Nerea Goti
Kazetaria

Tradizioa berreskuratzeko herri ekimen batetik munduko hiri mahastien mapara

Herri ekimen batek UVA hiri mahastien sarean kokatu du Portugalete, eta Gurdibide mahasti komunitarioari mundu mailako proiekzioa eman dio. Landaketa gazteak herriko tradizio zaharretik edan du, eta bidean lursail degradatu bat eraldatu eta hiri paisaian txertatu du, memoria ariketa ederrarekin.

Portugaleteko mahatsondoak erakusten.
Portugaleteko mahatsondoak erakusten. (Mikel Martinez de Trespuentes | FOKU)

Iragan ekainetik, Urban Vineyards Association (UVA) izeneko nazioarteko hiri mahastien sarearen partaide da Portugalete. Harrigarria egin daiteke lehen kolpe batean, baina historiak beste gauza bat dio. Izan ere, herriko memoria berreskuratu nahi duen proiektu herritar batek eraman du Ezkerraldeko herria nazioarteko foro horretara.

Mundu mailan, hiri mahastien oso proiektu ezberdinak biltzen dituen sarea da UVA, balio zehatz batzuen inguruan ardazten dena. Labur azalduta, landa-kultura, historia eta paisaia-ondarea berreskuratzea dute helburu, eta ikuspegi kultural eta turistikotik komunitateari begiratzen dioten eta ingurumenaren zaintzan txertatuta dauden egitasmoak babesten dituzte. Bete beharreko baldintza horiek kontuan edukita, Portugaletek, merezimendu osoz, lortu du talde fin horretara batzea, eta, hala, besteak beste, Turin, Melbourne, Lisboa eta Bergamoko hiri mahastien ondoan ageri da.

“Gurdibide Vineyard” izenpean agertzen da proiektua UVAren webgunean, eta bere aurkezpenean, garai batean portura zihoan bide historikoaren izena hartu duela jaso dute ere. Izan ere, mahastia sortu duten ingurutik idiek tiratutako gurdiak bajatzen ziren burdin minerala portura eramateko. Eta ez da edozelako aipamena, garrantzizko bideak baitziren horiek, neurri zehatz batzuk izan behar zituztenak, gure protagonistek azaldu dutenez.

Mahasti gaztea da Gurdibidekoa -2021ean hasi zen landaketa-, baina historia luze, zahar eta mamitsuan errotu dute egitasmo kooperatiboa.

Santa Maria basilikaren ondoko lursail batean kokatuta, itsasadarrari begiratzen dion hegal batean dago Gurdibide. Handik Bizkaiko zubia ikus daiteke, Rialia museoa, Areeta itsasadarraren beste aldean… Inguru degradatua izan zen urte luzeetan, ekimen herritar bat mahasti forma ematen hasi zen arte, eta kideek ordu pilo bat sartu dute hura behar bezala egokitzen, zaintzen… Hiriaren sorreraren 700. urteurrenaren prestaketaren testuinguruan hasi zen dena.

Irudian, Carlos Pujana, Luis Colina eta Fernan Rueda, Gurdibide mahastian. Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU

Portugaleteren eta txakolinaren arteko harreman zahar horretara itzuli da egitasmoa. Horrekin lotutako detaile esanguratsu bat dago: gaztelaniaz portugaletetarrak izendatzeko jarrillero/a izena erabiltzen da. «Jarrilla, txakolina zerbitzatzeko erabiltzen ziren pitxerrak ziren, Portugalete mahastiz eta txakolinez beteta zegoelako», azaldu dute Portugaleteko mahastizainek.

