Zientziarako altxor bat iratze artean
Euskal Herrian badira jangarriak diren ohiko perretxikoak bilatzen dituzten pertsonez gain, onddoen mundua zientzialari begiz begiratzen dutenak ere. Horrela topatu zuen Ibai Olariaga mikologoak zientziarako berria zen espezie bat garo sail batean.

Katuka sartu da garo sailean eta lau hankatan ari da iratze peko lurzorua aztertzen. Inork ikusiko balu, burua galdu duela esango luke. Ibai Olariagak, ordea, ondo asko daki zertan ari den. Pedro Mari Pasabanek esanda hasi zen garopean sortzen den mundu bitxian zein onddo espezie hazten diren aztertzen. Ezusteko ederra hartu zuen.
Euskal Herriko garolekuak ikertzen, zientziarako berriak diren hiru onddo espezie aurkitu dituzte Ibaik eta bere ikerketa kideek azken urteetan; eta beste hainbat mehatxatu moduan katalogatu, Iberiar penintsulako onddoen liburu gorrian sartu berri dituztenak. Atera dezagun lupa eta beha dezagun iraila udazken begiekin: iratze artean perretxiko bila hasi gara.
Ordura arte sekula ez zitzaien bururatu, baina… Pedro Mari Pasabanek badu berezko sena onddo espezie bereziak bilatzeko begia inork jarriko ez lukeen tokian jarriz, eta Ibai Olariagari kontatu zion: garo sailen azpialdean perretxiko berezi batzuk aurkitu zituen. Eta hala hasi ziren Pedro Mari eta Ibai Euskal Herriko hainbat puntutako iratze tokiak aztertzen 2001ean. Eta hala iritsi ziren Berastegiko iraleku interesgarrira.
Sinetsi beharko didazue, nire begi hauekin ikusi dudalako Ibai Olariaga, mikologian doktorea eta unibertsitateko irakaslea, 2008 inguruan, Urumea bailarako Oindi mendiaren magaleko iniztor toki zabal batean makurtu eta iratzepean sartzen, ia arrastaka, garo hosto edo fronde artean galtzen. Ikusi dudalako garo sailetik ateratzen nik sekula ikusi gabeko perretxikoak eskuetan dituela eta laginak gordetzeko bere kaxatxoan sartzen. Eta ikusi dudalako, elkartu garen hurrena, esaten: «Iñaki, aurrekoan aurkitu nituen perretxikoak espezie bereziak dira. Mehatxatuak, batzuk: Porpolomopsis calyptriformis, Entoloma elodes, Gliophorus laetus, Hygrocybe cantharellus, Cuphopyllus flavipes eta Entoloma pallescens».
Agian, horrela, ulertuko duzu Euskal Herrian badirela jangarriak diren ohiko perretxikoak bilatzen dituzten pertsonez gain, onddoen mundua zientzialari begiz begiratzen dutenak ere. Aranzadi Zientzia Elkarteko Mikologia sailean badakite zerbait horri buruz.
Eta hala, horri esker, Olariagak zientziarako berria zen espezie bat aurkitu zuen garo sail batean. Alegia, ordura arte mundu osoan ezagutzen ez zen espezie bat deskribatu eta zientziari ezagutzera eman zion. Non eta Euskal Herrian. Noiz eta XXI. mendean. Zer lekutan eta… iratze toki batean. Zergatik hor, ordea?
GARO SAILEN BEREZITASUNA
Euskal Herri atlantikoan iratze tokiak edo garo sailak leku preziatuak izan dira herritarrentzat hainbat mendetan zehar, duela gutxi arte. Iratzea ukuiluan abereei azpiak egiteko ebaki izan da, eta, horien pixarekin eta gorotzarekin nahastuta, ongarria lortzen zen, ondoren baratzean edo soroan erabiliko zena, bertako ekoizpena handiagoa izan zedin. Beraz, garoa ezinbestekoa zen etxerako, eta, garoa izateko, mendian garolekuak sortu beharra zegoen. Eta hala, mendez mende, gizakiak iratze tokiak sortu ditu, bai baserritik gertu norbere lurretan, edota, udaletxeak bultzatuta, herri lurretan.

