Miren Azkarate
Kazetaria

Segurtasunaren izenean ez du denak balio

Hilabete luze da Donostiako Udalak Kaleko Afari Solidarioak debekatu zituela. 300 pertsonari egunean bero eta osasuntsu jateko aukera bakarra kendu zietela. Eta orain erosketa orgak ere delitu dira! Arrazoia: segurtasuna.

Gezurra dirudi Donostiako alkate jauna, zu eta ni, auzo berekoak izatea. Bai, ados, ni zu baino pixka bat zaharragoa naiz, baina garai bertsukoak gara halere; ikastola berbera, Trinia, plaza berak, kale berberak gurutzatu ditugu beti. Eta nik, behintzat, segurtasunaren izenean egiten dudan irakurketa beste bat da. 

Gu txiki-txikitatik bakarrik ibiltzen ginen Donostiako Parte Zaharreko kaleetatik: ikastolara, frontoian, Urgullen, parkean, erosketak egitera Bretxako baserritarrengana eta arrandegietara, portuan bainatzen ginen (gai hori beste baterako utziko dut, hori ere debekatua baitago)... Dena aski autonomoki. Gaur egun, ordea, pentsaezina da auzoko haurrak horrela ibiltzea kaleetatik. Eta arrazoia? Segurtasun(ez)a. 

Garai haietan, tabernetako langileek, komertzio txikietakoek eta auzotarrek, guzti-guztiek, ezagutzen gintuzten; eta guk haiek ere bai, noski. Orain, turistaz lepo daude bazterrak eta tokiko eta aspaldiko tabernak eta dendak jada ez daude. Gure portaletako bizilagunak ere jada ez ditugu ezagutzen, legezkoak diren bi pisu turistikoez gain, turistentzako (atzerritar onartuak eta desiratuak) ilegalak diren pisuak ere baditugulako.  

Elkartasuna ezin da inoiz delitua izan; elkarteetan, boluntario talde batek militantziaz egindako afariek  ez dute segurtasun eza ekartzen. Datuak atera arren, zenbat liskar egon dira afarien bueltan gustuko ez dituzun atzerritarrekin eta zenbat ongi etorriak dituzun horiekin?

Segi debekatzen auzoko bizitza, baina ez dadila segurtasunaren izenean izan, mesedez; esan Donostiako postala izorratzen dizuten gauzak debekatuko dituzula. Benetako segurtasun falta zuen turismo ereduak ekarri duelako auzora, heriotzara kondenatuz. •