KARLOS IBARGUREN Medikuntzan doktorea. Gaixo kritikoen zaintzan espezialista.

Herioak, oin zauliak. Edo ez hain zaluak?

Lezok 2016an jarri zuen martxan desfibriladoreak udaltzainen autoetan eramateko programa.
Lezok 2016an jarri zuen martxan desfibriladoreak udaltzainen autoetan eramateko programa. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Nork ez du noizbait hilezkortasunean pentsatu? Nork ez du sekula heriori iskin egitearekin amets egin? Bakarren batzuek, pentsatze hutsaz gain, alferrikako saiakerak ere egin dituzte. Hutsalak, noski. Zu non, herio han. Hori horrela izanik ere, batzuetan azkarregi eta ezustean iristen da heriotza. Patologiarik ez duen pertsona gaztea bat-batean hiltzen da. Bihotz geldialdia esaten diogun hori, 70 bat aldiz gertatzen da hilabetean Euskal Autonomia Erkidegoan. Urtean 850 bat aldiz saiatzen gara profesionalak ospitalez kanpo bihotz geldialdia izan duen pertsona berpizten. Lortu, aldiz, gutxitan lortu ohi dugu. Ospitaletik bizirik, ospitalez kanpoko geldialdi bat izan duten pertsonen %10 irten ohi dira. Ekidinezinak dira herioren oin zauliak edo zaluak. Ala ez?

“Crónica de una muerte anunciada” eleberrian, Garcia Marquezek erakusten du patu saihetsezinaren indarra ez dela etorkizuna aurrez idatzita egotea bakarrik, baizik eta gizarte oso batek tragedia bat gertatzen uztea. Benetan al zen ekidinezina Santiago Nasarren heriotza? Benetan al dira saihetsezin ospitalez kanpoko geldialdi baten ondorioz ematen diren heriotza guztiak? Ezin al du gizarteak Vicherio anaien konplize izateari utzi eta geldialdien emaitzak hobetzeko antolatu? Baiezkoa da erantzuna, noski! Badaude jada antolatu eta geldialdiei modu organizatuan aurre egiten dieten gizarteak. Danimarka eta Europa Iparraldeko beste estatu batzuk aspaldian hasi ziren etxerako lanak egiten eta emaitzak hobetu dituzte. Gurean, aldiz, etxerako lanak zain ditugu. Geroratzen dugun zeregin bakoitzak ondorioak dituenez, bakoitzak gure ardurak hartzeko unea da. Une onena aspaldi izan bazen ere, bigarren onena gaur dela onartu eta eredu diren estatuek eman dituzten pausuak abiatzea dagokigu.

Zailak al dira, ordea, pausu horiek? Ikerketa sakonak egin behar al genituzke pausuak diseinatu eta ezartzeko? Garestiak al dira? Ezezkoa da galdera horien guztien erantzuna. Global Resuscitation Alliance taldeak hamar pausu proposatu zituen duela jada hamar bat urte. Proposamen horietatik abiatuta eman beharko genituzke pausuak Euskal Autonomia Erkidegoan. Sakontasun eta zehaztasun gehiegizkoetan galdu gabe, hona lanerako lerro nagusiak:

• Lehenik, geldialdiaren lekukoak egoera antzeman behar du eta azkar deitu behar du 112 telefonora. Hemen eman dituzte pausu esanguratsuak eredu diren estatuek. Ikastetxeetan prestakuntza aspaldi sartu zutenez, bertako lekukoak ahaldunduta daude, geldialdia azkar antzematen dute eta berpiztea hasten dute profesionalak iritsi aurretik. Garunak lesio atzeraezinak izateko oxigenorik gabeko bost minutu nahiko izan ditzakeela kontuan izanik, lan ildo geroraezina da hori. Herritarren prestakuntza bereziki interesgarria izan daiteke anbulantzia zerbitzutik urrun geratzen diren herri eta auzoetan. Anbulantzia medikalizatua 20 minutuan iritsiko ez den guneetan, bizilagunak ahaldunduko dituen tokiko proiektuak landu beharko lirateke. Osakidetzak badu ildo horretan lagundu dezakeen aspaldian diseinatutako eta azkenaldian artagabe zaharkitzen utzitako aplikazioa. Teknologia berriak izan daitezke ahalduntze hori erraztuko duten aukera.

• Bigarren lerroa berpiztearen kalitatea hobetzea izango litzateke. Larrialdietan, erakunde sanitario integratuen koordinazio zentroetan, geldialdia azkar antzeman beharko litzateke eta lekukoari berpizte egokia egiteko laguntza eman beharko litzaioke. Erraztasun teknologikoak ezarri beharko lirateke koordinazio zentrotik geldialdia eman den puntutik gertuen dagoen desfibriladorea azkar mugitu ahal izateko. Herri askotako udaltzainek desfibriladorea duten arren, beraien herrian ematen den geldialdi baten aurrean aktibazioa ez da beti modu automatikoan ematen. Larrialdietan, Osakidetzaren zentro koordinatzaileak zailtasunak ditu geldialdia artatzen ari diren udaltzainekin, ertzainekin edo suhiltzaileekin hitz egin eta laguntza sanitarioa emateko.

