Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Afganistango «genero apartheida», gero eta agerikoagoa eta larriagoa

Igaro berri den abuztuan bete dira bost urte Afganistanen talibanak boterea hartu zutenetik, eta urterik urte giza eskubideen galera gero eta handiagoa da. Talibanen erregimena emakumeak lehendik pairatzen ari ziren «genero apartheida» muturrera eramaten ari da.

Afganistaneko emakume bat, etxe atarian.
Afganistaneko emakume bat, etxe atarian. (Saifurahman SAFI | EUROPA PRESS)

Bost urte bete dira Afganistanen Talibanek boterea berriro hartu zutenetik. Krisi ekonomiko eta humanitarioa areagotzen ari da urtetik urtera Nazio Batuen Erakundeak adierazi duenez, eta, batez ere, «genero apartheid» bat gertatzen ari dela azpimarratu dute. Era berean, «diskriminazioa instituzionalizatzen» ari dela salatu dute, talibanek, boterera iritsi zirenetik, emakumeen eskubideak murrizteko ehun dekretu baino gehiago onartu baitituzte.

Abuztuan bete berri den bosgarren urteurrenak zeresana eman du. Batetik, talibanen ospakizunek Kabulgo kaleak hartu zituzten. Loya Jirga auditoriumean, zeremonia jendetsu batean, talibanen erregimeneko goi kargudunak bildu ziren, eta nabarmendu zuten «lege islamiarrean oinarritutako agintaldia» izaten ari dela.

«Azken bost urteetan, munduko herrialdeak bi taldetan bana ditzakegu. Talde batekoak Afganistango Emirerri Islamikoarekin harremana dutenak dira. Herrialde horiek etekina atera zuten eta irabaziak lortu zituzten», esan zuen hitzaldian Amir Khan Muttaqi Afganistango diplomaziaren buruak. Eta, era berean, «beste herrialdeak» ere seinalatu zituen: «Harremanik izan ez duten herrialdeek esan behako lukete horrekin zer lortu duten, zer onura lortu dituzten, eta zer emaitza ekarri dituzten politika negatiboek. Beren politikak berriro aztertu beharko lituzkete eta lankidetza politika baterantz aurrera egin».

2021eko botere hartzea «AEBk eta NATOk sistema ez islamiar eta mendebaldar bat inposatu nahi zutelako izan zen», argudiatu zuen Noor Mohammad Saqib Gai Erlijiosoetarako ministroak. Bere esanetan, esku hartzea «Mendebaldetik ekarritako ereduen inposaketaren aurkako erresistentziaren eta sozialismoa edo demokrazia liberala bezalako ideologien arbuioaren froga izan zen». Era berean, talibanek Afganistango lurraldea «edozein okupazio, eraso edo segurtasun gabeziatik betiko babestuko» dutela hitzeman zuten, «jendeak bakeaz eta segurtasunaz goza dezan xariaren babespean».

Auditoriumaren barnean giza eskubideen aurkako sistema bat bultzatu eta babesten dutenen hitzaldiak zeuden bitartean, kanpoan, «ospakizunek» herrialdeko kaleak hartu zituzten, erregimenaren bandera zuria zeramaten “Ranger” motako ibilgailuekin, eta airetik, helikoptero flota batek milaka lore jaurti zituen, Afganistango kupulak «Garaipenaren Eguna» deitzen duena irudikatzeko.

«GENERO APARTHEIDA»

Urteurrenaren harira, bost urtean okerrera egin duten giza eskubideen urraketen berri ere eman da. Nazio Batuen Erakundeak, testuinguru horretan, salatu duenez, 10,7 milioi emakumek baino gehiagok behar dute laguntza Afganistanen, «talibanak agintera itzuli eta bost urtera egoerak okerrera egiten jarraitzen baitu».

Nazioarteko komunitateak nabarmendu du «emakumeen eskubideen arloko munduko krisirik larriena normalizatzeko arriskua» dagoela eta talibanek emakumeen eta neskatoen aurkako «diskriminazioa instituzionalizatzeko» ehun dekretu baino gehiago onetsi dituztela 2021eko abuztutik. «Talibanek emakumeen eskubideak murriztu dituzte hezkuntzan, enpleguan, osasun arretan, mugitzeko askatasunean eta justiziarako sarbidean».

Haur afganiar bat ikasten. (Muzamel AZIZI / UNICEF)

Diskriminazio handia ari dira jasaten emakumeak eta eskubideen aldeko elkarteek gaineratu dute «emakumeak bizitza publikotik desagertzen» ari direla. NBEk argitaratutako txostenak, bestetik, buru osasunaren okertzeaz ohartarazten du: hamar emakumetik zazpik «egoera txarra edo oso txarra» dutela diote.

