Gutxi gorabehera, 120 urte beharko dira arrakala itxi eta parekidetasuna lortzeko
Hogei urte daramatzate Genero Arrakalaren Txosten Globala egiten. Urtero aurrerapausoak ematen badira ere, datuek diote hainbat urte beharko direla arrakala ixteko, eta ez dagoela parekidetasuna lortu duen herrialderik.

P itzadura batek eragiten du autoko kristala haustea, bretxa batek eragin dezake etxe baten pareta arriskuan jartzea, eta munduko genero arrakalak non ditu ondorioak? Kristalak eta paretak konpondu daitezke, itxi, baina genero arrakala itxi daiteke? Zenbat denbora beharko dugu helburua eskuratzeko?
Nolanahi ere, bere barruan ardatz asko dituen gaiak baditu erantzunak: genero arrakala itxi daiteke; horretarako, ordea, gutxi gorabehera 120 urte beharko ditu gaur egungo gizarteak.
Munduko Ekonomia Foroak 2006. urtetik aztertzen du gaia, eta urtero Genero Arrakalaren Txosten Globala argitaratzen du. Bertan, herrialdeetako datuak zein lanbide esparruak ikertzen dituzte arrakalaren egoera aztertzeko. Saadia Zahidi Munduko Ekonomia Foroko zuzendariak argi adierazi du txostenaren sarreran «aurrera egitea posible dela, baina ez dela ez automatikoa, ez behar bezain azkarra ere» eta «ekonomia bakar batek ere ez duela oraindik genero parekidetasun osoa lortu».
Azken hogei urteetan zehar neurketak egin dituzte etengabe txosten horretan, eta adierazi dute, aurrerapenak egon badira ere, horiek txikiak izan direla. Horretaz gain, Zahidik azpimarratu du gaur egun eraldaketa sakoneko beste aro baten atarian aurkitzen dela gizartea: «Ordena geoekonomiko aldakorrak, adimen artifizialaren agerpenak eta azkar aldatzen ari diren klimak eta energiek ekonomia, politika, lanpostuak, osasuna eta mugikortasun ekonomikorako bideak birmoldatzen dituzte».
Gauzak horrela, lanketak egiteko eta etorkizunean aldaketak egin ahal izateko, arestian aipatutakoak kontuan hartu beharreko ardatzak direla dio Zahidik. Aurrera begira ere jarri da Munduko Ekonomia Foroko zuzendaria, eta azaldu du irmoki sinesten duela -datuek diotena kontuan hartuta- pixkanaka arrakala ixten ari dela, eta, horrenbestez, etorkizun batean itxi daitekeela. «Hogei urtez aritu gara lanketa hau egiten, hurrengo hogei urteetan dugun lana arrakala hori azkarrago ixtea da», azpimarratu du, eta lanketak egitera bultzatu du gizartea bera.
Informazioari dagokionez, eskertuta adierazi du Zahidik, hogeigarren edizio honetarako, «pozik» daudela LinkedIn eta World Bank bazkideen «etengabeko lankidetzagatik eta ekarpenagatik». Horrez gain, lan taldeari ere eskerrak eman nahi izan dizkio «aurrerapausoak emateko ikerketak beharrezkoak direlako».
IKERKETARAKO LAGINAK
Azken bi hamarkadetan, Genero Arrakalaren Indize Globalak genero parekidetasunaren aldeko aurrerapausoak neurtu ditu lau dimentsiotan: parte hartze eta aukera ekonomikoak; hezkuntza lorpena; osasuna eta biziraupena; eta ahalduntze politikoa. Indizeak genero parekidetasunaren egungo egoeraren neurri koherentea eskaintzen jarraitzen du, baita genero arrakala ixteko ahalegin globalen epe luzeko bilakaera ere.
2026ko Genero Arrakalaren Txosten Globalak, hogeigarren edizio honetan, 145 ekonomia aztertu ditu oinarri gisa; era horretan, genero parekidetasunerantz egindako aurrerapenen ebaluazioa eskaintzeko. Herrialdeen arteko konparazioek ekonomiaren barruko indarguneei eta ahulguneei buruzko ikuspegia ematen dute; eta ekonomia gurutzatuen konparazioek, berriz, genero arrakalak ixteko politika eraginkorrenak zein diren identifikatzen laguntzen dute.

