Miomak: ohiko arazoa, askotan isilean

Emakume askok ez dute inoiz miomen berririk izaten, sintomarik eragiten ez dietelako. Beste askorentzat, ordea, hileko oso ugariak, pelbiseko presioa edo mina egunerokoaren parte bihurtzen dira. Umetokiko miomak emakumeengan gehien agertzen diren tumore onberak dira, eta gehienetan ez dute osasunerako arrisku larririk ekartzen. Hala ere, bizi kalitatean eragin handia izan dezakete.
Mioma, edo umetokiko fibroma, umetokiko muskulu ehunean garatzen den tumore onbera da. Ez da minbizia, eta oso gutxitan bihurtzen da gaizto. Tamaina eta kopuru askotakoak izan daitezke: hazi baten neurrikoak batzuetan, edo zenbait zentimetrotakoak beste batzuetan. Halaber, umetokiaren barrualdean, paretan edo kanpoaldean haz daitezke, eta kokapen horrek baldintzatzen ditu sintomak. Kausa zehatza ez da ezagutzen, baina badakigu estrogenoek eta progesteronak haien hazkundean eragina dutela. Horregatik, ugalketa adinean agertzen dira maizago, eta menopausiaren ondoren txikitzeko joera dute. Mioma askok ez dute sintomarik eragiten eta kasualitatez aurkitzen dira azterketa ginekologikoetan. Beste batzuetan, ordea, ager daitezke odoljario menstrual oso handiak, hileko luzeak, pelbiseko mina edo presio sentsazioa, pixa sarri egin beharra, idorreria edo harreman sexualetan mina. Zenbait emakumeren kasuan, ugalkortasunean ere eragin dezakete, baina hori ez da gertatzen mioma guztiekin.
Tratamendua sintomen, miomaren tamainaren, kokapenaren eta emakumearen adinaren edo haurdun geratzeko asmoaren arabera erabakitzen da. Kasu askotan nahikoa izaten da udenoterapia (kontrol mediko hutsa, alegia). Beste batzuetan botikak erabiltzen dira sintomak arintzeko, eta batzuetan kirurgia beharrezkoa izan daiteke, mioma soilik kentzeko edo, kasurik konplexuenetan, umetoki osoa (histerektomia). Fisioterapiak ez du mioma desagerrarazten, baina laguntza handia eman dezake sintomak arintzeko eta, batez ere, ebakuntza aurretik nahiz ondoren emakumearen errekuperazioa hobetzeko. Hori dela eta, gero eta ohikoagoa da fisioterapeuta aurkitzea diziplina anitzeko taldeetan.
Kirurgia aurretik, ehunak prestatzea eta sabelaren, gerriaren eta zoru pelbikoaren funtzionamendua doitzea izango da fisioterapiaren helburua. Ebakuntzaren ondoren, berriz, mina kontrolatzea, orbainaren mugikortasuna hobetzea eta ehunen atxikidurak prebenitzea bilatuko dugu. Horrez gain, sabelaldeko eta zoru pelbikoko muskuluen indarra eta koordinazioa berreskuratzeko ariketa terapeutikoa erabil dezakegu, pelbisaren egonkortasuna eta eguneroko jardueretarako gaitasuna berreskuratu ahal izateko. Beharrezkoa denean, eskuzko terapia, orbainaren tratamendua eta pazientearen egoerara egokitutako ariketa progresiboak erabiltzea ere badaukagu. Bistan denez, zoru pelbikoko beste arazoetan bezala, eguneroko keinuetan presio abdominala kudeatzen ikastea garrantzitsua izango da, hala nola eztula egitean, pisuak altxatzean edo kaka egiterakoan. Horrekin zoru pelbikoaren gainkarga saihestuko dugu, eta gernu ihesak, pelbiseko mina edo bestelako disfuntzioak prebenitu.
Miomak oso ohikoak dira, baina ez dute beti tratamendu bera behar. Sintomak daudenean, lehen ikustaldia egiteko ginekologoarengana jo behar da, eta gainontzeko osagile guztiok harekin koordinazioan jardun beharko dugu, errekuperazioa bizkortzeko, konplikazioak murrizteko eta emakumearen bizi kalitatea hobetzeko. •




