Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / Redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Elkarrizketa dantza

Asteari zeharka begiratzeko gomitari erantzunez, hamaika koloretako berinak osatzen dituen astekarian irakurleari kuku egitea egokitu zitzaidan denbora batez.

Klik azkarren garaian, sudur punta urrunago zuzendu eta haize berriaren seinaleak xerkatzeko aitzakia paregabea. Norberaren beharren arabera ondutako kontakizuna baino gehiago, ur sakonetan sartzeko bultzada bezala barneratu nuen orrialde zuriarekin astero libratu behar izan nuen lehia.

Distantzia harturik, gaur-gaurkoz irakurle gisara, irudia are eta argiagoa azaldu zait. Erdi Arotik heldu zaigun kontrapas dantzan bezala, mugimendu partekatu baten, urrats kolektibo bezain intimo baten partaide gisara irudikatzen dut ene burua, konpainia bereko kidetzat sentitzen ditudalako GAUR8ko garaiko eta gaurko zutabegileak.

Zuoi esker, arrotz nituen eremuetara luzatu dut begirada; zuen erruz, hori bai, jakin-gosea ezin baretu. Larunbat goizean, kafea hartu eta GAUR8 irakurtzeak leiho berria irekitzeko aukera eskaintzen du. Baina, kasu, kanpora begiratzeko baino gehiago, erosotasunetik eskapu egiteko akuilua bada.

Menturaz, gaurkoan beste modu batean beteko nuke asteari zeharka begiratzeko enkargu hura. Haatik, iragana eta geroaren arteko pasadizoak ez dira agerikoak. Eta, nahitaez, jauzia egiteak hartzen du balioa, elkarrizketa dantzan aritzeak.

Urteak eta zenbaki borobilak bizitza ospatzeko eginak daudelako, zorionekoak gu, GAUR8ko dantza troparekin batera, eskuz esku, kontrapasez gozatzeko parada ukan dugulako. Aunitz urtez! •