Txostenean aurrera eginez, uler daiteke ikerketaren lehen ediziotik hogei urte igarota, genero arrakala globalaren %69,2 dagoela itxita. Aurtengo zein iazko edizioetan sartutako ekonomien multzo etengabeari -herrialde berberak alderatzen dira- begiratuta, genero arrakala globala 0,4 puntu portzentual murriztu da 2026an. Hogei urteko kohortearen aurrerapen tasa kolektiboa kontuan hartuta, parekotasun globalera 120 urtean iritsiko da.
DATUAK ADIERAZGARRIAK DIRA
Herrialdeak eta hainbat ekonomia esparru aztertzerako garaian, urtez urte herrialdeen zerrenda argitaratzen da, eta adierazgarria da 2026an ez dagoela parekotasunera heldu den ekonomiarik. Gainera, aipagarria da hamazazpigarren urtez jarraian, Islandiak duela genero parekotasun mailarik handiena, %93koa, eta genero arrakala orokorraren %90 baino gehiago itxi duen ekonomia bakarra izaten jarraitzen du.
Aurten berdintasun langa are altuago dago: munduko hamar herrialde aitzindariek genero arrakalaren %81 baino gehiago itxi dute jada. Gainera, bai aurten bai historikoki, Europako herrialdeak dira berdintasun maila altuena dutenak eta zerrendako lehen postu gehienak betetzen dituztenak (lehen hamarretatik zazpi). Lehen postuan Islandia dago, %93ko parekotasunarekin, eta ondoren datoz Finlandia (%87,2, 2.a), Norvegia (%85,7, 3.a), Erresuma Batua (%84,2, 5.a), Suedia (%82,3, 7.a), Alemania (%81,7, 9.a) eta Irlanda (%81,4, 10.a). Lehen hamarrekoen zerrenda osatzen dute Namibiak (%84,5, 4.a) -Saharaz hegoaldeko ekonomia puntuagarriena-; Zeelanda Berria (%82,8, 6.a); eta Australia (%81,9, 8.a) zerrenda honetan lehen aldiz.
Estatu espainola eta Estatu frantsesa ez dira ageri zerrendako lehen hamar postuetan. Aurtengo zerrendan, hurrenez hurren, 12. postuan -%79,6ko parekidetasunarekin- eta 22. postuan -%77,9ko parekidetasunarekin- ageri dira.
Diru sarreren arabera aztertzerako orduan, sexuen arteko parekotasunaren batez besteko puntuazioa aldatu egiten dela ikus daiteke: %74,5eko parekidetasuna errenta handieneko ekonomietan neurtu da; %70,3koa, errenta ertain altuko ekonomietan; %66,3koa, errenta ertain txikiko ekonomietan; eta %65,8koa, errenta baxuko ekonomietan.
Bestalde, indizearen lau dimentsioetan, osasuna eta biziraupena (%96,2) eta hezkuntza lorpena (%96,9) dira parekidetasunetik gertuen dauden bi dimentsioak; eta parte hartze eta aukera ekonomikoa (%61,7) eta ahalduntze politikoa (%22,1) dira genero arrakalarik zabalena dutenak.
Azpiindizeen arabera, hogei edizioetan zehar, ahalduntze politikoak munduko genero parekotasunaren hobekuntzarik handiena izan du, parekotasun puntuazioa 8 puntu portzentual igo baita; ondoren, hezkuntza lorpena eta parte hartze eta aukera ekonomikoa ageri dira; eta osasuna eta biziraupena, funtsean, ez dira aldatu, 0,1 puntu portzentual jaitsi baitira (%96,3tik %96,2ra). Gaur egungo erritmoan, parekotasun osoa 194 urte barru lortuko dela kalkulatzen da ahalduntze politikoaren alorrean; 129 urte barru, parte hartze eta aukera ekonomikoaren alorrean; eta 8 urte barru, hezkuntza lorpenaren alorrean.
Horrenbestez, aldaketak pixkanaka gertatzen ari dira, baina, berdintasuna lortzeko, 120 urte edo gehiago itxaronez baino, politika berriekin eta elkarlanez emango dira aurrerapausoak.