«Ekimen hau sortu zen hiriaren 700. urteurrenaren ospakizunen inguruan. Asmoa zen tradizioa berreskuratzea, herrian ez delako mahastirik geratzen. Udalarekin hitz egin genuen eta lursail hau utzi zigun. Mahastia landatu genuen, baina hasieran apaingarri gisa izan zen, herrian hain garrantzitsua izan zen jarduera hura gogoratzeko. Zer gertatu zen? 2023an mahatsak eman zituztela, eta orduan mahats bilketa egin behar izan genuela», gogoratu du Luis Colinak. Ondoan Carlos Pujana eta Fernan Rueda ditu. Portugaleteko Mahastizainak elkarteko kideak dira hirurak, beste lagun askorekin batera. Bozeramaile gisa aritu dira GAUR8rekin solasean, auzolanean eraikitako proiektua azaltzeko. Memoria gorde eta ilusioa piztu duen ekimen xume bat jaio dela diote, kimuak eman dituena ikuspuntu ugaritatik begiratuta.

Komunitatearekin elkarlanean egindako ahalegin baten emaitza da. Izan ere, lehenengo mahasti adaxkak loreontzietan banatu ziren, jendeak etxean zaindu zitzan landaketa egin arte. Ekimen horrek herritarren inplikazioa azaleratu zuen. «Jendeak etxean gordetzen zituen, eta landareen argazkiak bidaltzen zizkigun», kontatu dute mahastizainek, urrats xume batek eragin zuen ilusio kolektiboa nabarmentzeko.

Abentura horretan, txakolinak herriko historian izan duen pisuan sakondu dute. Kontatu dutenez, Portugaleten mahasti asko egon zen, baita txakolindegiak ere. Izen horrekin ezagutzen ziren, hain zuzen, Bilbo eta inguruko herrietan, aire librean askotan, jatekoa eman eta txakolina zerbitzatzen zuten garagardotegien antzerako tabernak.

Colinak aipatu du Industria Iraultzarekin zerikusia duen zerbait dela. «Lantegiak zeuden tokian landa eremua ere bazegoen, eta han txakolina eta txakolindegiak. Garai hartan klase berriak sortu ziren... Langile batek ordu libreak izatea gauza berria zen, lehen ez zen hori existitzen, eta aisialdi orduetan zer egiten zuten? Txakolindegira joan. Sortzen zihoazen aisialdi forma berriak ziren, eta txakolindegia oso berezia zen, zeren bertan lantegiaren jabea egon zitekeen, eta ondoan, lantegiko behargina jaten edo kartetan jokatzen, baina hori ez zen beste toki batzuetan gertatzen, non klase sozialak fisikoki bereizita zeuden, txakolindegietan ez».

Txakolina eta txakolindegiekin lotutako aipamen ugari topatu dituzte artxibo zaharretan. Portugaleten aurkitutako lehen aipamena 1322. urtekoa da, Maria Diaz de Harok hiriari emandako hiri gutunean jasoa. «Errotak, lursailak... eta mahastiak» aipatzen dira agiri horretan.

Portugaleteko Mahastizainak elkarteko kideak mahastia bisitariei erakusten. Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU

EMAKUMEEN ROLAK

Ehundik gora aipamen topatu dituzte jarduerarekin lotuta, eta horien artean, sei ordenamendu gordetzen direla diote; zaharrena, 1459koa. Udal araudiak dira eta artikuluen %10 inguru txakolinarekin lotuta daude. Oroitu dutenez, txakolinaren prezioa zehazten dute, mahats bilketa zein egunetan egin behar zen... eta mahastizainez ere hitz egiten dute. «Badago araudi bitxi bat, hornikuntza eta prezioen kontrola ezartzen zuena. Kontuan hartu garai hartan Portugaleten hiru kale zirela eta gainontzekoa baserriak eta mahastiak zirela, elizatik beherakoa eta portua, oso garrantzitsua zena», zehaztu dute elkarteko kideek.

Irudia osatzeko, Portugaletek daukan itsas tradizioa ere nabarmendu dute: «Gaztelaren portua izan zen urte askoan, dozenaka urtez aritu zen artilea bezalako lehengai inportantea Rotterdamera-eta esportatzen, eta horrek adierazten ditu hiriak zeuzkan harreman komertzialak. Pentsa, zenbat jenderen, itsasontziren, joan-etorriak zeuden... Izan ere, ezagutzen dugun lehen mahastizaina Holandako Juan delako bat da. Flandriako tipo bat etorri zen hona mahastizain aritzeko, 1500eko martxoan».

