GAUR8

Mintzalaguna egitasmoan izena emateko epea ireki dute Donostian

Mintzalaguna egitasmoan parte hartzeko izen ematea ireki dute ostegun honetan bertan Donostian. Online eta Bagera elkartearen bulegoetan eman daiteke izena, hilaren 16ra arte. Euskaraz aritu eta hizkuntza praktikatzeko espazio horien garrantzia nabarmendu dute. 

Euskara praktikatzeko Mintzalaguna egitasmoan parte hartzeko izen ematea ireki dute Donostian.
Euskara praktikatzeko Mintzalaguna egitasmoan parte hartzeko izen ematea ireki dute Donostian. (Donostiako Udala)

Mintzalaguna egitasmoan parte hartu ahal izateko izen ematea zabaldu dute gaur, urriak 1, Donostian. Bagera elkartearen egoitzan (Hernani kalea, 15) edo www.bagera.eus webgunearen bidez egin ahal izango da, hilaren 16ra arte bulegoan eta 18ra arte online, Donostiako Udaletik jakinarazi dutenez.

Mintzalagunaren funtzionamendua oso sinplea da: euskara praktikatu nahi duen lagun talde bat haiekin astean ordubetez euskaraz aritzeko prest dagoen pertsona batekin elkartzen da. Mintzapraktika egitasmoen helburua,hain zuzen ere, euskaraz aritzeko guneak eskaintzea da.

Ikasturte osoa 30 euroren truke egin daiteke, Bagera elkarteak Donostiako Udalarekin duen hitzarmenari esker. Gipuzkoako hiriburuan 300dik gora lagunek parte hartzen dute, eta Euskal Herrian 8.000tik gora. Izen emate kanpaina abian da ‘Eman aukera elkarri’ lelopean.

Mintzalagunean euskara praktikatu nahi dutenek gutxienez B.1 maila gaindituta izan behar dute, eta taldeko laguntzaile izateko nahikoa da euskaraz aritzeko ohitura izatea, ez da titulurik behar eta norberaren hizkera nahiko da.

Kerman Orbegozo Pertsonak, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketa eta Euskarako zinegotzi ordezkariak Donostiako Udalak Bagera elkarteari proiektu hau aurrera eramateko eman dion babes ekonomikoa azpimarratu du.