Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Erosketa orga

Zerbait erosteko jada ez dugu dendara joan beharrik. Gurasoei maiz entzun diet errieta tonuan behatza burua baino azkarrago doakigula mugikorra eskuetan dugunean, eta, jakina, klik bakarrarekin, hain beharrezko ez zenuen eta segundo horretan horrenbeste desiratzen zenuen hori, kontu korrontean zenbaki gorrixka bihurtzen da. Gustuko duzun edozerekin orgatxoa betetzen joan zaitezke aste osoan zehar, eta ostiraleko neke eta bizi grinarekin klik, «merezi dut hainbeste».

Eguneroko erosketak ere egin daitezke jada online bidez; ez duzu tomatea ukitu beharrik afarirako edo pare bat egun beranduagorako den sumatu eta horren arabera erosi edo ez erabakitzeko, argazkian beti da garaikoa eta beti dago puntuan. Webguneetan «gehitu orgara» sakatzen dugu, baina badira bestelako erosketa orgak ere. Erosketa orga “klasikoagoak”, bi edota lau gurpil izaten dituztenak. Kolore eta estanpatu guztietakoak daude jada, kremailerarekin edota belkroarekin irekitzen direnak. Jende helduarekin lotzen ditut orga horiek, zehatzagoak izate aldera, “señorekin”. Fruta eta barazkiak barazki dendetan erosten dituztenak, haragia harategian, xaboia drogerian eta erosketa bakoitza modu jakin batean gordetzearen teknika garatua dutenak. Denda batetik bestera bidean bizilagunekin solasean geratzen direnekin ere lotzen ditut -barkatu bizitza pausatu, lasai eta herrikoia erromantizatzea, oporren beharraren ajea izango da hori ere-. Supermerkatura doazen gazteak ere ikusten ditut telazko orgekin, jasangarritasunaren kontzientziadun. Erosotasuna izan daiteke, hautu politikoa edo estetikoa, baina asko esan nahi du darabilzun orgak.

Uda honetan, ordea, erosketa orgak “arriskutsu” bihurtu dira Donostian. Erosketa orga eramateak “susmagarri” bihurtu ditu herritarrak, eta Udaltzaingoak identifikatu ere egin ditu. Jon Insausti Donostiako alkate berriak uztailean debekatu zituen Kaleko Afari Solidarioak, eta, ondorioz, kale egoeran bizi diren 300 pertsona baino gehiago otordurik gabe geratu ziren. Alkateak martxan jarriko zituen hainbat baliabideren inguruan hitz egin zuen, baina horien esperoan daudenek kontatzen dute beraien eskuetara ez dela ez baliabiderik ez jakirik iritsi.

Egoera jasangaitza ikusita, hainbat boluntariok lanean jarraitu dute kale egoeran daudenei janaria banatzen, «afaltzea ez baita delitua». Baina horrelako zerbait izango da Donostiako Udaltzaingoarentzat, janaria banatzen ari ziren herritarrak identifikatu baitituzte udaltzainek, eta isuna jasotzeko mehatxua ere egin baitiete. Harrera Sareko boluntarioek kontatu dute janaria eramaten dutela klaseetara, eta horregatik lau kide identifikatu dituztela ere salatu dute: «Klaseetara etortzen direnek egun osoa ematen dute ezer jan gabe eta, afariak debekatu dituztenetik, elikatzeko inolako aukerarik gabe geratu dira. Sabela hutsik izanda ezinezkoa da ikastea, kontzentratzea eta klaseetan behar bezala parte hartzea».

«Espazio publikoa okupatzeagatik» isuna jartzeko mehatxua ere jaso zuten, eta horregatik erabaki zuten abuztuko ostegun arratsalde batez erosketa orgak hartu eta Donostiako Parte Zaharreko kaleetan paseoan aritzea, «afaltzea ez baita delitua». Elkartasunak ere ez luke izan beharko.

Hauteskunde giroaz eta kalkulu elektoralez hitz egiten dute batzuek. Ikusiko da hautetsontziak nola betetzen diren udaberrian, baina argi dagoena da zein motatako orgak diren ongi etorriak Donostian. Turisten edo funts putreen maletei alfonbra gorria jartzen zaien bitartean, herritarren erosketa orgak “arriskutsuak” dira.•