Hobe makulu bat

Lanera bidean, Donostiako Hilton sareko hotel berriaren aurretik igarotzen naiz ia egunero, lehen Arte Ederren eraikina zenaren aurretik, alegia. Obraren azken txanpa eta zerbitzuaren hasiera ikusteko aukera izan dut. Gainera, lanak oraindik erdibidean zeudela, eskolak antolatutako bisita batean ere joan ginen hara duela urtebete baino gehiago.
Ez naiz hasiko jatorrizko eraikinean egindako aldaketen balio estetikoa edota berrikuntza prozesuan egin omen diren lege hausteak aztertzen, ezta kritikatzen ere; ez zaizkit intereseko gaiak. Donostiako hiri osoan zein Euskal Herriko bazter anitzetan zehar egin diren eta egiten ari diren antzeko proiektuen atzean dagoen filosofiarekin dut arazoa. Berdin dio zein herritan egin den, zer eraikin mota den eta sustatzailea pribatua ala publikoa den; problema orokorra da, eta guztiona da erruaren parte bat.
Esango nuke ohikoa bihurtzen ari dela eraikin historikoak barrutik hustu eta berreraikitzea, fatxada (gehienbat) zegoen bezala utziz. Antzerkietan kartoizko atrezzoek duten rola hartzen du etxe-aurreak hirian; dekoratu bat besterik ez da. Jokabide hori tristea dela deritzot, baina, tira, hutsegitea izanik ere, gutxienez, zerbait mantentzen da berezkotik. Arte Ederren eraikinaren eta tren geltoki nagusiaren kasuak beste maila batekoak dira. Oraingo honetan, ez da, nolabait esateko, azala utzita tripak atera eta berriak sartzea; “hilketa” bat gauzatu, gorpua lurperatu eta, haren ordez, “txotxongilo” bat jarri da.
Irakurri ahal izan dudanaren arabera, eraikina eraisteko arrazoia aurri egoeran zegoela izan omen da. Hala izan bada, agian, bidezkoagoa zen ganoraz mantentzea?
John Ruskin arkitekto britainiarrak zioen ezinezkoa dela eraikin bat bere sortzezko egoerara itzularaztea. Izan ere, jatorrizko artisau eta harginen “arima”, esku hartzea eta testuinguru historikoa ezin dira berregin. Hori imitatzen edo antzeratzen saiatzea gezur historiko bat gauzatzea, zertzea, dela uste zuen.
Hori gutxi balitz, Ruskinen arabera, monumentu historikoak ez dira gaur egungo jabeenak, iraganekoen ondarea eta etorkizuneko belaunaldientzako lekukotza baizik. «Zenbatu haren harriak koroa bateko harribitxiak balira bezala; jarri zaindariak haren inguruan, setiatutako hiri bateko ateetan baleude bezala; lotu burdinaz, askatzen den tokian; eutsi zurez, ahultzen den lekuan; ez arduratu laguntzaren itsuskeriaz: hobe da makulu bat, galdutako gorputz adar bat baino; eta egin ezazu hori samurtasunez, errespetuz eta etenik gabe, eta belaunaldi ugari jaioko eta igaroko dira oraindik haren itzalpean». Alegia, hobe da gaitzak garaiz sendatzea, fundamentuz edo lardaskeriaz, heriotza baino.
Haren burutazio gehienekin ez nator bat, baina meritua onartu behar zaio britainiarrari. Meritua, bi mende ondoren, bere adierazpenak lezio edo irakaspen zaizkigulako egungo egoeran. Hau baldarkeria gurea, badirudielako berrehun urtean ez dugula ezer ikasi eta Britainiatik eman behar digutelako eskarmentu.
Eraikin baten «hilketa» gauza larria bada, hainbeste urtez Donostian kulturaren faro izan dena hotel bihurtzea haren hilobiaren gainean dantzan hastea da.
Interes gutxikoak zaizkit zein izan den saldu duen jabea, obraren kargu egon diren arkitekto eta eraikitzaileak, nor izan den eraldaketa egin den bitartean agintean egon den buruzagia. Arte Ederren eraikina guztion artean “hil” dugu.
Hildakoak ezin dira berpiztu, bakean utzi behar direla esan ohi da, are gehiago, guk geuk “hil” baditugu. Orduan, orain zer? Onar dezagun egindako akatsa eta, kosta ahala kosta, ez diezaiegun utzi hiltzen gure lagunei beste behin. Ezer ez egitea “hilketaren” konplize izatea da.
Ordu guztiek dute eraikina kolpatzen. Azkenak du hilobira igortzen. •

«Gaur egun bezeroetako askok ez dute enpatiarik lanean dagoen jendearekiko»
«Cringe»-a eman gabe
Ohea egitearena

Portugaleteko txakolina; herri ekimen batetik munduko hiri mahastien mapara

