, tamainak; proiekzio handietarako distantziak handitu beharko dituzue eta pantaila nola ilundu pentsatu... Portzierto, inguruan zuhaitzik izatekotan, ez galdu aukera hostoek sorturiko estenopoei esker eklipsea itzaletan proiektatuta ikusteko.
Bestetik, eklipsea ikusteko tokirik oraindik aukeratu ez baduzue, edo eguraldiaren zain bazaudete erabakia hartzeko, kontuan izan koordenatu hauek:
1. Mendebaldera egin: eguzkia gorago egongo da eta eklipsea luzeago ikusteko aukera izango duzue, ilunabarrak izorratu aurretik. Penintsulako muturreko bi adibide jartzearren, A Coruñan ortzi-mugatik 12 gradura gertatuko da maximoa eta ilunabarra baino lehen amaituko da fenomenoa. Castellon berriz, ortzi-mugatik lau gradu pasatxora gertatuko da eklipsea eta, beraz, askorentzat, horretan amaituko da eklipsea, Ilargiak Eguzkia nola desestaltzen duen ikusi gabe.
2. Gora egin: Eklipsearen inguruan topatu ez dudan informazio bakarra hauxe izan da: mendi batetik ilunabarra apur bat atzeratu dezakegula. Intuizioz badakiguna kalkuluetara eraman dut egunotan eta mila metroko altueran gradu bat beheratuko dugu ortzi-muga (“irabazitako angelua”, gradutan, igotako metroen erro karratua eta 0,032ren arteko biderketaren emaitza da). Bestetik, eguzkiaren ibilbidea horizontalarekiko inklinatua denez, ia zazpi minutu behar ditu eguzkiak irabazitako gradu hau osatzeko. Kontuan izan harremana ez dela lineala. 500 metrotan bost bat minutu irabaziko ditugu; mila metrotan, berriz, zazpi bat eta soilik hamar 2.000 metrotan.
Eta kasu, matxinsalto txiki! Batera edo bestera egitekotan, desplazamenduak garaiz egin, eta ez izan itzultzeko presarik, Perseida izar iheskorren maximoa ere bada eta probestu aukera gaueko zerua behatu eta txiribitak ikusteko! •


