GAUR8

Euskararen erabilera neurtuko dute Galdakaon Santakurtzetan

Galdakaoko Udalak, Bagabiz Euskara Elkarteak eta ‘Binke’-k elkarlanean bultzatzen duten Hauspotu ekimenaren barruan, euskararen erabilera neurtuko duen ariketa errepikatuko dute bihar bertan abiatuko dira Santakurtzetan. Herritarrek ere parte ahal izango dute behaketan. 

Txupinazoa Galdakaon, artxiboko irudian.
Txupinazoa Galdakaon, artxiboko irudian. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Azken bi urteetan egindako lanari jarraipena emanez, Galdakaoko Santakurtzetan, euskararen erabilera aztertuko dute Hauspotu ekimenaren barruan. Hala, aurten ere jaietako hainbat egoera eta ekintzatan euskararen erabilerari buruzko informazioa jasoko da, eta, ondoren, bildutako datuak aztertu eta txosten batean bilduko dira.

Galdakaoko Udaletik jakinarazi dutenez, aurten, berrikuntza gisa, herritarrek ere parte hartu ahal izango dute behaketa lanean, orain arte Hauspotuko kideek egindako lanari beren ekarpena gehituz.

Behaketan parte hartu nahi duten herritarrei aurtengo proposamenaren nondik norakoak eta parte hartzeko modua azaltzeko informazio saioa egin dute egunotan.  

Galdakaoko Udalak, Bagabiz Euskara Elkarteak eta ‘Binke’-k elkarlanean bultzatutako ekimena da Hauspotu. 2023aren amaieran sortu zen, Galdakaon herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen laguntzeko, euskararen aitortza indartzeko eta euskararen erabilera sustatzeko. Horretarako, besteak beste, hizkuntza eskubideekin lotutako kexak, kontsultak, iradokizunak eta esker onak jasotzen eta bideratzen ditu.

Era berean, herriko hainbat jarduera eta ekitalditan hizkuntzen erabilera aztertzea bere jardunaren parte da. Kasu honetan, santakurtzetako behaketaren bidez, jai giroan euskararen erabilerak duen presentzia hobeto ezagutzeko datuak bilduko dira, eta informazioak euskararen erabilera sustatzeko etorkizuneko ekimenak lantzeko balioko du.