• Hirugarren pausua desfibrilazio goiztiarra errazteko neurriak ezartzea litzateke. Badugu Euskal Autonomia Erkidegoan desfibrilazioa aisatzen duen dekretu bat. Pertsona asko biltzen den guneetan (aireportu, zentro komertzial, futbol zelai) desfibriladorea derrigorrezko dela dio. Aitzitik, geldialdien %70 norberaren etxean ematen direnez, etxadietan desfibriladoreak ezartzeko erraztasunak eman beharko lirateke. Desfibriladoreak ugaritu eta teknologia berrien bidez, geldialdiari auzolanean erantzungo dion bizilagun sare ahaldundu bat sortu. Larrialdi bati erantzun diezaiokeen edozein profesionalek, izan ertzain, udaltzain edo suhiltzaile, desfibriladore bat erabiltzen jakin beharko luke eta desfibriladore bat eraman beharko luke autoan.

• Laugarrena berezko zirkulaziora itzuli diren gaixoen ospitaleko arta bikaintasunez ematea da. Ospitaleek diziplina anitzeko profesionalak koordinatuko dituzten protokoloak behar dituzte. Ospitalez kanpo erabili diren desfibriladoreek erregistratutako erritmoak modu automatikoan jaso behar ditu ospitaleak.

• Azkenik prozesuaren koordinazioa dago. Lidergoa markatuko duen lantaldea. Estrategia diseinatu eta gauzatuko du, parte hartzaileen koordinazioa ziurtatuko du, errekurtso ekonomikoak esleituko ditu, dekretua eguneratuko du, kasuen erregistroa egoki egiten dela ziurtatuko du, ebaluazioaz arduratuko da eta emaitzak publiko egingo ditu. Kataluniak aspaldi sortu zuen funtzio hori bete dezakeen kontseilua: Consell Català de Ressuscitació. Noizko Bihotz Berpizterako Euskal Kontseilua?

Ohikoak dira lehen sorospenen ikastaroak, baina oraindik ere lan asko dago egiteko. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

BESTE BIDE BATZUK URRATZEN

Bikaintasunaren bideak Osasun Sailaren lidergoa eskatzen du, zehazki Plangintza eta Digitalizazioko Zuzendaritzaren gidaritza. Ez da konplexua baina ez da erraza. Bizitzak salbatzeko sistema epe luzerako plangintza bat da. Aldaketak pausuz pausu datoz. Emaitzak ikusteko denbora beharko da. Hori da, akaso, etxerako lanak hasi ez izanaren arrazoia? Onartu behar dut estrategia horrek emaitza gutxi emango dituela legealdi bakarrean. Desfibriladoreak ere beste erakunde batzuek jarriko dituztenez, Osasun Sailak ezer gutxi izango du inauguratzeko. Lan asko eta etekin politiko gutxi? Demagun lan horrek guztiak pertsona baten bizitza salbatzen duela. Ez da prentsan nabarmenduko den eta errenta politiko handia emango duen emaitza, baina ez du merezi? Familiarentzat eta bereziki geldialdia jasan duen pertsonarentzat, biziraupena %100ekoa da. Nire uste apalean, balekotik oso gorako emaitza.

Ardura osoa ez da Osasun Sailarena, ordea. Zenbait eragile ari da lanean. Zenbait instituzio, hasi da, estrategia bateraturik gabe, intuizioz pausu interesgarriak ematen. Horrela, gure herrietan bihotz-biriketako berpizterako prestakuntza saioak antolatzen dira, bizilagunek etxadietan desfibriladoreak jartzen dituzte, zenbait udalek desfibriladoreak jarri dituzte udaltzainen autoetan edo kalean. Udal bakar batzuek, boluntarioz osatutako suspertzaile sareak osatzeko pausuak eman dituzte. Suspertzaile horien inguruan geldialdi bat emango balitz, telefonoan mezu bat jasoko lukete geldialdia non gertatu den zehaztuz. Zenbait ikastetxek, Hezkuntza Sailaren laguntzarik edo koordinaziorik gabe, prestakuntza egitasmo interesgarriak jarri dituzte martxan.

Ez da hori bide egokiena. Ez da hori bide eraginkorrena. Bidezidorrik ez dagoen estrategia batean, ordea, bidea bada. Bihotzera lidergoaren indarrez iristeko unea izan daiteke. Zein emaitza lortuko genuke lidergorik ez dagoen Euskal Autonomia Erkidegoan lidergoa udalek hartuko balute? Zein emaitza udalek Tokiko Berpizterako Kontseilua eratuko balute?