Hautsarena

Pinporta txiki batzuk ziren. «Hautsa izango da», pentsatu nuen. Eta, halako batean, pinportetako bat mugitzen ari zela konturatu nintzen. Akaroak ziren. Galleta zahar baten hondarrak azaldu ziren apalaren hondo-hondoko zoko ezkutu batean, lizunak erabat janda. Eta lizunaren inguruan, akaroak. Gauza batzuk begiratu gabe ikusten dira. Baina badira begiratu ondoren soilik ikusten direnak ere. Eta begira-begira jarrita, akaroak ikusten hasi nintzen bazter guztietan. Armiarma-sareak, hautsa, ile solteak, hosto birrinduen arrastoak, hondartzako area. Nondik atera ote ziren galdetu nion nire buruari, non egon ziren iraila hasi arte. Xurgagailua piztu nuen, oka egin zuen arte pasa nuen. Ustez garbitu nuen dena. Baina, biharamunean, hauts pinporta bat ikusi nuen zokalo artean. Armiarma sare bat ate gainean. Berriz garbitu, etxetik irten, eta, itzulitakoan, berriz hantxe. Hautsa, leku guztietan.
Gainezka daukazu emaila. Lanean hasi aurretik garbitzea erabaki duzu. Oraindik logaletutako zure begiak garbiketa egin nahian hasi dira. Ekainean erantzun gabe utzitako mezuak dendetako eskaintzekin nahasten dira; hedabide baten informazioa eta spama. Goiz osoa pasa duzu garbitzen eta, halako batean, irakurri gabeko mezu bat azalduko zaizu, ekainean garrantzitsua zena baina irailean auskalo. Erantzun bat idazten hasi zara, baina, hiru hilabete igaro ondorengo erantzunak, erantzunak al dira oraindik? Denbora ere hautsa bezala pilatzen da gure harremanetan; lagun bat ikusi nahiko zenuke baina hautsa ikusten duzu.
Haurrak egokitzapenean, eskola atarian. Gurasoak begira. Auzotarrekin topo egingo duzu eskolara bidean. Halakoren antza daukala haurrak. «Zure antza dauka». Eta begiratuko diozu, eta zuretik zer daukan galdetuko diozu zure buruari. «Zure ispilu bat da», esango dizute. Bera ez, zu zara ispilua. Nahi gabe ere erakusten duzu ahaztuta zeneukana. Izan zinen haur hura, bere beldur eta korapiloekin, eskolara bidean. Mundua ezagutzeko grina, ikasteko gosea erakutsi nahiko zenuke ispilutik. Baina beste hura ere erakusten duzu batzuetan: beldurra, gorputz hezkuntzan zure estropezuari irri egin zioten goiz hartako lotsa. Hori ezkutatu egin nahiko zenuke, baina badakizu, esaten ez dizun arren, haurrak ikusi egiten duela, nabaritu egiten duela. Eta zu ibili zinen gela beretan ibiliko da, zuk igotzen zenituen eskailera berak igoko ditu. Berak ikasiko du oinez, baina zure pausora. Tarteka zure keinuren bat, zure beldurren bat ikusiko duzu beregan. Bizkarra alde batera okertzeko daukazun joera bera. Bizkarra noiztik okertzen duzun horrela galdetuko diozu izan zinen haur hari. Ze karga jarri zizuten sorbalda horretan. Baina hautsa pilatu zaie zure oroitzapenei.
Etxera itzulitakoan hautsak egin dizu diosala. Galleta apur batzuk eman dizkiezu akaroei afaltzeko.

AZTIk Kontxarako garatutako arrisku indizearen xehetasunak ezagutu ditugu

«Herri eraikuntza, herrigintza eta euskara dira benetan gure lurraldetasuna»

Antzerkizale Feministen Topaketa, batera egoteko eta gozatzeko zita irekia
Zer ez duten egingo, zer bai, eta zer egingo dugun

