999garrena

GAUR8ren 999. alearen parte da irakurtzen ari zaren testu hau, hiru zenbaki izanen dituen azken alearena, alegia. Heldu den asteko 1.000 kandelek ospakizunerako aitzakia ederra emanen digute eta Errenteriako Lekuona Fabrikan plazer handiz bilduko gara urriaren 15eko ekitaldian. Hala ere, astero-astero zabaltzen dugun leiho honetatik beti sartzen zaigu haize-bolada freskoa, dena gogotik astindu eta etorri gisan alde egiten duena. Sobera aitzinatu gabe, beraz, eskuartean dugun ale honi erreparatu nahi diot bertan idazteko zortea izatearen pozez.

Ez naiz ni numerologiaz edo zenbakiologiaz aunitz dakiena, baina zenbaki hirukoitzak atentzioa eman dit. 999: hiru aldiz bederatzi. Ez da burutan hartzeko zaila, eta sarean kuxkuxeatzen aritu naiz zenbakien eta patuaren arteko harremana aztertzen duen diziplinak zer dion horri buruz. Aldaketaren seinalea omen da 999 zifra. Ziklo baten erabateko amaiera eta eraldaketa sakona adierazten omen ditu, haustura eta sorrera. Bederatzia oinarrizko zikloko azken zenbakia da, zerbait amaitzear dagoen iragarlea, eta hirukoiztuta bere indarra biderkatu egiten da. Ez du zertan galera bat islatu, funtsean, espazio berriei lekua uzteko beharrezko itxiera bat adierazten omen du. Aholku bat zegoen testuaren bukaeran: «Utzi joaten, ez heldu gehiago balio ez dizun horri eta sinetsi hasiera berri baterako bidea irekitzen ari dela».

Ez dakit zehazki zenbakiak kantitateak neurtzeko tresna huts moduan definitu, kosmosaren indarrak bideratzen dituzten energiak izan daitezkeela aipatu edo batzuetan zortea geure aldera erakartzeko erabiltzen ditugula idatzi. Bertzerik gabe, interesgarria iruditu zait 999. zenbakiak hori guztia islatzen duela uste duen jendea existitzen dela irakurtzea. Sinesmenak eta fedeak guregan duten funtzioa etorri zait gogora. Tresna sinbolikoak behar izaten ditugu maiz ziurgabetasunari aitzin egiteko, zenbakiak kasu. Zifra bati erranahi bat ematea edo zerbaiten iragarle eta adierazle dela sinestea ez ote da gure kontrol sentsazioa areagotzeko modu bat? Gure ekintzarako gaitasuna bermatzeko bide bat?

Etapa itxierak eta hasiera berriak. Ziurgabetasunaren aitzinean sinesmenetara jotzen dugu, kaosari neurria hartzen saiatzera. Badut istripuez babesteko kotxeko atzerako ispiluan erramu adarra zintzilika daraman lagun bat, edo obretako aldamioen azpitik pasatzea saihesten duen bertze bat. Ezagutzen dut udaberrian kukua aditzeko aukera suertatzen denerako sakelan beti sosa izaten duenik, baita lau hostoko hirusten bila arratsaldeak pasatzen dituenik ere. Azaleko arazoak izaten genituenean Igantzi eta Arantza arteko San Juan Xarrera joatea ona zela erraten ziguten, hiru iturrietako urarekin bustita sendatzen omen ziren gaitzak. Probatu izan dut noizbait, eta ogia beti buruz goiti jartzea beharrezkoa zen mahaietan bazkaldua naiz noizean behin.

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan lehendabiziko aldiz kantatuko dut aste honetan Gotaine-Irabarnen, eta nire ezinegona baretzeko gaur bazkalorduan amatxik zin egin dit larunbatean eguerditik ilunabarrera arte kandela bat piztuko didala zorte ona izan dezadan. Lasai egoteko, badituela ordu aunitz piztuta iraun dezaketen kandela handiak. Irribarrez erantzun diot baietz, eskertuko dudala. Urriaren 10ean da saioa, bederatziaren ondoko egunean hain justu. Iragandako etapak gibelean utzi eta espazio, aukera eta hasiera berriez gozatzeko prest egonen naiz, beraz! •