Aztarna historikoen artean, agiri «oso bitxi» bat aipatu dute, portuan zegoen indarkeriari buruzkoa. Horren atzean bi arrazoi aipatu dituzte: «Bat atoaje edo emanaje-ra joaten zen jendearekin lotuta zegoen. Hemen hareazko barra bat zegoen; orduan itsasontziak kareztatu egiten ziren. Liskar handienak itsasontzira iristen zen lehen txalupa izateagatik gertatzen ziren, lehena heltzen zena zelako itsasontzira igotzen zena eta kobratzen zuena barra zeharkatzen laguntzeagatik. Marinelen artean ziren liskarrak, lehenengo iristen zen txalupa izateagatik».

Beste motibo bat ere bazegoen, kasu honetan Portugaleteko emakumeen rolekin lotua. «Hemen, itsasoan zeuden gizon asko, eta Portugaleten historiak dio emakumeek sorrarazten zituztela liskarrak, garaian existitzen ez zen rol bat hartzen zutelako. Gizona kanpoan zegoen, nabigatzen, merkataritzan edo gerran. Hitzaldi batean azaldu zuten hau zela emakumeek negozioak egiten zituzten herri bakanetako bat, erosi eta saldu egiten baitzuten, garai hartan oso ezohikoa zena. Erlijioarentzat bekataria zen emakumea; Justiziarentzat, jarduteko gaitasun gabea, eta erakundeentzat gatazka sozialen iturri… baina, egiatan, eskulan merkea zen, begira bestela zirgariek zer lan egiten zuten, itsasontziak sakonera handiko tokietatik tiraka eramaten», azaldu dute portugaletetarrek.

Herriko historialari batek dokumentatu du 1800. urteko 40ko hamarkadaren inguruan agertu zirela jarrilla deituriko pitxerrak Portugaleten. Txakolindegien gainbehera hamarkada batzuetan izandako izurriteek ekarri zutela gogoratu dute: «Lehena oidioarena izan zen, Londresetik sartu eta berehala zabaldu zena. Euskal Herrian, oso gogorra izan zen, mahasti asko desagertu ziren eta emigrazio handia izan zen Hego Amerikara. Beranduago deskubrituko zen horren tratamendua, baina ordurako uzta asko galdu ziren eta ekoizpenak erakargarri izateari utzi zion», kontatu dute. Horri aurre egiteko, mahasti amerikarrak ekarri zituzten, baina horiek mahats zorriarekin (Daktulosphaira vitifoliae) heldu ziren.

«Horrek sekulako inpaktua izan zuen Europa osoan eta hemen txakolina ia desagertu egin zen. Aurkitu zuten irtenbidea izan zen mahasti amerikarrak ekartzea eta bertoko barietatearen txertoak jartzea, eta beste izurrite bat heldu zen: mildiua edo gorrina. Hiru izurrite 50 urte inguruan». Horri beste faktore bat erantsi behar zaio, trenbidearen iritsiera. «Merkantziak arinago mugitzen hasi ziren, eta ardo gozoak hasi ziren heltzen», azaldu dute portugaletetarrek. Paisaia ere aldatzen joan zela erantsi dute, industria hasi baitzen ezartzen ibaiaren ondoko lur emankorretan, baserrietako jendea, baserria utzita, industrian lan egitera joaten zen... Hala, txakolina desagertzen joan zen. «Foruen abolizioa izan zen beste kolpeetako bat.», kontatu dutenez. «Euskal Herrian txakolinak bizirik mantentzea miraria da, normalena duela 100 urte desagertzea izango bailitzateke, baina, hala ere, ekoizpena mantendu zuen jendea egon zen», gehitu dute.