Era berean, alabaina, sorturiko iratze tokiak mantentzeko, iratzea urtero moztu beharra zegoen, bestela otea haziko baitzen. Eta gizakiak maneiatutako eta ustiaturiko garoleku horietan aurkitu dute hainbat onddo espeziek euren bizitokia. Orain arte, baina, ezkutuan izan dira, Aranzadiko mikologoek lupa atera zuten arte.
Olariagari galdetuta, garolekuek habitat moduan dituzten ezaugarriak azpimarratu ditu: ongarriztatu ez diren eremuak izanik, nitrogenotan pobreak izan ohi dira eta ez oso aberatsak mantenugaietan; oligotrofikoak dira. Era berean, leku hezeetan egon ohi dira, eta horrek guztiak, maiz, gizakiak sorturiko eta ustiaturiko iratze tokien azpialdean goroldioa, belarra eta soilduriko eremu txikiak egotea ekartzen du. Hala, onddoek mikrohabitat bereziak aurkitzen dituzte bertan. Beraz, onddo bereziak aurki daitezke iralekuen azpialdeetan.
HIRU ESPEZIE BERRI ZIENTZIARENTZAT
Biologo batek bizitzan duen ametsen artean, arruntenetan izango da zientziarentzat espezie berri bat deskubritzea. Halako kontuak, ordea, oso jende gutxiren esku daude, batetik, ezagutza handia behar delako, eta, bestetik, azken hamarkadetan, zientziaren aurrerapenei esker, espezie asko ezagutzen ditugulako eta gero eta zailagoa delako berriak aurkitzea. Badira oraindik biologiaren adar batzuk, ordea, ezusteko politak emateko aukera eskaintzen dutenak. Horien artean dago onddoen mundua: mikologia.
Dibertsitate handiko taldea izanik, horietako batzuk mikroskopioak izanda, gainera, eta orokorrean, jangarri/ez jangarri dikotomiatik ateratzen den mikologo kopurua handia ez denez, onddoen munduan asko dira ikertzeko dauden gaiak, eta asko, oraindik, Euskal Herriko onddoen munduan deskubritzekoak.
Gaiari buruzko lehenbiziko artikulua 2013an atera zuen Olariagak, Pasabanekin batera, Aranzadi Zientzia Elkarteak kaleratzen duen “Munibe” zientzia aldizkariaren 54. alean, hain zuzen ere. Bertan, “Hego Euskal Herrian ustiatutako garo-sailetan aurkitutako makromizetoak” izeneko artikulua publikatu zuten (euskaraz). Artikulu interesgarri horretan, garo sailetan 29 onddo taxon aurkitu izana adierazi zuten eta horien artean, 6 Iberiar penintsularako aipu berriak zirela, 7 gehiago EAErako, 6 Gipuzkoarako eta 12 Nafarroarako. Artikuluak agerian jarri zuen iratzelekuek mikologiaren ikuspuntutik duten interesa.

