Maddi Aiestaran
Bertsolaria

Mugitu beharra

Etxarrin egindako parrandaren usaina soinean duzula hartuko duzu kotxea. Oiartzunera joango zara lagun zahar bat bisitatzera. Patata batzuk erosiko dituzu biderako, gasolindegian. Eta bidean, irratiko esatariek Gasteizko jaien hasiera ematen duten bitartean, FOMOak erasango dizu; igual ostiralean joan naiteke... Errekan bainu bat hartzera zoazen bitartean, norbaiti deituko diozu, gaugiro ona dagoela eta ea afalduko duzuen hor nonbait. Trago bat hartzera joango zarete Ondarroara; “trago batzuk” hartuko dituzue azkenean. Eta mobileko egutegian apuntatuko dituzue datozen egunetako zita interesgarriak: Guardia, Mallabia, Zizurkil, Zugarramurdi, Leitza, Gabiria, Aretxabaleta. Etengabe mugitu beharra daukazu; etxeko egongelan oinak luzatzen dituzunean eta begiei ixten uzten diezunean, gainera etortzen zaizu dena.

Bihar edo etzi edo etzidamu, halako batean, norabait iristear zarela, kotxeko txibatoa piztuko zaizu, eta ibilgailua gelditzeko aginduko dizu. Agobiatu egingo zara, amorrua sentituko duzu, baina kasu egingo diozu. Eta pentsatu aurretik ze aberia izango den, ze tailer daukazun hurbilen, zenbat diru utzi beharko duzun, deituko diozu lagun min bati eta planeatuko dituzu ondorengo orduetako ibilerak kotxerik gabe egiteko moduak. Ez daukazu erremediorik.

Mugitu beharrak hartzen dizkigu gogoa eta gorputza udan; udan bereziki. Planak eta planak eta planak egin beharra dagoela dirudi. Eta horrek nekea pilatzen digu buruaren atzeko partean, sorbaldetan eta gerrian. Batzuetan, txibato batek gelditzeko agindu aurretik komeni izaten da gelditzea. •