Nepal eta Tibet arteko mugako lur-jausi erraldoiek eta bat-bateko uholdeek kalte zabalak, ehunka hildako eta mila desagertu baino gehiago eragin dituzte. Gertatutakoaren irudiek eraikinak, errepideak eta ibilgailuak suntsitzen dituen lokatz eta arroka olatu bat erakusten dute. Irudi oso latzak.
Hipotesi nagusiaren arabera, klima-aldaketak ahuldutako glaziar baten kolapsoak eragin zuen hondamendia. Izotz masa handi bat mila metrotik gorako desnibelean amildu zen, eta lokatzez, harriz eta urez osatutako oldea sortu zuen. Zazpi minutuan 20 kilometro egin zituen, hainbat herri eta azpiegitura suntsituz.
Beste uholde baten arriskuak erreskate-lanak baldintzatzen jarraitzen du. Lur-jausiak Lhende ibaia oztopatu eta presa natural bat sortu du. Hesiaren atzean bi milioi metro kubiko ur inguru pilatu dira, eta bat-batean hautsiz gero, Bhote Koshi ibaiak berriro gainezka egin lezake.
Arriskuaren aurrean, Tibeteko hainbat herri husten hasi dira eta Nepalgo agintariek ibaiertzeko biztanleei neurriak hartzeko eskatu diete. Ia 13.300 lagun ari dira erreskate-lanetan, eta 1.500 pertsona baino gehiago atera dituzte bizirik.
Aurreikus al zitekeen?
Aurreikus al daitezke Nepalen gertatutako hondamendien antzekoak? Galdera hori airean dabil egunotan. Adituek adierazi dutenez, lur-jauziak, elur-jauziak eta glaziarren kolapsoak bezalako arriskuak ezin dira guztiz saihestu, baina posible da haien inpaktuak murriztea.
Gero eta alerta goiztiarreko sistema gehiago instalatzen ari dira haran zaurgarrietan eta aintzira glaziarren inguruan. Sistema hauek inguruneko baldintzen aldaketak monitoriza ditzakete eta ebakuazioak burutzeko denbora baliotsua eman dezakete.
Nuwakoteko familia batek BBCri kontatu dionez, ibaian gora dagoen eremu batetik dei bat jaso zuen eta ihes egiteko 15 minutu besterik ez zituen izan. Kideetako baten arabera, zaila izan zen bizilagunak arriskuaren larritasunaz konbentzitzea, ez baitzen ari euririk egiten.