Urte batzuk geroago, 2015ean, Ibai Olariagak, Xabier Laskibarrek eta Jan Holec-ek Euskal Herriko iratze tokietan aurkitzen den espezie berri bati buruzko zientzia artikulua atera zuten “Mycological Progress” aldizkari zientifikoan. Bertan, Europako Tricholomopsis generoaren barruan espezie berri bat deskribatu zuten lehen aldiz: Tricholomopsis pteridicola. Bataiatzeko jarri zioten izen zientifikoak adierazten duen bezala, pteridicola, pteridofitoaren edo iratzearen zalea den onddoa da. Eta hain justu, hori zen generoko gainontzeko espezieetatik bereizten zuen ezaugarrietako bat. Besteak egur ustelaren zaleak ziren bitartean, hau iratzelekuetan agertzen zen, eta batzuetan mozturiko iratzeen zuztarrari lotuta. Hargatik, autoreek adierazi zuten historikoki iratzelekuak sortu izanak, Euskal Herrian espeziea zabaltzea ekarriko zuela, baina ikusi beharra zegoela leku gehiagotan ere ba ote zegoen. Azken hamar urteetan, ordea, ez da beste inon aurkitu. Euskal Herrikoa da, oraingoz, mundu mailan dagoen aipu bakarra.
Geroztik, 2016an lehenik, “Persoonia” aldizkarian, eta berriki, 2025ean, azkena, “Journal of Fungi” aldizkari zientifikoan, garo sailetan aurkituriko bi espezie berri deskribatu dituzte Olariagak eta ikerketa taldeko kideek: Clavaria violaceopulchra eta Clavaria griseobrunnea.
Hori aski ez, eta “Sociedad Ibérica de Micología” aldizkariak atera berri duen onddoen zerrenda gorrian, 50 espezieetatik herena iratzelekuetan aurkiturikoak dira. Horietako asko, Berastegiko garo sail batean, hain zuzen ere.
«ZER DA GARO SAIL BAT?»
Ibai Olariagak berak egoeraren berezitasuna bitxikeria batekin kontatzen du. Izan ere, azken urtean zerrenda gorria aurkezteko eman behar izan dituen hitzaldietan, Estatuko hainbat tokitan, zein Bizkaiko ezkerraldean, galdera bera egin diote amaieran: «Zer da garo sail bat?».
Garo sailak gizakiak sorturiko habitata dira eta Euskal Herri atlantikoaren kulturan oso barneratuta egon izan diren arren, beste leku askotan ez da hala izan; gainera, memoria kolektiboan eta paisaian jada galdu denez, habitat arrotza egiten zaie, baita hasiera batean ezagutuko zituztela pentsatzen zen pertsonei ere.
Mendeetan iratze tokiak Euskal Herri hezeko paisaiaren elementu oso garrantzitsu izan diren arren, azken hamarkadetan beherakada oso garrantzitsua izan duen habitata da. Izan ere, ongarri kimikoen etorrerak, iratzea ez moztea ekarri zuen, eta horrek, pixkanaka, garo sailak desagertzea. Horrez gain, azken urteetan udaletxe edo elkarte askok baso eremuak sustatzeko hainbat herritan iratzelekuak baso bihurtzeko hartu dituzten bideek ere ez dute asko lagundu beren kontserbazioan.

Europa mailan, alabaina, garo sailak identifikazio zenbaki bat duten habitatak dira, E5.31(X) zenbakiarekin katalogatuta. Bestalde, antropologiaren, historiaren eta paisaia arkeologiaren ikuspuntutik duten garrantzia ikusita, azken urteetan horien erabilerari eta herri lurretan izan duten inpaktuari buruzko ikerketa lanak egin dira. Horrek guztiak, ordea, ez du balio izan oraindik garo sailak kontserbatzeko beharra administraziora iristeko, eta hala, administrazioa bera da, leku askotan, garo sailak nahita kentzen ari dena, larre bihurtzeko edota basoa landatzeko.
Ibai Olariagaren ustetan, mikologikoki duten potentzialtasuna ikusita, Euskal Herrian une honetan oraindik ere mozten diren garo sailen kartografia bat egitea oso interesgarria litzateke, gutxienez diagnostiko bat egin eta zenbat ote dauden jakiteko. Horrek, are garrantzi handiagoa hartzen du, jakinda garo sailak Euskal Herrian izan duen indarra Europako eremu gutxitan izan duela.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Mikologia sailak Euskal Herriko garo sailetan egindako borondatezko ikerketek erakusten duten moduan, iratze artean altxor asko gordetzen dizkigu oraindik ere zientziak. Interesgarria litzateke, etorkizunera begira, ikerketa proiektu egonkor bat sortzea mikologoekin, batetik, oraindik ere gelditzen diren sailetan espezie berririk ote den jakiteko; baina, bestetik, nekazariekin eta administrazioarekin batera, Euskal Herri atlantikoan horren gureak ditugun garo sailak mantentzeko etorkizunera begira eman beharko liratekeen pausoak zeintzuk diren jakiteko ere. Zero kilometroko ongarririk nahi duzu baratzerako?

Egia Kermanentzat: bide judizialean itxaropen eskasa eta jendarteari kontatzeko behar larria

Gaur8k 1.000. zenbakia Errenterian ospatuko du, komunitatean
Morlans
