GAUR8

Zebrabidea irratsaioko aurrerapenean Kerman Villateren kasua aipatu dugu

Gutxi falta da milagarren zenbakirako, baina larunbat honetan argitaratuko dugun 998.ak ere baditu hainbat gai mamitsu. Adibidez, Kerman Villateren gurasoen lana egiaren eta justiziaren bila.

Gutxi-asko, ziur jendea gogoratzen dela Kerman Villate gasteiztarraren heriotzarekin. 2025eko otsailaren 23an Gasteizko Mitika diskotekaren atarian hil zen. 31 urte zituen, diskotekara sartzeko zain zegoen eta bertako atezain batek masailezurrean emandako kolpe bortitz batek eragin zion heriotza.

Gertaera diskoteka baten atarian goizaldeko ordu txikitan jazo izanak, ordea, uste okerrak sor ditzake. Gertatu zena argitzeko, jendeak egia jakin dezan, eta epaitegietan zail dagoen justiziaren bila, Kermanen gurasoek hitzaldi batzuk emango dituzte herri desberdinetan. Lehenengoa Lasarte-Orian eman zuten, Borobilean elkarteak antolatuta, eta GAUR8k bertatik bertara jarraitu zuen.

«Osagai horiekin jende gehienak pentsatzen du liskar baten ondorio izan zela heriotza, gaueko giroko eztabaida bat, lurrera erori eta buruan hartutako kolpe txar bat... neronek ere agian hori pentsatuko nuen. Baina hori ez da gau hartan gertatu zena. Hemen gaude egia zabaltzeko, baina beste arrazoi bat ere badaukagu; salaketa bat egin nahi dugu. Salatu nahi dugu indar politiko, sozial eta judizialen sare ikusezinak daukan boterea eta inpunitatea», nabarmendu zuen hitzaldiari ekiteko Arantzazu Beitiak, Kermanen amak.

Kronika osoa irakurri nahi duenak larunbat honetan izango du aukera.