Nazio Batuen Erakundeak eta nazioarteko beste hainbat eragilek egoera hori «genero apartheida» dela salatu dute, eta ohartarazi dute, lasaitu beharrean, murrizketak areagotzen ari direla: «Bien bitartean, ondoko herrialdeetatik nahitaez itzuli beharrak presio handiagoa eragiten du berez kalteberak diren komunitateetan». Georgette Gagnon NBEren Afganistanerako ordezkari berezi laguntzaileak ekaineko Segurtasun Kontseiluaren bilkuran salaketa argia egin zuen. Kontatu zuen neska afganiarren «belaunaldi galdu bat» dagoela egun; herritarren ia erdiek laguntza behar dutela eta, inguruko herrialdeek bultzatuta, milioika herritar ari direla itzultzen Ekialde Hurbileko tentsioengatik eta Pakistango gatazkagatik.

HEZKUNTZARAKO DEBEKUA

Hezkuntzarako sarbiderik eza. Hori da emakume afganiarren beste debeku handietako bat, beraien aldarri nagusietako bat ere bihurtu dena jada. Neskek bigarren hezkuntzatik kanpo jarraitzen dute, eta, NBEren arabera, horrela jarraituz gero, «Afganistanek 25.000 irakasle eta osasun arloko langile galdu ditzake 2030era bitarte, eta horrek are gehiago larriagotuko ditu herrialdeko hezkuntza eta osasun krisiak».

2021eko abuztuan, agintari talibanek murrizketa zorrotzak ezarri zituzten eskolara nor joan daitekeen eta zein baldintzapean zehazteko. Eta herrialdeak itxita ditu oraindik neskentzako eta emakumeentzako gelak. Bigarren hezkuntzarako eta unibertsitaterako sarbidea ukatzen dien munduko herrialde bakarra da eta nazioarteko erakundeek hori ez ahaztea eskatzen dute. 2,4 milioi gazte afganiar dira bigarren hezkuntzarik gabe daudenak duela bost urtetik.

2025ean baino 200.000 neska gehiagori eragin die debekuak 2026an, eta aurrera begira are larriagoa izan daiteke datua Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen txosten baten arabera: «Debekuak bere horretan jarraitzen badu, hemendik 2030era bitartean lau milioi neskari kendu ahal izango zaie ikasteko eskubidea».

«Afganistango emakumeek eta neskek ikasteko eskubidea dute: oinarrizko giza eskubidea da. Lan egiteko eskubidea dute. Mugitzeko askatasuna izan behar dute, lagunduta edo zainduta egotera behartuta egon gabe, eta beren komunitateetan debekurik jasan behar izan gabe», adierazi zuen Hoda Jaberian larrialdi egoeretan hezteko programen koordinatzaileak prentsaurreko batean.

Afganistango emakumeen eskubideen alde Bartzelonan egindako mobilizazio bat. (Lorena SOPENA / EUROPA PRESS)

«Unescok berriro gaitzesten ditu emakumeen eta neskatoen aurkako diskriminazioak, eta hezkuntzarako eskubidea berehala eta baldintzarik gabe berrezartzeko eskatzen du», gaineratu zuen Jaberianek, eta «munduari beste aldera ez begiratzeko» eskatu zion. Izan ere, agintari batzuek «aldi baterako debekua» dela esaten badute ere, herritarrek badakite jada lau urte baino gehiago iraun duela debekuak eta ez dutela kentzeko itxurarik. Era berean, hezkuntzarako sarbidea mutilei ere pixkanaka urratzen ari zaie Unescoren arabera. Lehen hezkuntzako eskolara joateko adinean dauden haurren erdiak baino gehiago hezkuntza sistematik kanpo daude erabat, eta hamar urteko haurren %90ek baino gehiagok ez daki testu erraz bat irakurtzen.

Zenbait gizon kalera atera izan dira «denontzako hezkuntza» eskatu eta defendatzera, baina protesta horietan atxilotu egin dituzte, eta, ondorioz, salaketaren mugimenduan aktibo jarraitzea oso zaila ari dela izaten kontatu dute.

Unescok adierazi duenez, debeku horien iraupenak 9.600 milioi dolarreko diru sarreren galera metatua ekar dezake hemendik 2066ra, eta, erakundearen ustez, hori are larriagoa da krisi ekonomiko sakona bizi duen herrialde batentzat.

ALABENTZAKO KONPONBIDE BILA

Hezkuntzarako sarbidea debekatzeko, agintariek lege islamiarra aplikatzen dutela arrazoitzen dute, baina musulman praktikanteek uko egiten diote justifikazio erlijioso horri: «Koranean ez duzu inoiz aurkituko hezkuntza gizonentzat gordeta dagoela». NBE Emakumeak erakundeak 2025ean egindako inkesta baten arabera, hiriguneetako gizon afganiarren %95ek eta landa eremuetako %87k garrantzitsutzat jotzen dute neskek bigarren hezkuntza jaso ahal izatea.