Portugaleten bertan mahastien aztarna batzuk geratzen dira herriaren goialdean, Repelegan, Buenavistan edota Azetan -azken hori izan zen azkena urbanizatzen-. Proiektuan, antzinako mahastien aldaxkak berreskuratzen saiatu izan dira, erabiltzen ziren mahats mota ezberdinen inguruko informazioa biltzen. Hala, mahastian barietate batzuk bildu dituzte, horiek guztiak nolabait babesteko eta erakusgai izateko asmoz, mahastiari erabilera didaktikoa ematea baita asmoa, ikasleen bisitak erakartzeko.

Laster, berriro helduko da mahats bilketa garaia, eta aurten, gainera, uzta handi bat espero dute. Lana eta ospakizuna uztartuko dituen hitzordua izango dela aurreratu dute. Ez da lehena, eta, dagoeneko, Portugaleten jasotako txakolina botilatu ere egin dute, “Portugaleteko Mahastizainak” etiketarekin. Argitu dutenez, uzta ez dute salgai jartzen. «Kontsumitu dezakegu, baina merkaturatu ez. Urteko ardo zuria da, ez gaude Bizkaiko Txakolina jatorrizko izendapenean oraindik, baina egoteko asmoa daukagu, tramitazioaren urrats bat falta zaigu», argitu dute mahastizainek.

UVAk urrian egingo duen biltzarrari begira ere badaude. Nazioarteko sare horren parte izateak zein ate zabaltzen dizkien galdetuta, argitu dute mahastiaren hobekuntza izango dela ondorioetako bat, erakundeen laguntzarekin egingo dena. Egitasmoak irabazi duen ikusgarritasuna da beste bat, «Taiwaneko telebistan agertzea baino ez zaigu falta», diote txantxetan. Hirugarrena turismoaren ikuspegitik Portugaletek helmuga gisa irabaziko duen oihartzun erantsia da. UVAn egoteak, gaineratu dutenez, Hiri Mahastien Munduko Mapan kokatuko du Portugalete, eta garrantzi handia dauka, ospe handiko argitalpen ikusgarria baita urte bukaeran argitaratuko dutena.

Era berean, Bartzelonan izango den biltzarrak zabaldu dituen espektatibak azpimarratu dituzte, «hiriak humanizatzea eta hiriak edertzea» jorratuko diren gaien artean baitaude. Bitartean, herrian jasotako uztarekin lotuta, Txakolifest jaia ere egiten dute Portugaleten, upeltegiak eta herriko mahastizainak eurek protagonistak dituen hitzordua, tradizioa, etnologiaren kultura... beste geltoki bat, zabaldu, erakutsi eta partekatzeko bide horretan.

Botilatutako Portugaleteko txakolina. Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU

Bokazio didaktikoa duen egitasmoa, lanordu askokoa eta alderdi sozial nabarmena duena

Gurdibiden, mahastiaren inguruko lanek psikologo orduak kentzen dituztela diote txantxetan. Azken urteetan sartu dituzten lanordu piloaz ari dira, etengabeko lana eskatzen duelako eta zeregin ezberdina: «Bakoitzaren aukeren, gustuen edo prestasunaren arabera banatzen ditugu lanak». Bestelako zerbait dago auzolanean eraiki duten proiektuaren inguruan: ilusio erantsi bat eta komunitateak egitasmoa bere egiteko ahalegin zuzen bat. Informazio historikoa bildu, aldaxkak lortu, landatu, mahasti bilketa egin, UVA elkarteko kide izateko prozesua garatu... Orain UVAko kide izateak ematen duen proiekzioaren babesarekin, egitasmoari forma eman nahi diote proiektua era ederrago batean txertatzeko paisaian. Hala, paisaia-proiektu bat egin nahi dute, adituen laguntzarekin. «Esertzeko eta txakolin bat hartzeko espazio bat sortzea da asmoa, eta inguruari erabilera didaktikoa ematea, mahastiarekin eta historiarekin lotutako informazioa eskaintzeko. «Hemen, egunean zehar, jendea gora eta behera ibiltzen da, lanean ikusten gaituzte, galdetzen digute zelan doan, gomendio bat ematen digute… hau etengabeko elkarrizketa bat da, beste istorio eta beste sinergia batzuk eragin dituena, elkarreragin handia dago».