Isidro Esnaola
Ekonomia politikoko ikerlaria / Investigador de economía política

Eskalada

Aste honetan idatzi behar nuen udako polemikaz: “The Economist” aldizkariaren artikulu batek Daron Acemoglu Ekonomiako Nobel sariduna kritikatu du, adimen artifizialaren inguruan duen iritzi kritikoagatik. Funtsean, aldizkariak gogorarazi dio sari ospetsuak bere «eragin intelektuala» statu quo-a defendatzeko erabil dezan ematen direla. Baina, bat-batean, asteartean Ameriketako Estatu Batuetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentraleko zuzendari John Ratcliffe Moskura joan zen, Ukrainak independentzia ospatu eta biharamunean. Arreta eman dit berriak. Ratcliffek ordu batzuk besterik ez zituen eman Errusiako hiriburuan. Gobernuko iturriek bakarrik baieztatu zuten Vladimir Putinekin ez zela bildu; zerbitzu sekretuetara egindako bisita omen zen.

Hortik aurrera espekulazioak hasi dira. “Wall Street Journal”-ek esan zuen estatubatuarrek Errusian balizko mobilizazio baterako prestakuntza mugimenduak erregistratu dituztela, baita NATOren determinazioa probatzeko planak ere. “The Guardian”-ek preso truke baten inguruan kokatu du bisita. Beste batzuek bake itun berri bat negoziatzera joan zela esan dute. Eta badira bisita Ameriketako Estatu Batuek Irani ezarri nahi dizkion zigorrekin lotu dutenak ere. Tira, era guztietako espekulazioak. Kazetari errusiar batzuek diotenez, agian ez da Moskura negoziatzera joan, giroa haztatzera baizik. Eta, beharbada, ez daude oker.

Izan ere, ia oharkabean, testuingurua asko aldatu da. Gerrako belatzek Anchorageko akordioa errailetik ateratzea lortu dute, eta badirudi uneotan inor ez dela ezer negoziatzen ari. Gainera, Volodymyr Zelenskyk eta bere aliatu europarrek berrogei egunean Errusia negoziatzera esertzeko zuten planak &dle;-petrolio-findegi, gasolindegi eta logistikari egindako erasoen bidez herritarrak haserrearaziz-, ez dirudi emaitzarik izan duenik. Hala ere, Alexander Stubb Finlandiako presidenteak astelehenean esan zuen Errusiako atzegoardian azpiegitura zibilei eraso egitea zela bidea. Erasook gerra krimena izateak ez du bereziki kezkatzen. Andy Burnham Britainia Handiko lehen ministroak Scalp misila egiteko planoak entregatuko zituela agindu zuen astelehenean. Horrez gain, Ameriketako Estatu Batuetako goi-kargudunek harro aldarrikatzen dute ukrainar misilak gidatzeko datuak ematen ari direla; armak fabrikatzeko Ukrainako partaidetza duten enpresa mistoak ere ugaritzen ari dira Europa osoan...

Eskalada horrek Pandoraren kutxa ireki du. Moskutik modu simetrikoan erantzuten ari dira. Errusiak sistematikoki egin die eraso Itsaso Beltzeko portu guztiei, itsas trafikoa ia eten egin da; orain lurreko mugako pasabideei eraso egiten ari da; gasolindegiak, tren-makinak, biltegiak, munizio-biltegiak, drone-fabrikak eta beste leherrarazi eta erre ditu. Gainera, Putinek argi ohartarazi zion Londresi: Errusiako ontzi bat itsasoan harrapatuz gero, britainiar ontzi bat harrapatuko dute. Eta azkena da zurrumurruak daudela Errusiak Estoniari eraso egin nahi diola. Ziurrenik horren itzulpena honakoa da: Errusiak aditzera eman duela Ukrainako droneak eraitsiko dituela, nahiz eta Estoniako aire-espazioan egon.

Egungo eskalada testuingurua ikusita, ez dago oso argi non geratzen diren marra gorriak. Horregatik, logikoa dirudi CIAko zuzendariak egoera aurrez aurre egiaztatzea erabaki izana. Baliteke errusiarrei ohartarazi izana NATOko herri bati eraso egiteak erabateko gerra ekarriko lukeela; eta litekeena da errusiarrek esan izana, Iranek argi utzi duen bezala, hirugarren herriek Errusiaren aurkako erasoak ahalbidetzen badituzte, konplize bihurtzen direla eta Errusiak horren arabera jokatuko duela; kasu horretan, NATOk ikusi beharko duela zer egiten duen. Mezua jasota, John Ratcliffe etxera bueltatu zen.

Mendebaldeko komunikabideetan, ohikoa den bezala, eskaladaren dimentsioa txikiagotu egin da, baina asteartean beste bisitari ospetsu bat iritsi zen Moskura: Paul Richard Gallagher, Vatikanoko Nazioarteko Erakunde eta Estatuekiko Harremanetarako idazkaria. Badirudi Vatikanoan ere kezkatuta daudela eskaladarekin. •