AFPk hainbat guraso afganiar elkarrizketatu ditu, eta «etsipena» da sentitzen dutena, beren alaba nerabeentzako «konponbide» bila dabiltzalako talibanen Gobernuak haiek hezkuntzatik kanpo utzi ondoren. Beren anonimotasuna bermatu nahi dutenez, elkarrizketatuen izenak asmatuak dira.

Ahmadek 40 urte ditu eta erbestea da egun ikusten duen aukera posibleena, ingeniaria da bera eta bere bikotekidea matematikako irakaslea, «ez nuen inoiz imajinatuko gure alabak analfabetoak izango zirenik, XXI. mendean lehen hezkuntza bakarrik izatea ia analfabetoa izatea da». Erbestera jo nahi dute. Bisak eskatu dituzte Suediara, Danimarkara edo Alemaniara joateko, baina alferrik. Europako herrialdeek emakumeei ezarritako murrizketak salatzen badituzte ere, afganiarrei oso bisa gutxi ematen dizkiete, eta, kontatu duenez, beraien aukera bakarra «ezkutuko bidaia arriskutsuak» egitea da.

AEBra joateko bisa bat bide onetik zihoan Donald Trump presidenteak eskaera guztiak izoztu zituen arte, eta alabek egunero galdetzen omen diote «noiz egingo dugu alde?». Haurrek ikas dezaten bestelako bideak ere pentsatu dituzte, baina beraiek dakitela iparraldeko hirian ez dago eskola klandestinorik eta online ikastaroak garestiak dira.

Emakume afganiarrak Kabuleko merkatuan. (Antonin BURAT / EUROPA PRESS)

Klandestinitatea da Mohammedek, bere bi alabentzat (12 eta 14 urte) egindako hautua. Argia da aitaren ikuspegia: «Emakumeak behar ditugu herrialdearen garapenerako, ez etxean bakarrik». Eta bide horretan aurrera egiteko aukerak pentsatzen hasi zen. Senide batzuekin Pakistanera bidaltzea pentsatu zuen lehendabizi, baina ezinezkoa izan zen muga blokeatuta dagoelako. Irakasleak etxean kontratatzea izan zen bigarren aukera, baina garestiegia. Itxaropen izpi batekin egin zuen topo orduan: ezagun batek modu klandestinoan erlijio programez gain gai orokorrak irakasten dituen eskola bati buruz hitz egin zion, «eskola pribatua, 10.000 afgani inguru (150 dolarren bueltan) hilean bi ikaslerentzat». Ikastetxeak ohartarazten du ez duela titulurik ematen, eta arriskua dagoela agintariek ikuskapena egiten badute, «baina garrantzitsuena ikasten jarraitzea da», ondorioztatu du.

MADRASETAKO IRAKASKUNTZA

M.-k 32 urte ditu eta 13 urteko alaba bat eta bi seme ditu. «Ustelkeriaren aurkako borrokagatik eta segurtasuna berrezartzeagatik» agintari talibanak goraipatzen dituen arren, ez du «inolako justifikazio onargarririk» topatzen emakumeei hezkuntzarako sarbidea ukatzeko. «Gainera, neskek ez dute parkeetara paseatzera joateko eskubiderik; oso estresagarria da hori», dio aitak, eta ahal duen guztietan alaba ateratzeko, astean behin jatetxera eramaten duela aitortu du. Etxean ikasteko irakasle bat ezin du ordaindu, eta Iranera joaten saiatu zen, baina gerrak bere plana suntsitu zuela kontatu du. Orduan inskribatu zuen madrasa batean, «hartu-eman sozialak izan ditzan». Madrasa lehen hezkuntzako adinetik gora dauden neskatoak har ditzakeen zentro koranikoa da. Duela gutxi nerabeak ez duela joan nahi esan zion aitari. «Jarraitzen badut ere, ez dago inolako etorkizunik niretzat», izan ziren alabaren hitzak.

Eskolara ezin joanda, diziplina izan da Nassirren familiaren ekiteko modua. Bi neskaren (12 eta 15 urte) eta mutiko baten aita da. Berak eta bere emazteak, irakaslea denak, bigarren hezkuntzako liburuak eskuratu dituzte, eta alabei etxean ikasten laguntzen diete. Kontatu dute ezin izan dutela online ikastaro eskuragarririk topatu eta madrasetako irakaskuntza ez datorrela bat beren balioekin. Era horretan ikasten jarraitu ahal izan badute ere, alaba txikiena oso triste dagoela azaldu du, eta batzuetan ez duela «bakarrik ikasten jarraitzeko indarrik» esaten diola; irakurtzea maite duenez, eleberriak irakurriz arintzen omen du hutsunea umeak. Hala ere, argi du Nassirrek: «Erregimen honek ez du jende hezirik nahi; noiz itzuliko gara bizitza normal batera?».